Berriak Lehendakaritza

Euskadik ordezkaritza berria izango du Parisen (Gobernu Bilera 2021-12-28)

2021-12-28

Euskadik atzerrian dituen ordezkaritzen sarea zabaldu du, Frantziako ordezkaritza sortu eta arautzen duen Dekretua onartu baitu gaur Gobernu Kontseiluak. Ordezkaritza honen irekierak Euskadi Basque Country erakundearen kanpo-posizionamendua hobetzen laguntzen du. Helburu hau Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotzeko Esparru Estrategia berriaren ardatzetako bat da.  

Euskadiren eta Frantziaren arteko harremanak sektore ugari biltzen ditu: kulturala, linguistikoa, ekonomikoa, industriala edota komunikazioetakoa. Frantzia izan zen, 2020an, euskal esportazioen helmugako bigarren herrialdea, 3.332 milioi euroko balioarekin, Alemaniaren ondoren. Eusko Jaurlaritzak, oro har, Frantziako hainbat lurralde-erakunderekiko harremanak bultzatzen dituzten erakunde, sare eta lankidetza-foroetan parte hartzen du. Horren adibide da Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdean bi lurraldeek duten lankidetza estua, Pirinioetako Lan Elkartea edota Euskal Hirigune Elkargo bezalako sareak. Gainera, Frantzian euskal gizataldeen presentzia errotua eta gero eta handiagoa da. 

Ordezkaritza honen lana honako hauei zuzenduta egongo da: 

  • Frantziarekin dagoen harreman instituzional ona sendotzea,
  • Ekoizpen- edo merkataritza-jarduera garatzen duten edo hasi nahi duten euskal enpresei laguntzea
  • Euskal eragile sozioekonomikoentzako aukerak aztertzea eta atzematea
  • Frantzian dauden nazioarteko erakundeekin harremanak izatea
  • Frantzian bizi den euskal komunitatearekiko egituraketa hobetzea.

Bulego berria Parisen egongo da eta Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatzeaz arduratuko da sektore anitzeko interesak defendatu eta sustatzeari, euskal gizataldeekiko harremanei eta garapenerako lankidetzari dagokienez. 

Gaur onartutako Ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzen erakunde-sarea indartzen du. Gaur egun, erakunde-sarea osatzen dute: Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak, Euskadiren Argentina-Mercosur-eko Ordezkaritzak, Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzak, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzak, Euskadiren Mexikoko Ordezkaritzak eta Euskadiren Madrileko Ordezkaritzak. 

Funtzioak 

Oro har, ordezkaritza berriak honako eginkizun hauek izango ditu:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko eragile ekonomiko eta sozialen arteko lankidetza eta topaketa sustatzea Frantzian. 
  • Erakundeekiko, enpresekiko eta toki-erakundeekiko harremanetarako organoa izatea, bisitak, topaketak, informazio-trukeak eta enpresa-, ekonomia- edo gizarte-loturak garatzeko. 
  • Euskal Autonomia Erkidegoko operadoreen arteko topaketak egiteko azpiegitura eta laguntza-zentro izatea. 
  • Frantzian dauden araudi, politika eta aukerei buruz aholkatzea, orientatzea eta informatzea, bai Eusko Jaurlaritzako sailei, bai toki- eta foru-erakundeei, enpresei, unibertsitateei, zentro teknologikoei eta interesa duten gainerako eragile ekonomiko eta sozialei. 
  • Frantzian jarduten duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen beharrak ebaluatzea eta dagozkien proposamenak bideratzea. 
  • Euskadin dauden kultura-adierazpen guztiak zabaltzea. Euskararen berezitasuna bereziki zainduko da, kanpoan dauden euskal kolektibitateetako herritarrek, edo kolektibitate horretan interes berezia ez duten pertsonek, hizkuntza hori ezagutzeko aukera izan dezaten. 
  • Lankidetza-harremanak ezartzea euskal kultura, tradizioak eta hizkuntza bultzatzeko erakunde, elkarte eta ikastetxeekin, bai eta Euskadiri arreta berezia eskaintzen dioten toki-erakundeekin ere. 
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko