Berriak
Eu

Valparaíso-Viña del Marreko euskal etxe berria zabaldu dute

2011.eko irailak 22

Guillermo Echeniquek, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Txileko eta Peruko ordezkari Ana Urchuegiarekin batera, Valparaíso-Viña del Marreko euskal etxe berria zabaldu du. Eraikina Viña del Marreko hirigunean dago eta bi solairu dauzka, patio handi batez gain.

Eusko Jaurlaritzak finantzatu du eraikina. Hala, Txileko Ozeano Bare inguruko eremu honek berriz ere euskal erreferentzia bat dauka, aurreko euskal etxea duela hamabost urte baino gehiago suntsituta geratu ondoren. Ekitaldira Txile, Peru, Brasil, Argentina, Uruguay eta Paraguayko euskal etxeetako ordezkariak joan dira, baita Txilen dagoen euskal koloniaren ordezkaritza oso zabal bat ere.

Bere hitzaldian, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak euskal jatorriko txiletarrek Euskadiren irudiaren eta bertako ohituren alde egiten duten lanari aitorpena egin dio.

Echeniquek hauxe adierazi du: «Azaroan egingo dugun Mundu Batzarrak euskal etxeek munduko edozer txokotan daukaten rola bultzatzeko eta modernizatzeko balio behar du. Euskal herritar izateko mila modu daude, baina gure lurrarekiko maitasunak eta herriaren interes orokorren defentsak batu behar gaituzte.

Munduko edozein tokitan, euskal jatorriko norbait baldin badago, gure lurraren enbaxadore bihurtzea nahi dugu». Txileko egonaldian, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia hainbat agintariekin eta euskal jatorriko enpresekin bilerak zein harremanak egiten ari da. Horrez gain, Eduardo Chillidari buruzko erakusketaren inauguraziora joango da. Gaur arratsaldean izango da, Txileko hiriburuko Patricia Ready galerian.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)