Mugak Bienalak asistentzia-errekorrarekin amaitu du bere hirugarren edizioa, eta Euskadiko hitzordu arkitektoniko gisa finkatu da

2021-12-21
  • 70.000 pertsona inguruk gozatu dute Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak urriaren 27tik azaroaren 30era eskaini duen programaz.
  • Edizio hau lurralde osoan izan da ikusgai, eta ia ehun jarduera antolatu dira Donostian, Gasteizen eta Bilbon
  • “Mugak-ek arkitektura herritarrengana hurbiltzen du, jakintsuentzat edo espezialistentzat gordetako zerbait ez dela erakutsiz”, azpimarratu du Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak.

 

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak asistentzia-errekorra lortu du hirugarren edizioan. 70.000 pertsona inguruk gozatu dute aurten Donostian ez ezik, Gasteizen eta Bilbon ere izan diren erakusketa, hitzaldi, tailer, kongresu eta bestelako jarduerez; aurreko edizioan 45.000 izan ziren. Horrela, hirugarren Bienal Mugak hau Euskadi osoan finkatu da hitzordu arkitektoniko gisa, eta lurralde osoan izan da lehen aldiz.

Hitzordua Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatu du, zeinak 2017tik bultzatzen duen Bienala. “Badirudi Mugak/ek ez duela sabairik, eta hori oso seinale ona da, baina arreta ez da soilik asistentzian jarri behar; izan ere, ez du zertan beti handitzen joan, edukien kalitate altuari ere erreparatu behar zaio. Mugak/ arkitektura herritarrei hurbiltzea lortzen ari da, edizioz edizio kalitatea eta kantitatea bateratuz, eta arkitektura erudituentzat edo espezialistentzat gordetako zerbait ez dela erakutsiz”, Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak baloratu duenez.

‘Ondarea eta modernitatea' lelopean, Mugak/i Donostiako Antzoki Zaharrean eman zitzaion hasiera joan den urriaren 27an, Carme Pinós aurtengo erakusketa nagusiko protagonistaren eskutik. Kataluniako arkitektoak Bienala itxi eta egun gutxira, azaroaren 30ean, iragarri zen Pinós zela 2021eko Arkitekturako Sari Nazionalaren irabazlea, hain zuzen ere, esparru horretako sari nagusia maila nazionalean. Bere erakusketa, ‘Estudio Carme Pinós - Testuingurua eta kontzeptuak', otsailaren 27ra arte egongo da ikusgai Euskadiko Arkitektura Institutuan.

Edizio honetan nabarmentzen den datuetako bat da elkarte laguntzaileek antolatutako erakusketetara jende gehiago joaten hasi dela. Izan ere, aurtengo erakusketarik bisitatuena Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzak antolatu duen ‘Arantzazu, 70 urte’ erakusketa izan da, Donostiako D 'Museoan kokatua.

Mugak 2021en beste arrakastetako bat Habic-en ‘Diseinuaren artisauak’ erakusketa ibiltaria izan da, Euskadiko hiru hiriburuetako espazio publikoetan kokatua. Zehazki, Euskadiko diseinuaren altzarien aitzindariei egindako omenaldiak -zortzi euskal enpresatako zortzi pieza ikonikok osatua- errekorra hautsi du Bilbon. Horrela, euskal ekoizpena izan da edizioaren protagonista nagusia, eta tokiko gaiak izan dira ikusleen harrera handiena izan dutenak.

“Aurten ere, Bienala hainbat eragileren arteko lankidetzaren emaitza izan da. Horiei esker, fruitu onak jaso ditugu hirugarren edizio honen ondoren. Oso pozik gaude haren irismenarekin, eszena arkitektonikoan sendotu egin dela baieztatzen baitu”, nabarmendu du José Ángel Medina edizio honetako komisarioak.

Programa osagarri zabala

Mugak-en hirugarren edizio honek programa osagarri zabala eta osoa ere izan du, aurreko edizioetan ez bezala, hilabete bakar batean berrogeita hamar hitzaldi, hamar bat tailer eta jarduera gehiago bildu dituena, hala nola bisita gidatuak, kongresuak eta jardunaldiak. Guzti horiek arkitektura beste esparru batzuekin lotu dute, hala nola zinemarekin edo hezkuntzarekin.

Ia erakusketa guztiek izan dute jardueraren bat haien inguruan: Carme Pinósen lanaren inguruko haurrentzako eta familientzako tailerrak, begirada arkitektoniko batetik Arantzazuko santutegira hurbiltzeko hitzaldi sorta bat, Donostiako Alde Zaharrean zehar bisita bat, ‘Donostia Atik Zra’ liburuan jasotako set tipografikoak gidatuta... Gainera, hiru kongresu egin dira hirugarren biurteko honetan: Europan Europako hitzordua Donostian, ‘Etxebizitza produktiboari begiradak’ mintegia Bilbon eta Sestaon, eta Euskal Hiria lurralde plangintzari buruzko urteroko hitzordua Gasteizen.

Hirugarren edizio honetan Mugak bisitatu duten profesional ezagunak ere izan dira. Hizlari aipagarrienen artean, Carme Pinós protagonistaz gain, nazioarteko ordezkariak ere izan dira, hala nola, Rudy Ricciotti frantziarra eta Christian Kerez suitzarra. Gainera, beste arkitekto nazional batzuk ere egon dira, eraikitako obra handiekin, Oscar Tusquets edo Fermín Vázquez kasu.

Programa, aurten ere, elkarte eta erakunde parte-hartzaileek egindako proposamenen emaitza izan da: Peña Ganchegui Artxiboa, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Arkupe, Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkartea, Atari, Baskegur, Elías Querejeta Zine Eskola, Eraikune, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa, Espacio Reflex, Europan, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatea, Donostiako Zinemaldia, Habic, Institut Français de Bilbao, Maushaus, Museum Cemento Rezola, San Telmo Museoa eta Sestao Berri."Bienal parte-hartzailea da; horrela sortu zen hasieratik", azpimarratu zuen García Astrainek Mugak/en itxiera-ekitaldian, azaroaren 30ean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak