Berriak Osasuna

Osasun sailburuak adierazi du Euskadi prest dagoela abenduaren 15etik aurrera haurrei txertoa jartzeko

2021-12-07
  • Osakidetza larritasun berezirik ez duten kontsultak atzeratzen hasiko da Lehen Mailako Arretan
  •  Hurbileko kontaktuek Euskadi.eus webguneko formularioaren bitartez hartu ahal izango dute proba diagnostikoa egiteko hitzordua, Jarraipen Sarearen deiari itxaron gabe

Gotzone Sagardui sailburuak azaldu duenez, gaur bertan ezarri du Osasun Publikoaren Batzordeak abenduaren 15etik aurrera hasiko dela haurrei txertoa jartzen, eta gaineratu du Euskadi prest egongo dela horretarako. Ildo horretan, logistika antolatzen ari dela azaldu du, eta zehaztu du, dosiak Euskadira iristeari buruzko xehetasun gehiago jakin bezain laster, Osasun Sailak informazioa emango duela zitazio-prozesuari buruz eta txertaketa-lekuei buruz.

Bestalde, kezkatuta agertu da gaur goizean, asteartero egiten den ohiko Gobernu Kontseilua amaitzean eskainitako prentsaurrekoaren ondoren, osasun-sistemak tentsio handiagoa duelako. Ildo horretan, Sagarduik iragarri duenez, Euskal Autonomia Erkidegoa osasun-larrialdian dagoen bosgarren eguna izan arren, egoera gero eta larriagoa da, kutsatzeak gora egiten ari dira eta osasun-sistema jasaten ari den tentsioa izugarri igo da.

LEHEN MAILAKO ARRETA

Hori dela eta, sailburuak jakinarazi du larritasun berezirik ez duten kontsultak atzeratu egingo direla. Hau da, atzeratu egingo dira gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen kontsultak, jarraipen-kontsultak zituztenenak. Ildo horretan, lehentasuna emango zaio osasun-arazo akutuen arretari, hots, arnasbideetako infekzioei edo sukarrari, besteak beste, Sintromaren kontrolari eta COVID-19a duten pazienteen arretari.

Orain arte egin den bezala, Osasun Sailak eta Osakidetzak astean behingo jarraipena egingo dute eta pandemiaren bilakaeraren arabera hartuko dituzte neurriak. Hori dela eta, sailburuak eskatu du jendeak ez dezala deitu osasun-zentroetara jarraipen-kontsulta mantentzen den ala ez jakiteko. Aldaketaren bat izanez gero, Osakidetzak jakinaraziko du. Osakidetzak kontrakorik esaten ez duen artean, kontsultara joan behar da.

JARRAIPEN-SAREA

Bestalde, sailburuak jakinarazi duen moduan, hurbileko kontaktuek Euskadi.eus webguneko formularioaren bitartez hartu ahal izango dute proba diagnostikoa egiteko hitzordua, Jarraipen Sarearen deiari itxaron gabe. Pertsona horiek SMS batean jasoko dute Osakidetzan proba bat egiteko hitzordua. Horrela lortuko da “hurbileko kontaktutzat” hartzen diren pertsonek are lehenago izatea infektatuta dauden ala ez jakiteko proba, eta, hartara, aukera izango dute, behar izanez gero, dagozkien bakartze-neurriak hartzeko.

Azaldu duenez, halaber, txertaketa-pauta osoa jarrita dutenei edo azken 90-180 egunetan COVID-19ak eragindako infekzio aktiboa izan dutenei proba diagnostikoa egingo zaie, eta, proba negatiboa bada, ez dute berrogeialdirik egin beharko, baina prebentzio-neurriak areagotu beharko dituzte eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak agertzen diren zaindu. Bestalde, pertsona txertatuta ez badago, berrogeialdia egin beharko du eta beste SMS bat jasoko du 8 egunen buruan beste proba bat egiteko.

Azkenik, Sagarduik berretsi du prebentzio-neurriak betetzen jarraitu behar dela:

Eskuak maiz garbitzea, aireberritzea, jendetza ibiltzen den edo pilatzen duten guneak saihestea eta, jakina, txertatzea.

Iruzkin bat
  • 2021-12-07

    Se nos vendio la vacunacion como la panacea. Y estando a un 90% casi, resulta que seguimos fatal, los vacunados podemos contagiar y contagiarnos...entonces para que vacunar a los jovenes....total van a contagiarse y contagiar....Esto no tiene ningun sentido...Que quieres que pensemos Sagardui? Estamos perdiendo la confianza a marchas forzadas. No se trata de que te entiendas a ti misma y convezcas a los funcionarios a sueldo del aparato, si no que la ciudadania encuentre sentido a todo esto...

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak