Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 11 milioi euro baino gehiago bideratu ditu neurri judizialak betetzen ari diren adingabeak eta gazteak gizarteratzeko

2021-12-31
  •  Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin egindako hitzarmenen bidez, 8,6 milioi baino gehiago bideratuko dira egoitza-harrerarako zentroen funtzionamendurako; 1,4 ingurune irekiko interbentzioetarako; 0,87 eguneko zentroetarako; eta 0,44 'autonomia-egoitza' baterako

Vitoria-Gasteiz 2021/12/31

Joan den asteartean, Gobernu Kontseiluak, Justizia Zuzendaritzak proposatuta, Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin 11.385.504 euroko hamaika hitzarmen sinatzea onartu zuen. Hitzarmen horiek 2022an hainbat zerbitzu ematea arautzen dute, gazteek eta adingabeek neurri judizialak bete ditzaten.

Gazte-justiziaren sistemak hainbat baliabide espezifiko eskaintzen ditu Euskadin neurri judizial horiek betetzeko. Hala, egoitza-harrerarako hezkuntza-zentroak, eguneko zentroak edo ingurune irekiko interbentzioak izan daitezke baliabide horiek.

Egoitza-harrerarako eta gizarteratzeko zentroetara 8.639.755 euro bideratuko dira hitzarmen horien bidez 2022rako. Zentro horiek adingabeentzat edo gazteentzat dira, barnealdiko kautelazko neurri bat edo neurri irmo bat bete behar dutenentzat, erregimen irekian, erdi irekian, edo itxian iraupen labur batez, hauek barne: zerbitzu terapeutikoak hezkuntza-taldean eta bizikidetza-neurriak eta asteburuko egonaldia hezkuntza-taldean ere. Guztira 94 plaza daude.

Gainera, 447.913 euro gehiago bideratuko dira 2022an 'autonomia-egoitza' baterako; tamaina txikikoa eta gehienez 6 plazakoa, komunitatean erabat integratua, eta erregimen irekiko edo erdi irekiko barnealdien azken faseak betetzeko erabiltzen dena.

Bestetik, sistema judizialak erabaki dezake gazteek eta adingabeek prestakuntza- eta hezkuntza-jarduerak egin behar izatea eguneko zentroetan, 10: 00etatik 17: 00etara bitartean bertaratuta. Eguneko zentro horiek 48 plaza dituzte eta datorren urtean 879.457 euro izango dituzte funtzionatzeko.

Azkenik, ingurune irekiko taldeak ondokoen betearazpenaz arduratzen dira: zaintzapeko askatasunak, gizarte- eta hezkuntza-arloko lanak, komunitatearen onurarako prestazioak, tratamendu anbulatorioak, eta asteburuko egonaldiak etxean. Ingurune irekiko zerbitzu guztiak hezitzaileek eta zerbitzu-arduradunek osatzen dituzte. Pertsona horiek arduratzen dira zuzenean ingurune irekiko neurriak betearazteaz, gazte bakoitzarekin eta haien ingurunearekin zuzeneko hezkuntza-harreman bat garatuta. Horretarako, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 1.418.379 euro esleitu ditu 2022an, Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin hitzarmenak sinatuta.

Neurri horien ondorioz, Euskadiko gazteen eta adingabeen berrerortze-tasa % 17,8 jaitsi da. UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ebaluazio profesionaletan egiaztatu denez, gazteen delinkuentziak behera egin du pixkanaka.

“Kasu gehienetan, delitu horiek egin zituztenak eboluzio-prozesuetan dauden nerabeak dira, zaurgarritasun-egoera nabarmen batean daudenak, eta gaitasunak eta ahalmenak dituztenak, hezkuntza-tratamenduaren bidez bultzatu beharrekoak”, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuorde Ana Agirrek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)