Berriak Hezkuntza

Eguberri solidarioa Euskadiko Lanbide Heziketan

2021-12-22
  • Gastronomia Solidarioa proiektuaren barruan, Euskadiko Ostalaritza eskolek gabon giroko gozoak prestatu dituzte, Elikagaien Bankuaren eta bestelako gizarte-erakunde batzuen esku uzteko
  • Hazi Fundazioak gozo horiek egiteko osagaiak eman ditu: Eusko Label zigilua duten irina, arrautzak eta eztia
  • Kimika Industrialaren arloko Don Bosco LHII-ko ikasleek ere bat egin dute gozoentzako bilgarriak eginez, ekonomia zirkularraren irizpideei jarraituz

Turroiak, hostopilak, polboroiak edo trufak. Euskadiko Lanbide Heziketak berriz ere bere alde solidarioena erakutsi du. Eta oraingo honetan, Gabon usain gozoa dakar ekimenak. Joan den ikasturtean abian jarritako Gastronomia Solidarioa proiektuaren barruan, Lanbide Heziketako ikasle eta ikastetxeek beren onena eman dute berriro, ilusioz lan eginez eta Gabonetako jai hauetan gutxien dutenekin elkartasunean.

Gastronomia Solidarioa proiektuaren baitako Gabonetako kanpaina honetan, Lanbide Heziketako ikastetxeak (ostalaritza eskolak batez ere) buru-belarri aritu dira gozokiak eta Gabonetako produktuak egiten –turroiak, hostopilak, trufak, pastak, bizkotxoak –, Euskadiko Elikagaien Bankura edo gobernuz kanpoko beste erakunde batzuetara bideratzeko. Azken hauek arduratuko dira gozo horiek guztiak behar dituzten pertsonei helarazteaz. Izan ere, proiektuaren leloak dioen eran, “Bihotzera iristen diren elikagaiak” baitira.

Baina Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleen elkartasunaz gain, proiektu honek baditu kalitatezko bestelako osagai batzuk ere. Hazi Fundazioak (Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena Saila) kalitate goreneko lehengaiak eman ditu ekimen hau gauzatu ahal izateko, ezinbestekoak Gabonetako gozoak eta gozogintzako produktuak: Eusko Label zigilua duten irina, arrautzak eta eztia.

Lanbide Heziketako ikastetxeek egin dituzten produktu eta sorta guztiak Lurralde Historiko bakoitzeko Caritasen eta Elikagaien Bankuaren esku ari dira uzten, Gabon aurreko egun hauetan (abenduaren 21, 22 eta 23an).

Hona hemen proiektuan parte hartu duten ikastetxeak, eta bakoitzak egin duen produktu sorta:

  • Leioako Ostalaritza Eskola: eskolako ikasleek 1.000 turroi egin dituzte, Bilboko Elikagaien Bankuaren esku uzteko.
  • Bilbao Ostalaritza Goi Eskola (Artxanda): txokolatezko 250 opileko ekarpena egin dute ekimenerako
  • Galdakaoko Ostalaritza Eskola: eskola honetako tailerretatik 100 sorta irtengo dira, polboroiz eta askotariko trufaz osatuak.
  • Gamarrako Ostalaritza Eskola (Vitoria-Gasteiz): 250 bizkotxo egin dituzte, Gasteizko Elikagaien Bankuaren esku uzteko.
  • Cebanc Ostalaritza Eskola (Donostia): 150 sorta osatu dituzte, honako produktu hauekin: polboroiak, pastak, hostorez eginiko palmera y lazoak, mermeladadun pastela eta plum cake
  • Peñascal (Tolosako egoitzan): Gaboneko gozoz osaturiko 100 sorta: bizkotxoak, pastak eta polboroiak.
  • Easo Politeknikoa (Donostia): Menpekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta zikloa ikasten ari diren ikasleek ekimenarekin bat egin dute aurten, eta Caritasen esku utzi dituzten bizkotxoak egin dituzte.

Gainera, Leioako Ostalaritza Eskolak astean 400 otordu solidario egiten jarraitzen du Joan den irailaz geroztik, Elikagaien Bankuarentzat eta Lagun Artean GKErentzat, 2020-2021 ikasturtean abian jarritako ekimenaren barruan.

Bilgarriak, ekonomia zirkularrean

Ikasturte honetan ekimenera Lanbide Heziketako beste ikastetxe batzuk ere batu dira, Ostalaritza edo Gozogintzako zikloak eskaintzen dituztenetatik harago. Don Bosco LHII-ko Kimika Industrialeko zikloko ikasleek (Tolosako Paper Eskolako egoitzan) Gabonetako produktuak estaliko dituzten bilgarriak, paperak eta kartoizko kaxak egin dituzte, luzatu zaien erronka bat tarteko.

Bilgarri horiek guztiak ekonomia zirkularraren eta birziklapenaren filosofia eta irizpideen arabera egin dira, sukaldeetan edo nekazaritzan alferrik galtzen diren hondakinak erabiliz. Besteak beste, honako gai hauetatik abiatuta egin dituzte paperak eta kartoiak: arto landarearen hondarrak; porruaren hosto berdeak, sukaldean erabiltzen ez direnak; ardi latxaren artilea; banbu kanabera eta kalamua; kartoi birziklatua; edo babarrun leken hondarrak.

Bestalde, proiektu solidario honen baitan aurrerago egingo diren kanpainetarako, Donostiako Cebanc eta Tolosako Inmakulada ikastetxeetan Osasun arloko zikloak ikasten ari diren ikasleek gozo horien azterketa nutrizionala egiteaz arduratuko direla aurreikusten da.

Gastronomia Solidarioa: bihotzera iristen diren elikagaiak

Gastronomia Solidarioa proiektua joan zen 2020-2021 ikasturtean jarri zen abian, Tknikak, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak koordinatuta. Bertan parte hartu zuten ikastetxeek astean mila otordu solidario inguru prestatu zituzten, martxotik ekainera bitartean. Otordu hauek, ondoren, premiarik handiena eta baliabide ekonomikorik gutxien dituzten pertsonei helarazi zitzaizkien, Euskadiko Elikagaien Bankuaren bidez.

Premiarik handiena duten pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, Lanbide Heziketako arloen eta ikastetxeen arteko lankidetza-sare bat osatzeko ere balio du proiektu honek, menuak prestatzeko elikagaiak ematen dituzten erakundeak eta banaketan lagun izango diren gizarte-erakundeak ere ondoan daudela ahaztu gabe.

Halaber, menuak prestatzen dituzten bitartean, Lanbide Heziketako ikastetxeetako sukalde eta tailerretara balioen inguruko prestakuntza eramateko —zeharka— aukera bikaina da, ikasleekin hainbat giza balio landuz, adibidez, elkartasuna, gizarte-konpromisoa, erantzukizuna edo enpatia

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak