Itun Berdea Gunea Gasteizera iritsi da, garapen jasangarriaren erronkari buruz kontzientzia harrarazteko, keinu bakoitza garrantzitsua baita

2021-12-21
  • Guneak gaur irekiko ditu ateak Gasteizko autobus-geltokian, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da bertan
  • Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Gorka Urtaran hiriburuko alkateak inauguratu duten erakusketak azpimarratzen du garapen inklusiboa eta jasangarria bultzatzeko beharra
  • Inaugurazio ekitaldian, Tapiak nabarmendu du “dagoeneko jarduteko” beharra, Europako itun berdearen konpromisoak betetzeko
  • Urtaran alkateak hiriak aurkeztu ditu “ekonomia berde berriaren erronka espezifikoei erantzuteko aliatu estrategiko gisa”

Europar Batasunak 2019ko abenduan proposatutako Europako Itun Berdea edo European Green Deal mekanismo nagusienetakoa da EBko kide diren herrialdeei krisitik ateratzen eta etorkizun jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Itun Berdea Europar Batasunak 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzea ahalbidetuko duen hazkunde-estrategia da.

Testuinguru horretan, Euskadirentzat garapen inklusibo eta jasangarriaren beharra azaltzeko, Eusko Jaurlaritzak Itun Berdea – Basque Green Deal Gunea sortu du: Europako itun berde horren espiritua zabaltzeko Euskadiko hiriburuetatik igaroko den foroa, eta Gasteizen abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartean egongo da.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak goizean inauguratu dute Gasteizko autobus-geltokian klimaren aldeko zabalkunde-foro hori. Tapiak Euskadiko ekonomia eta ingurumen ibilbide-orria nabarmendu du, 2019ko uztailean neutraltasun klimatikoaren aldeko konpromisoa hartu zuen, eta Glasgowko COP 26an berretsi duen, Europako lehen eskualdeetako bat izanik. Sailburuak gogorarazi du euskal gizarteak bat egiten duela garapen inklusibo eta jasangarriaren alde Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustuarekin, baina adierazi du “dagoeneko, berandutu aurretik jardun” behar dela planteatutako helburuak lortu ahal izateko.

Tapiaren esanetan, “klima-aldaketaren agendan denok gaude inplikatuta, eta modu aktiboan parte hartu behar dugu, azelerazio eta intentsitate handiagoa behar dugulako, bai eremu publikoan, bai banakako ekintzetan”.

Hiriburuko alkateak hiriak ekonomia berde berriaren erronka espezifikoei eta planetaren erronka orokorrei erantzuteko aliatu estrategiko gisa aurkeztu ditu. Urtaranen ustez, “eraldaketa-prozesu hori guztion artean egin behar dugu, Green Deal erakundeek, enpresa-ehunak eta herritarrek partekatzen duten konpromisoa baita, Garapen Jasangarriaren Helbururekin bat datozen hiri eta herrialde berri bati bultzada hori emateko”. Gasteiz ere garatzen ari da bere Green Deal, “ekonomia berdean, gizarte-kohesioan eta ingurune naturalaren babesean oinarritutako esperientzia berritzaileak bultzatzeko funtsezkoa dena. Azken batean, hiri berdetik ekonomia berderako trantsizio-prozesu horretan gakoa da”, Gorka Urtaranek nabarmendu duenez.

ERAKUSKETA:

Erakusketa ia sei metro luzeko ilustrazio handi batek osatzen du. Ilustrazio horrek erakusten du pertsonen eguneroko erabakiek nola eragiten duten Europako erakundeek sustatutako itun berdearekin zerikusia duen guztian. Standak gai hauei heltzen die: energia-efizientzia, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hurbileko produktuen kontsumoa eta ekonomia zirkularra.

Erakusketan etengabeko informazioa dago, standetan eta liburuxketan, honako gai hauen inguruan: emisioen murrizketa, ekonomiaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra (hondakinak baliabide-iturri gisa erabilita), energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, elikadura-katearen jasangarritasuna edo zero kutsadura ingurune osasungarria lortzeko.

Basque Green Dealen standak gonbidatu egiten gaitu jasangarritasunarekin konprometitzeko egunerokotasunean har daitezkeen erabakiei buruzko gogoeta egitera. Posible da etxeko esparruan ere efizientzia-irizpideekin, energiaren zentzuzko kontsumoarekin, hurbileko produktuen kontsumoarekin, berrerabilerarekin eta birziklapenarekin bat egitea.

EGUTEGIAK OPARI

Egun hauetan erakusketara hurbiltzen direnek informazio interesgarria biltzen duen Itun Berdearen 2022ko egutegia eraman dezakete opari. Ekonomia zirkularra, ETEentzako laguntzak, klima-aldaketa, elikagaiak alferrik galtzea, hurbileko produktuen kontsumoa, energia berriztagarriak edo mugikortasun jasangarria izango dira laminen bidez hilero helaraziko diren mezuetako batzuk.

Hormako nahiz mahaiko formatuko egutegiak dohainik banatuko zaizkie urtarrilaren 6ra arte, Itun Berdea – Basque Green Deal Gunea erakusketa ezagutzera, Gasteizko autobus-geltokira hurbiltzen direnei.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, alcalde de Vitoria-Gasteiz