Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Akordioa, Abanto Zierbenako, Trapagarango eta Portugaleteko auzo kalteberen hiri-berroneratzerako zuzeneko dirulaguntzetarako (Gobernu Bilera 2021-12-7)

2021-12-07

Gobernu Kontseiluak, gaur, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, akordioa sinatu du, Abanto-Zierbenako, Trapagarango eta Portugaleteko udalei zuzeneko dirulaguntzak emateko, auzo kalteberetan hiri-berroneratzerako proiektuak abian jartzeko. 

Hiru udal horientzako laguntza berri horien bidez, EAEn hiria berroneratzeko proiektuak dituzten udalerrien sareko auzo kopurua areagotu ahalko da. Une honetan, Bilbokoa, Durangokoa, Eibarkoa eta Lasarte-Oriakoa daude martxan; ekimen horien bidez, 42 eraikinetan banatutako 741 etxebizitzatan bizi diren 2.000 pertsona ingururen bizi-kalitatea hobetzen ari da. 

Ezkerraldea-Meatzaldeko hiru udalerriak Berpiztu programako funtsen onuradun diren lehentasunezko arreta-eremuen barruan daude; haien bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 14 milioi euro bideratuko ditu 2021aren eta 2023aren artean EAEko auzoetan hiria berroneratzeko jarduketak sendotzera. 

Abanto-Zierbenan eta Trapagaranen kalteberatasun handiko auzoak identifikatu dira, eta haietan, aurretiko analisien arabera, etxeko batez besteko errenta ez da urtean etxebizitzako 15.000 euro baino gehiagokoa. Bi kasuetan, auzoko bulegoa sortuko da (opengela izenez ezagutzen dira), auzokide eta erkidegoei laguntza eta aholkularitza emateko, obrak nola egin eta finantzatu jakiteko, eta zailtasun ekonomiko gehien duten familiei jarduketak ordaindu ahal izateko finantzaketa osagarria bermatzeko funtserako sarbidea emango zaie.  

Abanto-Zierbenaren kasuan, 2021aren eta 2023aren artean 6,28 milioiko zuzeneko dirulaguntza Peñucas auzora bideratuko da; 20 ataritan banatuta dauden 200 etxebizitzaren eremua (zazpi bloke). Jarduketa integrala honako honetan datza: eraikin eta etxebizitzen birgaitze energetikoa, irisgarritasunekoa, bizigarritasunekoa, segurtasunekoa eta digitalizaziokoa, eremua berrurbanizatzea eta, horretarako, auzoko irisgarritasuna, udal-euskaltegiaren birgaitze energetikoa, enplegu-planak, finantzaketa eta ikasketak kontuan hartzea. 

Trapagarango kasuan, bestalde, 3,91 milioiko zuzeneko dirulaguntza San Andres auzora bideratuko da; bertan, 195 etxebizitzak parte hartuko dute hiria berroneratzeko proiektuan. Esku-hartzean honako jarduketa hauek egingo dira: eraikinak eta etxebizitzak birgaituko dira efizientzia energetikorako, eta hirigintzako zenbait jarduketa egingo dira, ingurumeneko jasangarritasunari begira, besteak beste, eraikin zaharkituen berrerabilera aztertzea eta gizarte-inklusioko ekintzak, enplegua eta I+G+b. 

Portugaleten, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 380.875 eurokoa izango da, esku-hartze integrala egiteko. Esku-hartze horren bidez, La Floridako parkea leheneratu nahi da, ekipamendu berriekin eta erdigunea estaliz, eta bide-azpiegiturak konpondu nahi dira eta birgaitze energetikoa, bizigarritasunekoa eta irisgarritasunekoa sustatu nahi da, Grumete Diego kalean dauden 23 etxebizitzatan (parkearen ondoan); izan ere, arazo larriak dituzte eraikinen inguratzaileetan eta haiek okerragotu egiten dute auzokideen bizi-kalitatea eta zaildu eremua deskarbonizatzeko helburuak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko