Berriak Osasuna

EAE-k hamahiru pertsonari bermatu die hiltzeko laguntza medikoa, eustanasia arautzen duen legea indarrean sartu zenetik

2021-12-13

5.000 profesional inguruk parte hartu dute Osakidetzak antolatutako prestakuntza-ikastaroetan

 

Abenduaren 10era arte, EAEk 34 eskaera jaso ditu eta 13 eutanasia-prozedura egin ditu. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak eman ditu datu horiek Eusko Legebiltzarrean; bertan, EAEn Eutanasiaren Legea arautzen duen Lege Organikoa (martxoaren 24ko 3/2022 Lege Organikoa) betearazteko beharrezkoak diren jarduketen berri eman du. Sailburuak esandakoaren arabera, Legea “azkar eta eraginkortasunez” aplikatu da, eta esan du aurrerantzean ere eskubide hori baliarazi ahal izateko lanean jarraituko duela.

 

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean berak eskatuta eta Jose Luis Quintas Osasuneko sailburuordearekin batera eginiko agerraldian, Sailburuak azaldu du EAEk modu eredugarrian eta berme guztiekin bermatu duela Legea bete dela abian jarri zenetik igaro diren sei hilotan, bai eskatzaileen kasuan, bai hura egiten duten profesionalen kasuan.

 

Azaldu duenez, abenduaren 10era arte, 34 eskaera kontabilizatu dira. Haietatik, EAEn 13 eutanasia-prozedura egin dira: 8 eutanasia egin aurretik hil dira; 1i uko egin zaio, eta gainerakoak (12) prozesuaren une desberdinetan daude.

 

PRESTAKUNTZA

Sailburuak azaldu du Lege horrek harrera “positiboa” izan duela osasun-eremuko profesionalen aldetik. 5.000 profesional inguruk prestakuntza jaso dute hiltzeko laguntza emateko prozeduren, jarduketa-protokoloen eta jardunbide egokien eskuliburuaren inguruan. Gehienak Osakidetzako profesionalak izan dira, baina eremu soziosanitarioko profesionalek ere parte hartu dute.

 

KONTZIENTZIA-ERAGOZPENA

Kontzientzia-eragozpena dela eta, Gotzone Sagarduik hura prestazioa bermatzeko orduan EAEn “arazo bat ez dela” esan du. Gaur egun, EAEn, 188 kontzientzia-eragozle daude. Sailburuak esan duenaren arabera, zifra “oso baxua” da; izan ere, Osakidetzako pertsonal fakultatiboaren % 1,9 baino ez da.

 

EGINDAKO JARDUKETAK

Sailburuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egin dituen eta Lege hori azkar eta eraginkortasunez bete ahal izatea posible egin duten jarduketa guztiak aipatu ditu:

 

  • Herritarrei informazioa ematea eta sentsibilizatzea. Alegia, Legea argitaratzea; informazioa Osakidetzaren intranetean eta Osasun Sailaren web-orrian sartzea, ikuspegi teknikoan, etikoan eta juridikoan oinarrituta behar diren azalpenekin. Eduki horiek EAEko Medikuntzako eta Erizaintzako elkargo profesionalen artean ere zabaldu dira, bai eta osasun-zentroetan eta soziosanitarioetan ere.

 

  • Berme eta Ebaluazio Batzordea sortzea. Alegia, kideak izendatzea, antolamendu-dekretua argitaratzea, kideak izendatzeko agindua; barne-araudia eratu eta baimentzea.

 

 

  • “Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozle diren osasun-arloko profesionalen erregistroa” sortzea; horrek kontzientzia-eragozpena adierazten duen dokumentua diseinatzea dakar, bai eta kokapena, zaintza, sarbideak, mantentze-lana eta abar aurreikusi behar dituen erregistroa bera diseinatzea ere.

 

  • Legean aurreikusitako prozeduren dokumentu ofizialak diseinatu eta argitaratzea.

 

  • Erregistroen konfidentzialtasuna bermatzeko eta pertsonal mediko arduradunen eta pertsonal mediko aholkularien lana errazteko historia kliniko elektronikoko aldaketak.

 

  • Prestakuntza:  Osasun Sailak eta Osakidetzak prestakuntza-ikastaro bat diseinatu dute medikuntzako eta erizaintzako profesionalentzat, hiltzeko laguntza medikoa emateko alderdi tekniko, etiko eta juridikoei buruzkoa.  Ikastaro horretan, 5.000 profesionalek baino gehiagok parte hartu dute EAEn.

 

  • Eta, azkenik, “Eutanasiaren Erregistro Ofiziala” sortzea; laster helduko zaio horri.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak