Berriak Hezkuntza

Euskadiko Lanbide Heziketak Europako funtsekin finantzatutako 56 berrikuntza-proiektutan hartuko du parte

2021-12-23
  • Estatuan aukeratutako 141 proiektuen artean 56 (%39,7) Euskadiko Lanbide Heziketa partaide duten ekimenei dagozkie

Euskadiko Lanbide Heziketako 30 ikastetxe partaide dituzten 56 berrikuntza proiektuk jasoko dute Europako finantzaketa, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoko (MRR) Europako funtsetatik.

Kopuru hau (56 proiektu) Europako finantzaketa hori eskuratzeko Estatuan hautatu diren 141 proiektuen % 39,7 da. Euskadiko Lanbide Heziketako zentroek parte hartzen duten 56 proiektu horiek 9,5 milioi euro jasoko dituzte guztira Europatik, Estatuak ekimen horiek garatzeko jasoko dituen 23,8 milioien %40.

Euskadiko Lanbide Heziketa kide izango duten 56 proiektuen artean, askotariko esparru eta sektoreetako ekimenak daude, hala nola: osasuna; eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak; elkarlaneko robotika; mantentze industriala; jasangarritasuna; gastronomia zirkularra; ekintzailetza; ibilgailu klasikoei aplikatutako 3D inprimaketa; 4.0 elikadura; logistika, garraioa eta banaketa; zibersegurtasuna; fabrikazio mekanikoa; errealitate birtuala; ehungintza jasangarria; edo etorkizuneko mugikortasuna, beste askoren artean.

Proiektu horietan parte hartzen duten Lanbide Heziketako 30 euskal ikastetxeetatik 20 publikoak dira eta gainerako 10ak itunpekoak. Ekimen honen helburua da produkzio-sareak eskatzen dituen lanbide-profilen beharrei –gaur egungoei zein etorkizunekoei– erantzuna ematen jarraituko duen prestakuntza diseinatzea. Lan-merkatuaren errealitatera egokitzen dakien prestakuntza, ekintzailetzara eta ezagutzak eta gaitasunak etengabe eguneratzera bideratutakoa, pertsonen enplegagarritasuna areagotzeko xedez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak