Eu

Eusko Jaurlaritzak 8 ekimen berri ezarri ditu azken urtean Merkataritzari laguntzeko

2011.eko irailak 22

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak Legebiltzarrean aurkeztu du Euskal Merkataritzaren Egokitze Planaren lehenengo urtearen balantzea, 2010eko apirilean aurkeztutakoarena.

Termino errealetan, % 2,7 hobetu zituen bere salmentak euskal barne-merkataritzak.

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Eusko Jaurlaritzaren Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak agerraldia egin dute beren kabuz Legebiltzarraren Industria Batzordean Euskal Merkataritzaren Egokitze Planaren betetze-mailari buruzko informazioa emateko, 2010eko apirilean onartu zenetik urtebete igaro den honetan. 

Agerraldia egin aurretik, sailburuordeak gogorarazi du barne-merkataritzaren salmentek 2010ean % 5,6ko igoera nominal metatua izan zutela eta termino errealetan, aldiz, % 2,7ko igoera. Lurraldeen arabera, Gipuzkoa % 3,5 hazi zen, Araba % 3,4 eta Bizkaia % 2,1 Sektoreari buruzko zenbait datu ere eman ditu.

Enplegu-arloan, Euskadik Gizarte Segurantzarako 928 afiliazio irabazi ditu 2009tik 2010era. Aldi horretan, igoera izan da euskal saltokiak kudeatu eta unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonei dagokienez (% 20tik % 31ra). Era berean, merkataritza-establezimenduen saldo globala 2.256 lokaletan murriztu da 2009an eta iaz, eta sektorean IKTek izan duten erabilerak, aldiz, gora egin du. Gainera, euskal saltokien kontsumitzaileen gogobetetze-mailak 7,51ko batez bestekoa izan du hamarren gain.

Pilar Zorrillak nabarmendu du "sektoreak egindako ahalegin itzela, Jaurlaritza beti alboan izango duela, etengabeko eraldaketan dagoen jokaleku batera egokitzeko, betiere prestakuntzaren, kudeaketaren hobekuntzaren eta inbertsioak gehitzearen aldeko apustua eginez, une honetako zailtasun ekonomikoak gorabehera".

Azken urte honetan zortzi ekimen jarri dira abian euskal merkataritzari laguntzeko, ikuspegi desberdinetatik begiratuta: Merkataritza Bikaina, Merkataritza Ekipamenduen Modernizazioa, Lehiatu Programa Enpresa arteko Lankidetzakoa, Transmisio eta Ekintzailetzako ekimena, hiri-merkataritza dinamizatzeko Zonako Estrategiak, Miniresiste programa eta Ikusmer Euskal Merkataritzaren Behatokiak izan duen erabateko aldaketa.

Merkataritza Bikaina programa aitzindaria dugu Espainian. Eusko Jaurlaritzak saltokiei beren bikaintasun-maila hobetzea ahalbidetzen dieten tarteko ziurtagiriak (Brontzezko Q-a eta 'Bikaintasuna helburu') bultzatu ditu. 250 saltoki daude jada eraldaketa-prozesuan eta horietatik 9k ziurtagiri berriak lortu dituzte. Era berean, UNE arauaren 316 ziurtagiri eman dira aldi horretan. Nolabaiteko kalitate-maila egiaztatzen duten 1.491 saltoki ditu une honetan Euskadik. Programa horrek jakin-mina piztu du gobernu autonomoetan, eta informazioa eskatu dute beren erkidegoetan abiarazteko.

Merkataritza Ekipamendua Modernizatzeko programak, 'Renove plana' izenez ere ezagututakoak, bultzada eman dio halaber Euskadiko denden berritzeari. 2010-2011 aldian, Eusko Jaurlaritza ia bederatzi milioiko diru-laguntza egin du sektoreko enpresak beren instalazioak modernizatzera animatzeko, 80 milioi euroko guztizko inbertsioarekin. Euskal merkataritzak bere irudia hobetzeko eta bere bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko ahalegintzen ari dela erakusten digu horrek. Kate-ondorio positiboa izango du neurriak gremioei, autonomoei eta merkataritzarako zerbitzu-zuzkitzaileei dagokienez

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak iaz enpresentzat eta, bereziki, merkataritza-sektorearentzat iaz martxan jarritako programa dugu Lehiatu. Enpresak lankidetzan aritzera animatzen ditu, beren lehiakortasuna batera hobe dezaten. Orain arte 13 proiektu jarri dira abian, eta aurtengo azken hiruhilekoan izango dugu balantzearen berri. Hainbat azpisektore biltzen dituzte, hala nola:

