Pedro Azpiazuk Eusko Legebiltzarrean EAE-ko 2022ko aurrekontua eta Kongresuan Itun Ekonomikoaren aldaketa onartu izana goraipatu du

2021-12-23

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko Sailburua pozik agertu da, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean 2022rako EAEko Aurrekontuak onartu ondoren. 75 legebiltzarkideetatik, 13k baino ez dute eman 2022ko Aurrekontu Legearen aurkako botoa. “Eusko Jaurlaritzak bizi dugun egoerari aurre egiteko tresnarik ahaltsuena du, eta Gobernua bultzatzen duten taldeei, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeei, erakusten ari diren konfiantza eta EH BILDUri egoera honetatik ahalik eta lasterren irteteko akordioak lortzeko politika erabilgarria garatzeko duen borondatea eskertu nahi dizkiet. Hau da EAEk behar duen aurrekontua”, esan du. Era berean, Itun Ekonomikoa aldatzen duen Lege Proiektua Kongresuan onartuko izana ere aipatu du; haren bidez, araudi-testura eraman dira 2021eko uztailaren 29an Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoan finantza-transakzioen, zerbitzu digitalen eta merkataritza elektronikoko BEZaren inguruan adostutako aldaketak. Onarpen horren ondoren, Lege Proiektu hori Senatura bidaliko da, izapidetzen jarraitzeko eta behin betiko onartzeko.

Eusko Jaurlaritzak, urtarrilean, EAEko suspertze ekonomikoaren erronkari aurre egin ahal izateko aurrekontua abiaraziko du, inbertsio publiko modura. EAEko erakundeen beren baliabideez gainera, Europako funtsetatik datozenak ere izango dira, eta horrek EAEko ekonomiak inbertsiorako gaitasun eragile handia izateko aukera emango du.

“Politika publiko guztiei bermez aurre egiteko baliabideak izango ditugu, eta gugan eragina izan dezaketen ziurgabetasunen aurrean erantzuteko gaitasuna dugu. Eusko Jaurlaritzak ez du pandemiari aurre egiteko baliabideetan aurreztuko. Arintasunez eta malgutasunez lan egin behar dugu, lankidetzarako dosi handiz. Erakundeen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua. Dei egiten dut ondasun komunarekin konpromisoa hartzeko, eta eskerrak ematen dizkiet, aldez aurretik, enpresa eta langileei, egiten ari diren ahaleginagatik eta egiten jarraitu behar dutenagatik, bai eta sektore publikoko langile guztiei ere”, esan du Azpiazuk.

Datorren urtean zehar, Gobernuak jarraituko du EAEk datozen urteotarako dituen apustu handiak sustatzen, erabakitasunez eta bermez. Hiru trantsizio handiei kaudimenez helduko zaie: teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta sozial-sanitarioari. Ekonomiako Sailburuak konpromisoa hartu du aprobetxatzeko Europar Batasunak zerga-arauak etetearen ondoriozko salbuespenezko egoerak ekarri duen aurrekaririk gabeko aukera, eta inbertsio publikoa maximizatzeko eta, horretarako, baimendutako mugak agortu eta eskura dauden baliabide guztiak erabiltzeko.

Itun Ekonomikoa

Bestalde, Kongresuan onartu izango diren egokitzapenek erakusten dute Itun Ekonomikoa nazioartean zerga-errealitate berrira egokitzen ari dela, Europar Batasunaren eremuan ez ezik, baita ELGAn ere. “Uztaileko akordioa Itun Ekonomikoa ekonomia digitalaren zergapetzera egokitzeko behar zen lehen urratsa izan zen, eta, zalantzarik gabe, hura da Itun Ekonomikoaren etorkizuneko aldaketak finkatzeko oinarria, ELGAren barruan zerga-arloan lortutako akordioen ondoriozko erronkei aurre egiteko”, esan du Azpiazuk.

Lege-proiektu hau behin betiko onartzen den unean, EAEko ogasunak zerga horiek biltzen hasiko dira aitortutako ogasun integral gisa, EAEko Itun Ekonomikoan ezarritakoarekin bat etorriz, eta koherentea izango da, gainera, nazioarteko zerga-sistemarekin, zeinak ezartzen baitu balioa sortzen den tokian zergak ordaintzea.

Iruzkin bat
  • @PedroAzpiazu
    2021-12-23

    Comentario de Twitter:
    Informazio gehiago Irekian: https://t.co/LB7LCwnTF7

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak