Berriak Lehendakaritza

Elisa Loncon Antileo aktibistak eta Txileko konbentzio konstituzionaleko presidente ohiak 2021eko giza eskubideen René Cassin saria jaso du

2022-01-19
  • Lehendakariak nabarmendu du demokrazia erregimen politiko bat baino askoz ere gehiago dela, “balioen sistema bat dela”
  • Saria banatzeko ekitaldian olerki bat irakurri dute, mapudungun hizkuntzan, maputxeen herriaren berezko hizkuntzan

Vitoria-Gasteiz, 2022/01/19

Elisa Loncon Antileok 2021eko René Cassin saria jaso du gaur, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak babestuta. Sari horren bidez, Eusko Jaurlaritzak irakasle, aktibista eta politikari txiletarrak giza eskubideen defentsan eginiko ibilbidea aintzatetsi nahi izan du.

Elisa Loncón, Txileko Konbentzio Konstituzionaleko presidente ohia, akademiko maputxea, hizkuntzalaria, aktibista eta politikaria da, eta, pasa den hilean, Financial Times-ek munduko itzal handieneko 25 emakumeen artean aintzatetsi du. Bere bizitza- eta lanbide-ibilbidea giza eskubideen defentsaren eta haiekiko konpromisoaren inguruan antolatu da, eta horregatik jaso du sari hau.

Sarituak akademiko-lanetan dihardu Santiago de Chileko Unibertsitateko Hezkuntza Sailean (USACH) eta kanpo-irakasle lanetan Txileko Pontifize Unibertsitate Katolikoan, eta Txileko Herri Indigenetako Hezkuntza eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Sarea koordinatzen du. Elisa Lonconen profilak bizitza osoan zehar balio batzuk defendatzeko orduan izandako iraunkortasuna eta dedikazioa ditu bereizgarri, eta, eremu akademikoan ez ezik, Txileko komunitate indigenekiko gizarte-lanean ere nabarmendu da.

Saria banatzeko ekitaldian, olerki bat irakurri dute, mapudungun hizkuntzan, maputxeen herriaren berezko hizkuntzan, eta Loncon doktoreak Txileko Konbentzio Konstituzionalean maitasunaren inguruan eman zuen diskurtsoaren zati bat entzun da. Horren harira, Urkullu Lehendakariak honako hau nabarmendu du: “maitasunak identitate, nazio, herri eta komunitate guztien aitorpen politikoa esan nahi du. Elkarrizketa politikoa, indarkeriarik eza, inposiziorik eza, guztion artean eta guztiontzako Estatu bat eraikitzea. Maitasunak aniztasunean eta justizia sozialean berdintasuna esan nahi du; itxaropena eta etorkizuna”.

“Demokrazia erregimen politiko bat baino askoz ere gehiago da, balioen sistema bat da. Giza eskubideek sistema honen giltzarri izan behar dute. Giza eskubideak politika publikoen eta bizitza komunitarioaren printzipio inspiratzaile gisa”, nabarmendu du Urkulluk. “Halakoak gara eta hala pentsatzen dugu. Gure sustraien sakonenetik, mundura begira gaude. Elkarri lotuta daude gure esku, buru eta bihotzak eta giza eskubideak defendatzea eta babestea oinarri duten balioen sistema demokratikoa defendatzen duten pertsona eta herrienak”.

Bestalde, Artolazabalek nabarmendu du EAEk “giza eskubideen defentsaren, babesaren eta berme eraginkorraren aldeko konpromiso horren zati” izan nahi duela. Eremu horretan, “2024ko Udaberri Planak, Bizikidetza, Giza Eskubide eta Aniztasuneko Planak, Giza Eskubideen Agenda Globala barne hartzen du, eta hark sei ekintza-ildo eta hamalau ekimen ditu. EAEk indarrean dagoen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin duen konpromisoaren isla dira”.

Ekitaldian izan dira, Lehendakariaz eta Artolazabal sailburuaz gain: Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Josu Erkoreka, lehendakariordea; Ramiro González, Arabako ahaldun nagusia; Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; José Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Monika Hernando, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; Paul Ortega, eLankidetzako zuzendaria; Eusko Legebiltzarreko hainbat ordezkari eta erakunde sozialetako ordezkariak.

René Cassin saria

René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, 2003an; haren bidez, jendaurrean aintzatetsi nahi da ibilbide pertsonalaren edo profesionalaren bidez herrialdearen barruan zein kanpoan giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoa erakusten duten pertsona edo kolektiboen jarduketa. Sariaren izena René Cassin da. René Cassin Baionan jaio zen, 1887an, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren eragile nagusitzat jotzen da; Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an.

Epaimahaiak, pasa den azaroaren 22an eginiko bileran, 2021eko René Cassin saria Elisa Loncon Antileori ematea erabaki zuen; hautagaitza Cultura de Paz fundazioak proposatu zuen, eta EAEko, estatuko eta nazioarteko dozena bat erakundek babestu dute. Saritua Carlos Martín Beristainen (2020ko René Cassin saria) eta Federico Mayor Zaragozaren (2019ko René Cassin saria) ondorengoa izango da saria jaso dutenen zerrendan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak