Berriak Lehendakaritza

Iñigo Urkullu Lehendakariak Osakidetzaren Arabako Unibertsitate Ospitaleko Zerbizu Orokorren punta-puntako eraikin berria bisitatu du

2021-12-22
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • AUO Txagorritxuko instalazio berriek azken belaunaldiko gailuak dituzte, eta, haietan, larrialdietako zerbitzuak (baita pediatrikoak ere), zainketa intentsiboen unitateak, obstetrizia eta neonatologiako zerbitzuak, kirofanoen eremua, arropa zuria, informatika eta ospitale osoko instalazioak egongo dira
  • 200.000 arabarrek baino gehiagok jasoko dute arreta, urtean, instalazio horietan, eta, egunero, 60 paziente ingururi egin zaie ebakuntza bertako kirofanoetan
  • 104 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, Osakidetza eraikin berriko eremuak abian jartzen joango da; eraikin berriaren jarduera pasa den azaroaren 22an hasi zen, Pediatriako Larrialdiak ireki zirenean

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak Osakidetzaren Arabako Unibertsitate Ospitaleko Zerbitzu Orokorren eraikin berria eta modernoa bisitatu du. 30.000 metro koadroko espazio hori sei solairutan eta Instalazioen Eraikin batean antolatuta dago eta, haren bidez, Arabako 200.000 pertsona baino gehiagoren osasun-arreta hobetuko da. Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak 104 milioi euroko inbertsioa egin dute instalazio berri horietan; instalazioek merkatuko punta-puntako gailuak dituzte, eta, haien bidez, pazienteen eta profesionalen segurtasuna, eraginkortasuna eta erosotasuna funtsean hobetuko dira. Pasa den azaroaren 22an Pediatriako Larrialdiak zabaldu ondoren, Osakidetza zerbitzu berriak pixkanaka joango da abian jartzen.

Lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuarekin, Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta José María Pérez Arabako ESIako zuzendari kudeatzailearekin batera, instalazioak bisitatu ditu; horrek erakusten du Eusko Jaurlaritzak osasun publikoarekin, unibertsalarekin eta kalitatekoarekin duen konpromisoa.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez, pandemiaren ondorioz Osasun Saila eta Osakidetza egiten ari diren ahalegin berezia gorabehera, EAEko Osasun Zerbitzuak jarraitu du osasun-zerbitzuaren kalitatearen eguneroko hobekuntzaren alde lan egiten, bai eta instalazioak eta ekipamenduak hobetzearen alde ere. “Gaurko eraikina horren adibide argia da”, esan du.

Eraikin berri horren obrak 2017ko martxoan hasi ziren; 104 milioi euroko inbertsioa egin da, guztira. Azpiegiturak 30.000 metro koadro inguru ditu osasun-arretarako, 6 solairutan eta Instalazioen Eraikin batean antolatuta dago. 200.000 arabarri baino gehiagori emango zaie arreta instalazioetan, egunero 60 paziente ingururi egingo zaie ebakuntza eta 2.000 paziente inguru igaroko dira, urtean, zainketa intentsiboen unitatetik.

Azkenik, Lehendakariak Osakidetzako profesional guztiei aintzatetsi nahi izan die pandemiaren aurkako borrokan egindako lana. “Birusaren aurkako borrokan funtsezko une batean gaude. Eskerrik asko zuon lanagatik eta ahaleginagatik. EAEko gizartearen esker ona adierazi nahi dizuegu. Gizarteari mezu argia emateko egiten duzuen eskaera ere geure egiten dugu: dena izango da errazagoa, baldin eta guztiok indarrean dauden neurriak betetzen baditugu”, esan du, amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak