27 entitate publiko eta pribatuk jaso dute BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria
- Iñigo Urkullu Lehendakariak banatu ditu gaur ziurtagiriak, Bingen Zupiria sailburuarekin batera, Gasteizko Europa Jauregian egin den ekitaldian
- Hamabi erakundek goi mailako ziurtagiria jaso dute, hamalauk tartekoa eta batek oinarrizkoa
Iñigo Urkullu Lehendakaria buru dela ospatu da gaur, “Bikain 13, biratu euskara!” lelopean, BIKAIN ziurtagirien banaketa ekitaldiaren hamahirugarren edizioa. Gasteizko Europa Jauregian egin dan ekitaldian 27 entitate publiko eta pribatuk jaso dute ziurtagiria; horietatik hamabik goi-mailako urrezko BIKAIN egiaztatu dute, hamalauk tartekoa den zilarrezkoa eta batek oinarrizkoa. Ekitaldian Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro González Arabako Diputatu Nagusia; Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea egon dira BIKAIN ziurtagiria eskuratu duten erakundeetako ordezkariekin, Ebaluatzaile Klubeko kideekin eta beste hainbat ordezkarirekin batera.
Ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez “eraldaketa garai betean gaude eta gizarte honen erronka handienetakoa da euskara jarduera ekonomikoan ere kudeatu eta erabiltzeko bidera eramatea. Lan munduaren talaiatik begira euskarak badu zer emana kudeaketa aurreratuan, gizarte erantzukizunean, hizkuntzen kudeaketan, kalitatean. Zerbitzu hizkuntzaz eta lan hizkuntzaz ari da BIKAIN ebaluazioa. Herritarrei euskaraz zerbitzua ematea da lehen pausoa. Lana euskaraz egitea bigarrena. Bigarrenak lehena osatzen eta garatzen du”.
Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu du “lan-munduak eragin handia dauka gure bizi-denboretan, eta eragin aktiboa izan dezake euskararen ezagutzan eta erabileran. Entitateak edo enpresak jarrera proaktiboa izan dezake euskararen alde. Eta sekulako ekarpena egin dezakete euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa sustatzeko bidean. Jarduera ekonomikoak ekarpen ikaragarria egin lezake gizartea euskalduntzen eta erabilera sustatzen. Lan munduan euskara sustatzeak onurak ekarriko dizkio eremu sozioekonomikoari eta baita euskarari ere.”.
27 ziurtagiri
Orotara, jarduera ekonomiko desberdinetako 27 entitate publiko (11) eta pribatuk (16) jaso dute ziurtagiria hamahirugarren edizio honetan; horietatik hamabik goi-mailako urrezko BIKAIN egiaztatu dute, hamalauk tartekoa den zilarrezkoa eta batek oinarrizkoa. Lurralde banaketari dagokionez, berriz, bost Bizkaikoak dira, hogei Gipuzkoakoak eta bi Arabakoak.
Ziurtagiria jaso dutenen artean, ohi bezala, orotariko entitate publiko eta pribatuak daude: industrial nahiz teknologikoak, zerbitzuetakoak, asistentzialak, garraioetakoak, hezkuntzakoak, aholkularitza alorrekoak edota administraziokoak. Horiek guztiek egiaztatu dute garapen maila bat edo beste euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketan.
BIKAIN kanpo-ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da eta honako hauek dira ebaluatzen diren alorrak:
- Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
- Kanpo-harremanak
- Barne-harremanak
- Hizkuntza kudeaketa
Kanpo ebaluazio horiek BIKAIN Ebaluatzaile Klubeko kideek egiten dituzte eta, gaur egun, lan sektore ezberdinetako 540 profesionalek parte hartzen dute.
Honako hauek dira aurten BIKAIN ziurtagiria jaso duten erakundeak:
- Oinarrizko maila
- Badegi Asesores SLP
- Tarteko maila
- Arima Software Design S.L.
- Arreta Asistencial S.L.
- Asociación Cultural Hazian Kultur Elkartea
- Biele S.A.
- Ekin S.Coop.
- Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritza (Eusko Jaurlaritza)
- IKei Research Consultancy, S.A.
- Ingartek Consulting S.L.
- Jone Epelde Ciaran y otro SC
- OSATEK-Eibar
- Soraluzeko Udala
- Sormen Komunikazioa S.L.
- Urretxuko udala
- Zuzenean Zerbitzua (Eusko Jaurlaritza)
- Goi maila
- Amezketako Udala
- Ategi SCOOP
- Elhuyar Fundazioa
- Elhuyar-Zubize SL
- Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- IKT ON Koop. Elk. Txikia
- Legorretako Udala
- Oarsoaldea SA
- UPV/EHU-Bilboko Hezkuntza Fakultatea
- Urola Komunikazio Taldea Koop. Elk.
- Urtxintxa Aisialdiko Eskola Gipuzkoa Elkartea
- Zumaiako Udala
Bikain 13, biratu euskara
Hamahiru urteotan euskararen erabilera areagotu nahi izan duten erakunde publiko eta pribatuei ekarpen kualifikatuak egin dizkie BIKAIN ziurtagiriak, baita euskararen normalizazioan egindako lana aitortu ere. BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak 2008tik ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen duena. Ekitaldian aurreratu denez, Euskadiko jarduera ekonomikoaren markoa zabalduko duen ziurtagiri sistema berri bat lantzen ari da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saila eremu sozioekonomiko pribaturako.