Sei proiektuk gainditu dute Adimen Artifiziala Sustatzeko eta Garatzeko Sarien lehen fasea

2021-12-16
  • Fake news edo albiste faltsuak detektatzeko tresna bat, behaketa klinikoetan pazientearen pertzepzioa txertatzeko proiektu bat, eta trafiko gorabeheren arriskua iragartzeko sistema bat dira Eusko Jaurlaritzak hautatuko proiektuetako batzuk
  • Ekimenak Eusko Jaurlaritzari berari aplika dakizkiokeen ekoizpen proiektuak bultzatu nahi ditu, etorkizunean erabil daitezen

Eusko Jaurlaritzak aurten lehen aldiz deitu dituen Adimen Artifiziala Sustatzeko eta Garatzeko Sariek dagoeneko badituzte bere proiektu finalistak. Aurkeztu diren hamalau hautagaietatik seik gainditu dute mozketa eta 15.000 eurona jasoko dituzte. Bigarren fasean, ideiaren eta garapenaren deskribapena jasotzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren, aukeratuek beren proiektuak garatu beharko dituzte. Hortik aterako da datorren urtean 30.000 eurona jasoko dituen azken hirukoa, ideiaren garapenari eta azken exekuzioari aurre egiteko.

Deialdi honetara aurkeztu diren enpresen ekoizpen proiektuak bultzatu nahi dira ekimen honen bidez, eta behin burututa daudenean Eusko Jaurlaritzari berari aplikatu eta erabiltzeko asmoa dago bere eginkizunetarako. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren Zuzendaritzak guztira 180.000 euro bideratuko ditu sari hauetarako, eta bi fasetan banatuko da: erdia aurten eta beste erdia hurrengoan.

Jarduera eremuari dagokionez, aukeratutako proposamenak askotarikoak izan dira. Adibidez, Teknei Digitalek fake news edo albiste faltsuak detektatzeko tresna bat sortzea proposatzen duena, edo Deusto Seidor enpresak pazientea behaketa kliniko medikuetan sartzea ahalbidetzen duen proiektua. Legitimo Solutions dokumentu-datuak ateratzeko mekanismo bat diseinatzen ari da. Serikat enpresak errepideko trafikoaren gorabeherak iragartzeko semaforo bat sortzeko proiektua aurkeztu du eta Ibermaticak herritarren eta Tramitaguneren dokumentuak katalogatzeko sistema bat garatu nahi du. Azkenik, LSK enpresak laguntza tresna bat diseinatu nahi du larrialdietako zerbitzu medikuetan asistentzia karga aurreikusteko.

Sarien bigarren eta behin betiko fasean, proiektuek modu praktikoan gauzatu beharko dute beren ideia, eta ideia hau Eusko Jaurlaritzak EJIEren bidez dituen azpiegiturara eta zerbitzuetara egokitu beharko da. Proiektuak baloratzerakoan kontuan hartu dira, batez ere, proiektuak duen itzulkina euskal herritarren eta administrazioaren egunerokoan, bai eta proposamenaren bideragarritasuna eta balio ekonomikoa ere. Proiektuan erabilitako teknologia, lan plana eta antolaketa plana dira sarien ebaluazio organoak aintzat hartu dituen beste irizpide batzuk.

Behin eskabideak aurkezteko epea amaituta, ebaluazio organoak sei proiektu hauek hautatu ditu:

 - Albiste faltsuak antzematea

Adimen artifizialeko teknologien bidez albiste faltsuak edo engainagarriak aurkitu eta markatzen laguntzeko tresna bat sortzean datza Teknei Digital enpresaren proiektua, testu, irudi zein bideo formatuan.

 - Hizkuntza Naturalaren Prozesamenduan oinarritutako medikuntza pertsonalizatua

Pazientearen pertzepzioa ohiko behaketa klinikoetara eramateko proiektua proposatzen du Deusto Seidor enpresak, bai eta tratamendu eta gaixotasunetara ere, betiere medikuaren artatze egokiago baten mesedetan.

 - Dokumentu-datuak ateratzea

Legitimo Solutions SLren proposamena plataforma bat sortzean datza, herritarrek eta enpresek izapideak autokudeatzeko dokumentu oro edozein kanalen bidez entregatzea ahalbidetzen duena.

- Trafikoko gorabeherak iragartzeko semaforoa

Hiru eguneko trafiko gorabeheren arriskua aurreikusteko sistema bat eraikitzea. Hori da Serikat enpresaren proiektua, kasu honetan bigdatan/estatistikoan oinarritutako proiektua.

- Larrialdi medikoetako asistentzia-kargaren iragarpena

LKS enpresak laguntza-tresna bat diseinatu nahi du ospitaleko larrialdi zerbitzuetan ematen den asistentzia-karga aurreikusteko. Bi jokabide motak eragiten duten arazoei aurre egin nahi die proiektu honek: larrialdi zerbitzuaren ohiko portaera eta izaera partikularreko eta normalean denboran mugatutako ehunka gertaerek eragiten duten larrialdiaren portaera.

 - Dokumentuak katalogatzea eta akatsak murriztea Tramitagunen

Ibermaticak proiektu bat planteatzen du, herritarrak eta izapidegileak Tramitaguneko aplikaziotik egiten dituzten dokumentuak berrikustea oinarri duen proiektua aurkeztu du Ibermaticak. Jarduketa horri esker, dokumentuak katalogatzeko akatsak eta elkarrekintzak murriztu ahal izango dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak