Berriak Osasuna

Osakidetzak gogorarazi du gripearen aurkako txertoa erabilgarri dagoela herritar guztientzat hilaren amaierara arte

2021-12-09

Orain arte 508.500 txerto jarri dira, 2019an baino % 45 gehiago, baina 2020an baino % 6 gutxiago. Urte hori salbuespenezkoa izan zen pandemiaren ondorioz

 

Osakidetzaren gripearen aurkako txertaketa-kanpaina duela zazpi aste abian jarri zenetik 508.500 txerto jarri dira guztira. Txertoen % 72 65 urtetik gorako pertsonei jarri zaizkie. Aurreko kanpainen aldean, kopuru hori 2019koa baino nabarmen handiagoa da (% 45 handiagoa hain zuzen), baina 2020an lortu zen erantzunaren azpitik dago zertxobait. Izan ere, urte hori salbuespenezkoa izan zen pandemiaren ondorioz. Joan den urtean, garai honetan, kanpaina honetan baino % 6 txerto gehiago jarri ziren.

 

Osakidetzak gogorarazi du abenduaren amaierara arte har daitekeela gripearen aurka txertatzeko hitzordua. Gainera, herritarrak txertatzera animatu ditu, txertoa baita osasunean konplikazioei aurrea hartzeko modurik onena. Horretarako, bi bide erabil daitezke: Osakidetzaren web-orriaren bitartez edo osasun-zentrora telefonoz deitzen. Deitzean telefono-lokuzio bat entzungo duzue, eta “2” tekla sakatu beharko duzue hitzordua eman diezazueten.

 

Kanpainaren hasieran arrisku-taldeen txertaketa lehenetsi bazen ere, hots, 65 urtetik gorako pertsonena, gaixotasun kronikoren bat dutenena edo emakume haurdunena, joan den azaroaren 15az geroztik herritar guztiei zabaldu zaie gonbidapena. Nahi duen orori jarriko zaio gripearen aurkako txertoa. Izan ere, orain arte txertoa jarri zaienen % 17,5 ez dira ezein arrisku-taldetakoak.

Gogora ekarri behar da, gainera, kanpainaren hasieran 70 urtetik gorakoei aukera eskaini zitzaiela gripearen aurkako txertoaren aldi berean jartzeko COVID-19aren kontrako txertoaren oroitzapen-dosia, baldin eta bigarren dosia hartu zutenetik sei hilabete igaro baziren. Horiek horrela, 70 urtetik gorakoen % 44k aukera baliatzea erabaki dute, eta bi dosiak batera jarri dizkiete.

 

PREBENTZIO-NEURRIAK

Gripearen kanpaina honetarako, Osakidetzak txerto tetrabalentea jartzeko erabakia hartu du, gripearen andui desberdinen aurkako babesa handitzeko. Zehazki, 651.333 dosi erosi ditu guztira. Kopuru hori % 20raino handitu ahal izango da eskaria handiagoa baldin bada.

 Txertatzeaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute gripeari aurrea hartzeko garrantzi handikoa dela neurri jakin batzuk errespetatzea: eskuen higienea, jendetza saihestea, espazio itxiak aireberritzea eta maskara erabiltzea. Izan ere, maskara nahitaez erabiltzekoa da barnealdean, baita kalean ere, baldin eta segurtasun-tartea gorde ezin bada.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak