Eusko Jaurlaritzak berretsi du Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralarekin duen konpromisoa

2021-12-09
  • Euskadi, Katalunia eta Flandes dira funtsari ekarpena egiten dioten estatu azpiko gobernu bakarrak

Euskadiren Estatu Batuetako ordezkariak, Unai Telleriak, Nazio Batuetako Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak (OCHAk) antolatutako CERF High-Level Pledging Event: A Fund for all by all ekitaldian parte hartu zuen, atzo, New Yorken.

2019az geroztik, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak –Eusko Jaurlaritzako politika humanitarioa kudeatzen duen erakundeak– 500.000 euroko laguntza eman dio Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralari (CERFari). Ekitaldian, Telleriak konpromisoa hartu zuen 2022an 200.000 euroko ekarpen batekin jarraitzeko.

Euskadik hitza hartu zuen Nazio Batuen estatu kideekin batera. António Guterresek, Nazio Batuetako Erakundeko idazkari nagusiak, 2021ean funtsari esker erdietsi diren lorpenak nabarmendu zituen, aurten 34 herrialdetan esku hartu baitu.

48 ordu baino gutxiagotan, CERFek gatazkek, desplazamendu behartuek edo klima-aldaketak eragindako larrialdi humanitarioak artatu ditu. Horien artean daude, Afganistango biztanleei emandako laguntza herrialdearen hondatze egoera azkarra zela eta; Tigrayko gatazkan etiopiar biztanleriari babestea; iheslariak artatu Bangladesheko errefuxiatu kanpalekurik handienak su eman ondoren; goseteak Yemen edo Nigerian, edo Somalian lehorteak eragindako pertsonei lagundu.

Berehalako erantzuna
eLankidetzako apustuetako bat da ekintza humanitarioan larrialdiei berehalako erantzuna ematea. Horregatik, hain justu, urtero ekarpen ekonomikoak egiten ditu nazioarteko deialdietara edo CERF bezalako funts globaletara. Helburua da bizitzen galera murrizteko erantzun azkarra ematea; denbora faktore kritikoa denean erantzuteko gaitasuna hobetzea, eta finantzaketa eskasa duten egoeretan erantzun humanitarioa indartzea.

OCHAk argitaratu berri duen txostenaren arabera, 2022an 41.000 milioi dolar beharko dira 63 herrialdetako biztanle zaurgarrienak laguntzeko; aurten, aldiz, 35.000 milioi behar izan dira eta orain dela lau urte erdia behar izan ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak