Eusko Jaurlaritzak 2021erako 4.000 lanpostu inguruko lan eskaintza publikoa onartu du, eta 2022an egonkortze prozesuei hasiera ematea planteatu du (Gobernu Bilera 2021-12-21)

2021-12-21
  •  Gobernu Kontseiluak Administrazio Orokorreko 435 lanpostu hutsen lan-eskaintza onartu du urte honetarako, eta Hezkuntzakoa 1.856 lanposturena
  • Halaber, Berpiztu 2020-2024 programan sartzen ditu Ertzaintzarentzat (424) eta Osakidetzarentzat (1.273) eskainitako plazak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2021erako enplegu publikoaren eskaintza onartu du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran. Aldi berean, 2020-2024 aldirako Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Programan sartu ditu gainerako sektoreetako bakoitzean, hurrenez hurren, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako Agente kategorian sartzeko eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko aurreikusi diren plazak.

Akordioaren arabera, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren lan eskaintza publikoa onartzen da. Eskaintza horretan, aurrekontu zuzkidura duten lanpostu hutsak sartzen dira, eta horiek betetzea atzeraezina da, betiere atxikita dauden zerbitzu publikoen funtzionamenduaren hobe beharrez. Guztira, 435 plaza eskaini zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta haren erakunde autonomoei.

Hezkuntza administrazioari dagokionez, 1.216 lanpostuko enplegu-eskaintza publikoa onartu da hainbat irakasle kidegorentzat, bai eta 640 lanpostuko konpromisoa hartzen duten hainbat lan kategoriarentzat ere; guztira, 1.856 plaza eskaini dira hezkuntza sektorean.

Bestalde, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako Agente kategorian sartzeko deialdiaren proposamenaren berri eman zaio Gobernu Kontseiluari. Guztira, 424 plaza.

Era berean, Gobernu Kontseiluari jakinarazi zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluak 2021eko ekitaldiko Enplegu Publikoaren Eskaintzan zer lanpostu sartuko dituen. Enplegu publikoaren eskaintza horrek hainbat lanbide kategoriatako 1.273 lanpostu hartuko ditu.

Eusko Jaurlaritzaren enplegua egonkortzeko politikak betetzea da aurreko proposamenen helburua, eta enplegu publikoko plaza gisa sartu dira 2020-2024 aldirako Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Programan, guztira, 3.998 plazako eskaintza 2021erako.

Hortik aurrera, datorren urtean sektore bakoitzean deialdiak egingo dira, eta horietan zehaztuko dira eskainitako plazak eskuratzeko prozedura eta baldintzak, bai eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazen banaketa ere.

Eusko Jaurlaritzak konpromiso irmoa du behin-behinekotasuna murrizteko, eta, ildo horretan, datorren urtetik aurrera hainbat egonkortze prozesu jarriko dira abian Euskal Administrazioko sektore guztietan.

Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen kasuan, ahalik eta lasterren jarriko dira martxan, gizarte eragileekin negoziatu ondoren egiteke zeuden 8 eskalako deialdiak, zeinetan, bestalde, 2017-2018-2019ko lan eskaintzei zegozkien plaza kopuru bat onartuta baitzegoen, eta, bere garaian iragarri zenez, 1.017 plaza baitzeuden guztira. Beraz, lanpostu horiek gaur onartutako 435 plazei gehitzen bazaizkie, datorren urtearen hasieran Administrazio Orokorrerako eta haren erakunde autonomoetarako lanpostuen lehen deialdi bat egiteko modua egongo da, 1.400 plaza baino gehiagokoa. Jarraian, eta datorren urteko ekaina baino lehen, behin-behinekotasunaren arau-esparru berriarekin bat etorriz, 2022 egonkortzeko lan eskaintza onartu nahi da, eta, horrela, Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako gainerako eskaletako lanpostu hutsen deialdiei ekin.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko