Eusko Jaurlaritzak ilusioz eta anbizioz hartu du Pirinioetako Lan Elkartearen Lehendakaritza
- Lehendakaria PLEren lehentasun orokorrak berrbultzatzearen alde agertu da: bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa hobetzea; Europar Batasunaren etapa berrian parte hartzea; eta klima-aldaketaren eta eraldaketa digitalaren erronkak aukera bihurtzen saiatzea
Iñigo Urkullu Lehendakariak Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) XXXIX. Osoko Kontseiluan parte hartu du gaur goizean. Bertan, mugaz gaindiko lankidetza-organo honen lehendakaritza hartu du, ilusioz eta anbizioz, azken urteotan kargua izan duen Kataluniako Generalitateko presidenteari txanda emanez.
Lehendakariak azpimarratu du Lehendakaritza hori bere gain hartzen duela, Pirinioetako Lan Elkartearen lehentasun orokorrak bultzatzeko helburuarekin: bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa hobetzea; Europar Batasunaren etapa berrian parte hartzea; eta klima-aldaketaren eta eraldaketa digitalaren erronkak aukera bihurtzen saiatzea.
PLEko lurraldeetako presidenteak biltzen dituen urteroko topaketak Kataluniako presidentetzaren balantzea egiteko, abian jarritako proiektuen lorpena aztertzeko eta PLEren etorkizuneko erronkak finkatzeko balio izan du. Ohikoa denez, jardunaldian zehar «presidenteen adierazpen komuna» sinatu da, proposatutako orientabide estrategiko eta politikoak jasotzen dituen dokumentua.
Pirinioetako Lan Elkartea
Pirinioetako Lan Elkarteak hiru hamarkada baino gehiagoko esperientzia du, eta Andorra, Akitania Berria, Nafarroa, Aragoi, Okzitania, Katalunia eta Euskal Autonomia Erkidegoko kolektibitateek parte hartzen dute. PLEren helburua Pirinioen garapenean laguntzea da, haien erronkak kontuan hartuta eta indarguneetan oinarrituta; lurraldeen arteko trukeak bultzatuz, Pirinioetako mugari eragiten dioten arazoak batera tratatuz eta etorkizuneko erronkei lotutako ekintza partekatuen bidez konponbide komunak bilatuz. "Pirinioek batzen gaituzte eta lankidetza da gure arrakastaren bermea", adierazi du Iñigo Urkulluk.
Ildo horretan, Lehendakariak adierazi du Pirinioetako Estrategiak bere agintaldian zehaztutako helburuei eusteko asmoa duela: azpiegitura eta zerbitzu publiko komunak garatzea; lankidetza sozioekonomikoa; ingurumen-politika eta klima-aldaketara egokitzea; kultura- eta prestakuntza-trukea, gazteei arreta berezia eskainiz. Esparru horretan, “Eusko Jaurlaritzak ilusioz eta anbizioz hartu du Lan Elkarte honen Lehendakaritza”, gaineratu du.
Mugaz gaindiko harremanak
Pandemiaren testuinguruan, ondorio sanitarioak, ekonomikoak, sozialak eta emozionalak pairatu dira eta pairatzen ari dira; eta, kasu honetan, mugaz gaindiko harremanen gaineko eragina gehitu zaio. Hori horrela, Iñigo Urkulluk laguntza eta bultzada helarazi nahi izan dio Europako Mugaz Gaindiko Mekanismoari. Gainera, Lehendakariak azpimarratu du Europaren etorkizunari buruzko konferentzia aukera bat dela mugaz gaindiko lankidetza ordezkatzen duen Lan Komunitate hau bultzatzeko, «Mugarik gabeko Europa batean».
Halaber, POCTEFA 2027 Programa berria prestatzen ari direla gogorarazi du. Programa horrek 240 milioi euro izan ditzake, eta lurralde-helburuak eta kudeaketa deszentralizatua barne hartzen ditu hiru eremu geografikoetan: Pirinioen mendebaldean, erdialdean eta ekialdean.
Azken agintaldiaren balantzea
Bere hitzaldian, Lehendakariak, halaber, agintaldi honetan Generalitateak egindako lana ere aitortu du, eta hiru jarduera-ardatz nabarmendu ditu: Pirinioetako Estrategiaren erdialdean Lan Elkartea bultzatzea; 2020ko martxoaren 11n Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia deklaratu zuenean elkartearen funtzionamendua eta lanaren antolaketa lehenbailehen egokitzea; eta Europaren etorkizunari buruzko hausnarketa-testuinguru batean abian jarritako ekimen berriak. “Hori oinarri hartuta, pandemiari eman beharreko erantzun jarraituak markatutako etapa berri bati ekingo diogu orain, eta, bereziki, egoera horren irakaskuntzak aplikatzeak markatuko du”, adierazi du Urkulluk.