Gobernu Kontseiluak IVAPeko zuzendari nagusiaren kargu uztea onartu du (Gobernu Bilera 2021-12-21)

2021-12-21

Jaurlaritzaren Kontseiluak Egoitz Laburu Rodríguez Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendari nagusi kargutik kentzea onartu du gaur, Enplegu Publikoaren Eskaintzaren (EPE) hurrengo deialdian parte hartzeko aukerari dagokionez interes gatazkarik egon ez dadin.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak kargu uztea Gobernu Kontseiluari helaraztea erabaki du, bitarteko langileek betetako lanpostu hutsak egonkortzeko deialdiaren hurrengo diseinuaren aurrean Eusko Jaurlaritzaren integritatea, objektibotasuna eta eredugarritasuna babesteko. Izan ere, IVAP erakunde erabakigarria da euskal administrazioko lan eskaintza publikoko prozesu guztietan.

Kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodeak eskatzen dituen printzipio eta jokabideetan oinarrituta hartu du erabakia. Neurriaren helburua inpartzialtasun eta objektibotasun printzipioak babestea da, eta bere kargutik eratorritako prerrogatibez baliatzeagatik bere buruarentzako abantailak lortzeko faboritismo susmoa eragin dezakeen jokabide edo praktika oro saihestu nahi da. Erabakia administrazio publikoko kargu publikodunen inpartzialtasun eta objektibotasun printzipioak errespetatzean ere oinarritzen da.

Garamendi Sailburuak eskerrak eman dizkio orain arte IVAPeko zuzendari nagusi izan denari emandako zerbitzuengatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko