Eusko Jaurlaritzak Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen zenbatekoak gasaren eta elektrizitatearen prezioen igoerara egokitu ditu

2021-12-23
  • Gainera, bikoiztu egin du Gurutze Gorriarentzako esleipena, sistematik kanpo geratzen diren familia kalteberen pobrezia energetikoa arintzeko
  • Iaz, 63.276 pertsonak jaso zituzten gizarte-larrialdietarako laguntzak, eta 5,7 milioi bideratu ziren pobrezia energetikoari aurre egitera

Vitoria-Gasteiz, 2021/12/23

Eusko Jaurlaritzak, 2022an, pobrezia energetiko delakoari aurre egiteko tresnak sendotuko ditu. Gizarte-larrialdietarako laguntzen (GLL) bidez egingo du, zenbatekoak prezio berrietara egokitzeari esker, bai eta Gurutze Gorriaren bidez ere. Gurutze Gorriarekin hitzarmen bat sinatu zuen 2015ean, zailtasun ekonomiko larriak dituzten eta gizarte-larrialdietarako laguntzen edo diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) onuradun ez diren familiei argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzeko erraztasunak emateko.

2022an, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, guztira, 41,5 milioi euro bideratuko ditu GLLetara, eta beste 800.000 euro, Gurutze Gorriarekin sinatutako hitzarmena finantzatzera. Hitzarmen hori, indarrean jarraitzeaz ez ezik, sendotu ere egin da. Elektrizitatearen, gasaren eta etxean erabiltzeko beste erregai batzuen prezioen igoera ikusita, Gurutze Gorriarentzako esleipena bikoiztu egin da aurten, eta gizarte-larrialdietarako laguntzetan aldatu egin dira familia bakoitzak urtean jaso ditzakeen gehieneko zenbatekoak; urtean 900 eurokoak izatetik 1.500 eurokoak izatera igaro dira.

“Prezioen igoeraren ondorioz, familia gehiagok, beharbada, ezingo diete fakturei aurre egin, batez ere hotz handiko eta argi natural gutxiagoko hilabete hauetan”, esan du Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak. “Neurrion bidez, familia eta pertsona kalteberenei lagundu nahi diegu, hornidura eten ez diezaieten”.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak

GLLak oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez ematen diren laguntza ekonomikoak dira (udal-mailakoak); gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko, arintzeko edo ekiditeko ohiko edo ezohiko gastu zehatzei erantzuteko laguntzak. Prestazio horiek ez dira aldizkakoak, eta baliabide nahikorik ez duten pertsona edo familiei ematen zaizkie, behar zehatzei aurre egiteko.

2017az geroztik, gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen dekretuak, “ohiko etxebizitza edo bizitokia erabiltzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren gastuei" buruzko atalean, energia-gastuetarako kontzeptu espezifiko bat ezartzen du –3. apartatua–, zeinak elektrizitatea, gasa edo etxean erabiltzeko beste erregai mota bat hornitzeko gastuak barne hartzen baititu.

“2020an eta 2021ean GLLak tresna eraginkorra eta azkarra izan dira pandemiak eremu sozialean eragin dituen albo-ondorioak arintzeko”, esan du Amilibiak. Gogorarazi duenez, gizarte-larrialdietarako laguntzen partida handitzea izan zen konfinamenduan hartu zen lehen erabakietako bat. 2020an, 63.176 izan ziren GLLen onuradunak, eta 16.180 eskaera jaso eta erantzun ziren energia-gastuei aurre egiteko: 10.821 Bizkaian, 3.815 Gipuzkoan eta 1.544 Araban. Guztira, 5,7 milioi euro bideratu ziren helburu horretara: 3,7 milioi Bizkaian, 1,5 Gipuzkoan eta 580.000 euro Araban.

6 iruzkin
  • 2021-12-25

    Kasuan kasuko baimenen buletinarekin, araudia betetzea.

  • 2021-12-25

    Con su boletín correspondiente permisos al caso cumplir con la normativa

  • 2021-12-25

    Kontratatutako potentzia behar erreal modulatuetara kalkulatuta, instalazioaren zatiak aldatu behar ez badira, kontratatutako potentzia txikiagoa bada, kostu finkoak kenduta.

  • 2021-12-25

    Con la potencia contratada calculada a las necesidades reales modulada mirando si no fuese necesario modificar partes de la instalación, a menor potencia contratada menores costes fijos.

  • 2021-12-25

    Kontsumo-ohiturak aztertzea eta nola kontsumitzen den monitorizatzea, beste aukera batzuk daudenean nola eta noiz kontsumitu erabakitzeko. Adibidez, bateriak kargatzea, gero aparatuak entxufatzeko eta, ahal bada, energia berriztagarriko ordu merkeenetan beste pila batzuetarako erregaia sortzeko.

  • 2021-12-25

    Estudiar hogares hábitos de consumo monitorizando cómo se va consumiendo para decidir cómo y cuándo consumir habiendo otras alternativas. Ejemplo, cargar baterías donde luego enchufar aparatos, en las horas más baratas con apoyo si es posible de energía renovable pueda a la vez generar combustible para otro tipo de pilas.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak