Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen René Cassin saria eman dio Elisa Loncón Antileori, Txileko konbentzio konstituzionaleko aktibista eta lehendakariari

2021-12-10
  • Sarituak “bizitza osoan balio batzuk defendatzeko jarraikitasuna eta dedikazioa adierazten ditu, eta ez bakarrik esparru akademikoan, baita Txileko komunitate indigenekiko gizarte-lanean ere”
  • Abenduaren 2an, ‘Financial Times’-ek munduko 25 emakume garrantzitsuenetakotzat hartu zuen
  • Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuorde Jose Antonio Rodríguez Ranzek ‘Gazte, zure unea da, hartu lekukoa’ kanpaina aurkeztu du

Gasteiz, 2021/12/10

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Jose Antonio Rodríguez Ranzek zuzentzen duen sailburuordetzarentzat hain garrantzitsua den gertakari horrekin bat etorriz, gaur Giza Eskubideen 2021 René Cassin saria jaso duen pertsona ezagutarazi da: Elisa Loncón Antileo Txileko ekintzaile eta politikaria, Financial Timesek duela egun batzuk aukeratua, munduko 25 emakume garrantzitsuenetariko bat. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordeak Berdintasun Sailak bultzatutako kanpaina aurkeztu du. Kanpaina horrek, aurten, “arreta berezia jartzen du gazterian eta giza eskubideen aldeko konpromisoan”, azaldu du Rodríguez Ranzek.

Eusko Jaurlaritzak 2003an sortu zuen urtero ematen den sari hori, giza eskubideen defentsan nabarmentzen diren pertsonak edo erakundeak publikoki saritzeko. Sariak René Cassin izena jaso zuen, izan ere, Giza Eskubideen Adierazpenaren inspiratzaile nagusietako bat da. Iparraldeko legelaria Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an.

Prentsaurrekoan, Jose Antonio Rodríguez Ranzek aurtengo saridunaren izena eman du, eta saritua “ospe handiko emakumea, baina, aldi berean, xumea eta jatorriaz harro dagoena”, dela esan du.

Elisa Loncón Antileo Traiguéngo-n jaio zen, Araucania eskualdean, Txileko hegoaldean, 1963ko urtarrilaren 23an, eta Lefweluan komunitate maputxean bizi izan zituen haurtzaroa eta nerabezaroa. Bere kabuz irakurtzen ikasi zuen, La Fronterako Unibertsitateko ingeleseko irakasle titulua lortu zuen, La Araucanian, eta graduondoko ikasketak egin zituen Hagako Gizarte Ikasketen Institutuan eta Kanadako Reginako Unibertsitatean.

“Maputxea da, hizkuntzalaria, ekintzailea eta politikoa, eta, gaur egun, Txileko Konstituzio Konbentzioko lehendakaria da, herrialdearen eraketa-proiektu berria idazteko sortutako organoa. Haren profilak adierazten du bizitza osoan zehar balio batzuk defendatzeko jarraikitasuna eta dedikazioa, eta, eremu akademikoan ez ezik, Txileko komunitate indigenekin egindako gizarte-lanean ere nabarmendu da”, nabarmendu du Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak.

Giza eskubideen aldeko lanean, Loncónek lan berezia egin du maputxe herriaren eta Txileko jatorrizko herrien hizkuntza eta kultura-desberdintasunak onartzeko. Haren hautagaitza René Cassin Sariaren epaimahaira iritsi zen, Bakearen Kultura Fundazioaren bidez, eta, Monika Hernandok azaldu duenez, “Euskadiko, Estatuko eta nazioarteko 10 erakundek baino gehiagok babestu dute”.

Bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan ospe handia duten pertsonek osatutako epaimahai batek aukeratu du René Cassin saria. Egungo epaimahaia Jose Antonio Rodríguez Ranzek (presidentea) eta Monika Hernandok (idazkaria) osatzen dute, Juanjo Álvarez, Mikel Mancisidor, Javier Galparsoro, Jon Landa, Izaskun Landaida, Manuela Mesa, María Ojanguren eta Silvia Escobarrez gain.

Urtarrilaren 19an, Elisa Loncón Euskadira etorriko da saria jasotzera, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren eskutik, Lehandakaritzan egingo den ekitaldian.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren kanpaina

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, Rodríguez Ranzek urtero bezala Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen kanpaina aurkeztu du. Edizio honetan, gazteek giza eskubideen defentsan duten zeregina nabarmentzen da.

“Giza eskubideak konkista bat dira. Ez dira emandako zerbait, opariturako zerbait. Konkista dira, eta haien biziraupenak guztion konpromiso aktiboa eskatzen du. Eta aurten arreta berezia jarri nahi dugu gazterian, giza eskubideen aldeko konpromisoan”, azaldu du sailburuordeak. Hori dela eta, aurtengo leloa hauxe da: Gazte, zure unea da, hartu lekukoa.  

Rodriguez Ranzek azaldu duenez, gaur egun ezingo litzateke Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalik onartu, 1948an egin zen bezala. Horregatik, “inboluzioaz ari gara, arrisku eta mehatxu eszenatokiaz, etorkizun konprometituaz. Eta horregatik guztion konpromisoa eskatzen dugu, eta, bereziki, Gazteriaren konpromisoa”, gaineratu du.

Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordearen iritziz, “fundamentalismoen eta populismoen gorakadak, nazioarteko terrorismoak, arrazakeriak, xenofobiak, intolerantziak, integrismoak, diskurtsoen eta gorroto-delituen ugaltzeak, totalitarismoak, ultraliberalismoak, desberdintasunen hazkundeak, lekualdatze behartuek eta krisi humanitarioek arriskuan jartzen dituzte giza eskubideak, klima-aldaketak eta ingurumen-krisiek”.

Adierazpen Unibertsalaren lehen artikuluari dagokionez, gaineratu du “berdintasuna, gizarteratzea eta diskriminaziorik eza aurtengo diskurtsoaren muinean daudela, eta talde ahulenak babesten dituztela: haurrak, emakumeak, herri indigenak, LGBTI pertsonak, migratzaileak eta gaitasun desberdinak dituzten pertsonak”.

Horretarako, “hobeto, bidezkoago eta berdeago berreraiki” behar da, giza eskubideetan oinarritutako ekonomiarekin, gizarte-kontratu berri batekin, txertoen bidegabekeria deuseztatuz, justizia klimatikoarekin eta gazteei aukera-berdintasuna emanez.

Rodríguez Ranzek esan du “lema bat, misio bat eta helburu batzuk direla, eta horiekin erabat identifikatuta eta konprometituta sentitzen dela Eusko Jaurlaritza”, eta Beatriz Artolazabalen Sailaren lehen arloari balioa eman dio, sail horretan baitago bere sailburuordetza: Berdintasuna. Halaber, Elkarbizitzarako, Giza Eskubideetarako eta Aniztasunerako Plana aurkeztu berriari buruz hitz egin du, jarraitu beharreko ibilbide-orri gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak