Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak erabaki du Estatuak aktibatutako funtsa lurralde historikoekin banatzea pandemiak aurrekontuan izandako inpaktua neutralizatzeko

2021-12-28
  •  Gaur arratsaldean ezohiko Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua egingo da, telematikoki, banaketa adosteko
  • Euskadik ordezkaritza berria izango du Parisen

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakitera eman duenez, Gobernu Kontseiluak erabaki du, pandemiak eragindako aurrekontu-inpaktua neutralizatzeko Estatuak aktibatutako funtsetik iritsitako errekurtsoetatik, 188 milioi euro banatzea Lurralde Historikoen artean. “Eusko Jaurlaritzak egokitzat jo du finantza-lankidetzarako neurriak ezartzea, ardatz gisa erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza planteatuz”, azpimarratu du.

Azpiazuk azaldu duenez, gaur arratsaldean ezohiko Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua egingo da modu telematikoan, Euskadik, abuztuaren 3an, pandemiak eragindako aurrekontu-inpaktua neutralizatzeko Estatuak aktibatutako funtsetik jaso zituen 644,5 milioi euroen banaketa adosteko. Banaketa Ekarpenen Legean ezarritako koefizienteen arabera egingo da: 456,37 milioi euro Eusko Jaurlaritzarentzat eta 188 milioi eurokoa Lurralde Historikoentzat – 30,4M€ Arabarentzat, 94,79M€ Bizkaiarentzat eta 62,9 M€ Gipuzkoarentzat-.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gaurko Gobernu Kontseiluak Jaurlaritzaren ordezkaritza berri bat sortzea onartu du, oraingoan Parisen. Euskadi Basque Country markaren kanpo-posizionamendua indartzea aurreikusten duen nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatzen da delegaritza berri hau irekitzeko erabakia. “Izan ere, Euskadiri eta Frantziaren artean hainbat gaitan amankomuneko interesak dauzkagu, euskal esportazioetan bigarren herrialdea dugu Frantzia eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea bezalako organoetan kolaboratzaile estuak gara”, adierazi du Zupiriak. Hau horrela, bozeramaileak nabarmendu du Parisekoarekin zazpi erakunde-ordezkaritza izango dituela Euskadik munduan eta egoitza berri honi esker sarea indartua geratzen dela.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Jaurlaritza eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren artean hitzarmen bat sinatzea onartu du erakin publikoak birgaitzeko. Eraikin publikoak birgaitzeko zuzeneko laguntza hauek titulartasun publikoko eta erabilera publikoko eraikinen birgaitze jasangarria dute helburu eta Europako funtsei esker garatzen dira. Guztira, Euskadik 22 milioi euro pasatxo jasoko ditu eta Jaurlaritzak hainbat sailetako eraikinen zerrenda bat hautatu du beraien erabilera jasangarriagoa izan dadin eta energia-kontsumo txikiagoa izan dezaten.

Hezkuntza Sailari dagokionez, itunpeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko ikasleentzako zuzenduta dauden euskarazko hezkuntza-eduki digitalak finantzatzeko, 2 milioi euroko diru-laguntzak onartu dira.

Azkenik, Zupiria sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak 2012ko Kiroleko Dopinaren aurkako legearen bigarren aldaketaren proiektua onartu duela, dopinaren aurkako Munduko Kodeak egindako aldaketetan oinarrituta. Gaur onartutako testua Legebiltzarrera bidaliko da, bertan eztabaidatu eta onar dezaten.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du. Egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren analisia egin du eta  hemendik aurrera miaketa nola egingo duten azaldu du, zaurgarritasun handieneko sintomak dituzten pertsonengana iristeko. Azkenik, txertaketari buruzko berritasun batzuk eskaini ditu.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak