Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Erresuma Batuak interesa agertu du Lanbidek eskaintzen duen prestakuntza ereduari dagokionez

2011.eko irailak 20

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak Lanbideren berrikuntzak aurkeztu ditu lan-merkatuari buruzko Erresuma Batua-Espainia mintegiaren esparruan

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Erresuma Batua-Espainia alde biko mintegian parte hartuko du bihar; mintegi hori lan-merkatuari eta prestakuntzako eta enpleguko eredu berriei buruzkoa izango da. Erresuma Batuak interesa agertu du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren funtzionamenduari dagokionez eta, bereziki, prestakuntzarekin eta orientazioarekin loturiko berrikuntzei dagokienez. Horregatik, Enpleguko sailburua gonbidatu dute Lanbideren berezitasunak azal ditzan.

Mintegia Madrilgo enbaxada britainiarrean izango da eta bi zati izango ditu. Lehen zatian, lan-merkatuaren berrikuntzak aztertuko dira ikuspegi britainiarretik begiratuta eta, bigarrenean, ikuspegi espainiarretik begiratuta. Sailburuak Lanbideren ezaugarriak aurkeztuko ditu; Lanbideren osaera hiru alderdikoa eta paritarioa da eta Administrazio Kontseiluan sindikatuak, Confebask eta autonomia-erkidegoko administrazioa ordezkatuta daude. Lanbideren zerbitzu-eredua hiru printzipiotan oinarritzen da:

  • Erantzunkidetasuna: pertsona eta enpresa aktiboei erreminta-kaxa (orientazioa, bitartekotza, prestakuntza, sorospena, enplegu babestua...) eskaintzea.
  • Politika aktiboen eta prestazio edo politika pasiboen arteko lotura. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzea hartzaileen lanerako aktibazioarekin lotzea.
  • Arreta pertsonalizatua pertsona eta enpresei.

Lanbideren bereizgarrietako bat orientazio-sistema da. Hurbiltasunean eta arreta pertsonalizatuan oinarritutako eredua da. Izan ere, 70 orientatzailetik 245 orientatzailera (horietatik 115 egiaztatutako 53 zentro laguntzaileetan banatuta) igaro da. Orientazio-zerbitzuak enplegagarritasun-profil indibidualizatua osatuko die 62.000 eskatzaileri 2012ko apirilerako; horrek esan nahi du gutxienez 367.500 ordu emango dituztela arreta profesional indibidualizaturako.

Pertsonak aktibatzeko ezinbesteko beste tresna bat prestakuntza da. Eusko Jaurlaritzak prestakuntzan duen erronketako bat baterako lana da eta Enplegu Saila eta Hezkuntza Saila ari dira, dagoeneko, batera lan egiten lanbide-heziketako hiru sistemak (arautua, lanerakoa eta etengabea) integratzeko; beste erronka prestakuntza ziurtagarrian (profesionaltasun-ziurtagiriak) inbertsioa egitea da, baita prestakuntza ez formala ere (ziurtatu gabeko okupazio berriak eta premia bereziak dituztenentzako prestakuntza).

Lanbidek honako inbertsio hauek egingo ditu 2011n prestakuntza-arloan:

  • 50,3 milioi euro langabeei, bereziki, bideratuta (gutxi gorabehera, 20.000 lagun)
  • 28 milioi euro aktibo dauden langileen etengabeko prestakuntzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)