Artolazabalek: “Euskadiko hiru espetxeetako arduradunen arteko sareko harremana areagotu dugu”

2021-12-29
  • Elkarrizketa SER irratian

Vitoria-Gasteiz 2021/12/29

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek euskal espetxeen kudeaketaren lehen hiru hilabeteen balantzea egin du. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak talka-plan bat jarri du martxan euskal espetxeetan obra txikiak eginez eta “presoen bizitza hobetzen ari diren ekintza sinpleen bidez”. Patioren bat estaltzetik edo dutxetara joateko ibilbideak hobetzetik, koltxoiak aldatzeraino.

“Egin dugun beste gauza bat izan da Euskadiko hiru espetxeetako arduradunen arteko sareko harremana areagotzea. Orain arte banako harremana zuten espetxe-erakundeekin. Orain, hiru espetxeak batera doaz eta Justizia Zuzendaritzarekin koordinatuta daude”, esan du.

SER irrati-katean eskainitako elkarrizketa batean, sailburuak azaldu du espetxeen arloko eskumenak bere gain hartuta, Eusko Jaurlaritzak jarraipena emango diola gizarteratzearen arloan egiten ari zen lanari. Aukerak-en bidez bideratuko du lan hori. “Agentziak lanean jardungo du askatasun gabetuta dauden pertsonentzako prestakuntza-eskaintzaren eta euskal espetxeetan bertan haiek ordaindutako lan bat izateko aukeraren alde”.

Artolazabalek ETAko presoen hurbilketaz ere hitz egin du, eta gaur egun euskal espetxeetan erakunde terroristako kide diren edo ziren 83 preso daudela esan du. Bere iritziz, ETA desagertu ondoren, salbuespenezko espetxe-politikak jada ez du izateko arrazoirik, eta horregatik ari dira ETAko gero eta preso gehiago euskal espetxeetara edo Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurunera lekualdatzen, Barne Ministerioarekin koordinatuta eta betiere presoak hala eskatuta. “Gure espetxeetan beste Autonomia Erkidego batera joatea eskatzen duten presoak ere badaude”, azpimarratu du.

Biktimekin topaketetan parte hartzeko ETAko presoen eskaerarik dagoen galdetuta, sailburuak esan du “horrelako bilerak daudenean, halakorik balego, diskrezio osoz” egingo direla. Alde horretatik, Artolazabalek azpimarratu duenez, "euskal espetxe-ereduak pertsonak jartzen ditu erdigunean, batez ere biktimak. Horregatik, Justizia Leheneratzailea da lan egiteko oinarria”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak