Berriak Ekonomia eta Ogasuna
qrcode

“Covidak jarraitzen badu, ahalik eta baliabide gehien erabiliko dugu Gobernuan”, adierazi du Pedro Azpiazuk

2021-12-22

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuren iritziz Eusko Jaurlaritzak “nahiko modu nabarmen batean” egin die aurre pandemiaren ondorioei, baina azpimarratu duenez, “Covid-19ak jarraitzen badu, ahalik eta baliabide gehien erabiliko dugu. Azken bi urteotan baliabide guztiak aktibatu behar izan ditugu pandemiari aurre egiteko, eta hala egiten jarraituko dugu, beharrezkoa balitz”.

Gaur goizean Herri Irratiko “Egun on” saioan egindako elkarrizketan egin ditu adierazpen hauek Azpiazuk, aktualitateko gaien errepasoa eginez.

2022rako aurrekontu-proiektua onartuko duen ohiko Osoko Bilkuraren bezperan, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak nabarmendu duenez, “Euskadik aurrekontu hedakorra izango du. Momentu hauetan behar dena”. Azpiazuk, gainera, datorren urterako kontu publikoak aurrera ateratzea ahalbidetuko duen aritmetika parlamentarioa azpimarratu du: “Legebiltzarraren % 83 ez dago aurrekontu horren aurka”.

Bere ustez, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea dira kontu horietarako planteatutako erronkak. Xehetasunetan sartuta, eta aurrekontuen exekuzio mailari erreparatuta, Azpiazuk gogorarazi du Euskadi dela gehien exekutatzen duen autonomia erkidegoa. “Gastu-aurrekontuaren % 98 baino gehiago da” zehaztu du, “baina % 100era iristea ia ezinezkoa da”.

Irratiko elkarrizketaren atal honetan, Azpiazuk 2022rako aurrekontu hauetan aurreikusitako inbertsio publikoari balioa eman dio, 2021eko kontuekin alderatuta % 50eko hazkundea izan baitu, 1.605 milioi eurora iritsiz.

EH Bildurekin aurrekontu-proiektuaren babesa handitzea ahalbidetu duten negoziazioei dagokienez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak positibotzat jo du akordioa. “Oso pozik nago EH Bildurekin lortutakoarekin. Politikak positiboa den zerbaiterako balio izatea lortu dugu. Adostasunak bilatzea oso lan garrantzitsua da, eta herritarrei mezu positibo bat bidaltzen ere laguntzen du, garai zailetan akordioak lortzea posible den heinean”.

Azpiazuk gogoratu duenez, pandemiaren hasieran debate gogorragoa zegoen osasunaren eta ekonomiaren artean, lehentasuna zeini eman eta gai batek bestearen gainean dituen ondorioak. “Orain bi alderdiak orekatzeko gai izaten ari gara. Iaz jarduera ekonomikoaren beherakada handia izan genuen, eta aurten osasun-arloa konpontzeko gai izatea espero dut, hori baita lehena, eta ekonomia zaintzea”, azpimarratu du.

Ekonomia eta Ogasun Sailak aurreikuspen ekonomikoak eguneratu ditu, bai aurtengo itxierarako, bai 2022rako. Azpiazuren iritziz, berriki ezagututako datuen ondorio da eguneratzea. “Aurreikuspenek une bakoitzean gertatuko den horretara egokitu behar dute”, gaineratu du. Alde horretatik, azaldu duenez, “Europako funtsak lehenago etorriko zirela uste genuen, eta ez genuen espero estuguneak sortuko zirenik horniduretan, ezta inflazio handi bat… Horregatik, 2021eko aurreikuspenak beherantz berrikusi ditugu, eta 2022rako aurreikuspenak, berriz, gorantz. Beteko direla espero dezagun”.

“Argindarraren prezioa industria erasaten ari da, eta abar; baina industriaren hazkundea positiboa izaten ari da eta ez da ahaztu behar gure ekonomiaren hazkundea industriaren menpe dagoela”, azpimarratu du Herri Irratiko “Egun on” saioan egindako elkarrizketa honetan.

Europako funtsei dagokienez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak argitu duenez, orain arte iritsi diren zenbatekoak, 500 milioi euro inguru, “oso ekintza zehatzetarako dira. Espero dut 2022an proiektu garrantzitsuetarako eta ekonomiaren trakziorako erakunde arteko proiektuetarako iristea”.

Gai horri lotuta, Azpiazuk argitu duenez, funts horiek “mana” bat balira bezala ikusi beharrean, “Europarekiko zor batetik datozela” hartu behar dira kontuan. Itzuli egin beharko baititugu. Europa bueltak ematen ari da jada zerga komunitarioei. Horregatik, garrantzitsua da ondo erabiltzea, bestela akats bikoitza egingo genuke”. Bere iritziz, Espainiak, ministerioen bitartez, “transferitu zaigunarekin, baldintzatu egin ditu Autonomia Erkidegoek garatu beharreko jarduerak. Oraingoz ez dugu lortu hau aldatzea”.

Azkenik, balizko erreforma fiskal bat aztertzeko unea noiz izango den galdetuta, Azpiazuk azpimarratu duenez, “une honetan ekonomia suspertu behar da, eta horretan zentratu behar dugu. Datorren urtean hasiko gara gai honi buruzko hausnarketarekin”.

2 iruzkin
  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-12-22

    Si dejamos avanzar a los patógenos en el extremo fabricación pueden llegar a faltar materiales para vacunar a tantas personas cuando sólo esté además la mano humana sin contar con la escasez, priorizar recursos y racionalizar si diese lugar

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-12-22

    Bakarrik pertsonen lana konturatuta, baliteke ez aurkitu material gehiegi hainbeste pertsonei txertoa jartzeko, errekurtso aurreztu behar

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)