  • Bizkaiko elikagai freskoen saltokien lehiakortasuna hobetzeko plana (Bilboko Merkataritza Ganberaren laguntzarekin),
  • Pinturen eta dekorazioko enpresen arteko lankidetza-sarea Gipuzkoan (Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin),
  • Gasteiz On elkarteari lotutako saltokien komunikazio-, lehiakortasun- eta hobekuntza-proiektu bat, Gasteizen,
  • euskal merkataritza-sareari laguntza ematea eta hura dinamizatzea garatzeko bidean dauden merkatuetan erosteko (Euskomer sozietatearekin),
  • Erosketa- eta zerbitzu-zentral baten bideragarritasuna Euskaldendak elkarteko kideentzat,
  • tokiko merkataritzaren eta Arabako tokiko ekoizleen arteko lankidetza (Ekilur, Arabako Merkataritza Federazioarekin),
  • Gipuzkoako hiri-merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko proiektu bat (Dendartean),
  • Bizkaiko merkataritza-sektorearen lehiakortasuna hobetzea berrikuntzaren bidez (Cecobi),
  • haragizko produktu berriei buruzko ikerketa (Bizkaidendak).

Ildo beretik, Enpresen arteko Lankidetza programa izan da merkataritza-sektorea indartzea ahalbidetu duen nobedade nagusietako bat. Dagoeneko lau proiektu garatzen ari dira:

  • hiri-merkataritza txikia nazioartekotzea (Dendartean programaren eskutik),
  • enpresen arteko lankidetza merkataritza-sektorean, Gipuzkoako Federazioaren gidaritzapean,
  • Bizkaia Outlet proiektua (Cecobi),
  • garapen-bidean dauden merkatuetan erosketa-merkatua ezartzeko plana, Arabako Federazioak bultzatuta.

Transmisioa eta Ekintzailetza izeneko ekimenak, berriz, sektorearen know how-a' aprobetxatzeko aukera ematen du, eta enpresaburu berria profesionalizatu beharra azpimarratzen du. Dagoeneko zortzi eskaera erregistratu dira Negozioaren transmisioari loturik, eta Ekintzailetzarako beste 100 eskaera onartu dira, hurrenez hurren. Laburbilduta, merkataritza-sektorearen esku -mikroETEak eta autonomoak, bereziki- 700.000 euroko laguntzak jarri dira, saltokien ondorengotza eta ekintzailetza errazteko. Kasu honetan, SPRIk horrelako 109 proiektu erraztu zituen iaz saltokietan, baita 51 enpresa-oinordetza erraztu ere (2009an, 73 eta 40 izan ziren, hurrenez hurren), eta, horri esker, bi urtean 3.370 enpleguri eustea lortu zuen.

Lankidetzarako, Dinamizaziorako eta hiri-merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko Zonako Estrategiak ere jarri dira abian. Elkarte eta udalekiko lankidetza publiko-pribaturako hitzarmenak dira, hiriko inguruneetan balio erantsiko zerbitzuak hobetzea bultzatu nahi dutenak. Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi euroko diru-laguntzak eman dizkie udalei, eta horren eraginez udalek 16,4 milioi euro inbertitu dituzte guztira. Merkatari-elkarteek, berriz, 1,5 milioiko diru-laguntza jaso dute Gobernuaren eskutik, eta horren eraginez 1,8 milioi euro inbertitu dute guztira.

Miniresiste programak tutoretza indibidualizatua eta finantza-laguntza ahalbidetzen ditu bikaintasuna bilatzen duten saltokientzat. Orain artean 56 saltokik jaso dute diru-laguntza, eta guztira 126.000 € jaso dute, finantza-kudeaketarako prestakuntza eta erremintak jasotzeko baliagarri.

Ikusmer Merkataritzaren Euskal Behatokiak ikuspegia aldatu du lehiakortasuna zaintzeko sistema bihurtzeko, sektorearentzat erreferentziazkoa dena. 2010ean hainbat azterlan egin ditu Euskadiko erosketa-esperientziari eta kontsumitzailearen gogobetetzeari buruz, euskal merkataritzaren gizarte-proiekzioari buruz, euskal merkataritzaren finantziazio-premiei buruz eta Euskal Merkataritzaren Barometroari buruz.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 22a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak