Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Country 2025 Estrategia berria onartu du erronka berriei aurre egiteko (Gobernu Bilera 2021-12-14)

2021-12-14
  • Gobernu Kontseiluak ere argi berdea eman dio legegintzaldi honetarako Kanpo Ekintzako Planari

Eusko Jaurlaritzak, gaurko bileran, Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotzeko Esparru Estrategia berria onartu du, bere nazioartekotze-jarduera indartzeko asmoz, Covid-19aren agerpenak eragindako eredu sozioekonomikoa berreskuratu eta eraldatzeko jokaleku batean. Era berean, eta estrategia horren esparruan, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio legegintzaldi honetarako Kanpo Ekintzako Planari. 

Euskadi Basque Country zeharkako estrategia bat da, eta hura egiteko prozesuan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako sailek, foru-aldundiek, EUDELek eta hiru euskal hiriburuetako udalek, bai eta kanpo-ekintzaren gobernantza-organoak osatzen dituzten nazioartean jarduera garrantzitsua duten erakunde publiko eta pribatu ugarik ere. Hori guztia nazioartekotzeko ibilbide-orri komun bat sortzeko helburuarekin, nazioarteko aldaketa geopolitikoetara egokitua, trantsizio digitala eta klimatikoa erraztuko dituena, eta estatuz azpiko gobernuen garrantziaren hazkundea bezalako joerak aprobetxatuko dituena. 

Estrategia berri horretara 609.628.068 euro bideratuko dira guztira, eta nazioartekotzeko 3.210 jarduera garatzea da jardueraren helburua. 

Lehentasunezko herrialde eta eskualde multzo bat identifikatzen du, eta horietan zentratuko da Eusko Jaurlaritzaren kanpo-agendaren zati handi bat datozen lau urteetan. Horrela, harreman estua duten herrialde eta eskualde batzuekin harremanak indartuko dira, jarduera-eremu berrietara dibertsifikatzea bultzatuko da eta lehentasunezko geografietan harremanak eta aliantzak garatuko dira. 

2025arekin, hauek dira lehentasunezko herrialdeak: Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Italia, Suedia, Danimarka, Finlandia, AEB, Mexiko, Txile, Kolonbia, Argentina, Kanada, Txina, Hego Korea, India, Japonia, Hegoafrika, Senegal. Eskualde mailan, hauek dira lehentasuna duten eskualdeak: Akitania Berria, Euskal Herriko Aglomerazio Mankomunitatea, Flandes, Bavaria, Gales, Korsika, Quebec, Queretaro, Cundinamarca eta Jiangsu. 

Ardatzak eta helburuak 

Euskadi Basque Country Estrategiak eta Kanpo Ekintzako Planak lau ardatz nagusi partekatzen dituzte, Eusko Jaurlaritzaren nazioarteko jarduera gidatuko dutenak, eta horien gainean hedatzen dira helburu eta jarduera guztiak.

Hauek dira ardatzak: 

1.-  Euskadiren kanpo-posizionamendua hobetzea:

  • Herrialde marka indartzea: bereizia, erakargarria eta inklusiboa
  • Eusko Jaurlaritzaren kanpo-sarea indartu eta hedatzea, lehentasunezko Europako herrialdeetan ordezkaritza berriak irekiz, Pariseko Ordezkaritzarekin hasita, eta Basque Trade & Investment agentzien hedapenarekin (laster, Japonian eta Hego Korean).
  • Ondo artikulatua eta dinamikoa den Euskal Komunitate Globala- Han Hemen Global Network eraikitzea, egungo egituretan oinarrituz (horien artean Euskal Etxeak) eta kideen arteko komunikazioa errazteko bitarteko eta tresna berriak erabiliz. 

2.- Ehun sozioekonomikoaren nazioartekotzea bultzatzea:

  • Erakundeen arteko harremanak sendotzea, eta nazioarteko bazkideekin eta aliantzekin egindako lanean sakontzea. 2025erako euskal eragileek kanpora bidalitako 350 misio eta ordezkaritza antolatzea jarri da helburu gisa.
  • Sare sozioekonomikoak bere proiektuak nazioartean gauza ditzan erraztea, Euskadiko eragileek nazioarteko 610 azoka, foro eta ekitalditan parte har dezaten laguntzea.
  • Trantsizio teknologiko-digitalari eta berdeari erantzuteko ezagutza eta gaitasunak erakartzea erraztea. 

3.-  Europako proiektuan laguntzea eta parte hartzea:

  • Europar Batasuneko politiken konfigurazioan parte hartzea. Horretarako, kanal guztiak aktibatuko dira, Europako politiken eta programen diseinuan eragiten duten ekimenetan parte hartzeko. Eusko Jaurlaritzak parte hartuko du konstituzio-eskualdeek sustatutako espazio eta sareetan, EBren erakunde-arkitekturan eragiteko.
  • Euskal eragileak EBren funtsezko ekimenetan erabat txertatzea. Euskadin EBren finantzaketa-politikak eta -programak zabaltzeko ahaleginak areagotuko dira, batez ere hiru trantsizioekin lotuta daudenak. Euskadik Arku Atlantikoaren Batzordean, Itsas Eskualde Periferikoen Konferentzian eta Pirinioetako Lan Elkartean duen parte-hartzea ere indartuko da, 2023ra arte Euskadiren lehendakaritza izango baitu.
  • Euroeskualdeko eremua finkatzea. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen 2021-2027 plan estrategiko berria hedatuko da. Communauté d 'Agglomération du Pays Basque – Iparraldearekiko harremana ere areagotuko da.

4.- Erronka globalak gainditzeko euskal ekarpena indartzea:

  • Euskal politika publikoetatik Euskadirentzat garrantzitsuak diren agenda globalei laguntzea. Horretarako, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia behatoki bat izango da, egungo problematikei erantzunak biltzeko eta helarazteko, bai Nazio Batuen sisteman (PNUD, UNICEF, UNDESA, ONU-Habitat), bai beste erakunde batzuetan. Era berean, akordioak, proposamenak eta agenda interesgarriak helaraziko dizkie Jaurlaritzako sailei. Eta, azkenik, euskal politika publikoen parte-hartzea sustatuko du, gune horietan erronka global horiek konpontzeko. 

Estrategia 2025eko Kanpo Ekintzako Plan berriarekin partekatzen duten lau ardatz horiez gain, azken horrek bosgarren ardatz espezifiko bat du, Euskal Komunitate Globala Eraikitzeko Estrategiaren helburua garatzen duena. Komunitatea-Han Hemen Global Network, atzerrian dauden euskal herritarren profilak elkarri lotzeko gai dena. Horretarako, kanpoan dauden euskal herritar berrien ezaugarriak, motibazioak eta beharrak aztertuko dira. Euskal Etxeen Sarea sendotzea ere bultzatuko da, eta Euskadiko diasporari buruzko ezagutza sustatuko da, ikerketa sustatuz eta hedatuz eta Euskal Diasporako Ikasketen Graduondokoa abian jarriz. 

2025eko Kanpo Ekintzako Planari esleitutako aurrekontua 63.479.898 €-koa da indarraldiko bost urteetarako.

Informazio gehiago

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko