Eusko Jaurlaritzak onartu ditu proiektu solidarioetan teknologia eta berrikuntza ekimenetarako laguntzak (Gobernu Bilera 2021-12-7)

2021-12-07
  • Dirulaguntzek balioko dute desnutrizioa prebenitzeko, plataforma digitalen kooperatibak sortzeko, gizarte ekintzailetzako ekimenak sustatzeko eta Afrikako errealitateak ezagutarazteko

Gobernu Kontseiluak garapenerako lankidetzako proiektuetan teknologia eta berrikuntza erabiliko dituzten lau dirulaguntza onartu ditu, gehienak Afrikan izango dira. Laguntzak eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko ditu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena.

Lehenengo laguntza, 210.227 eurokoa, zuzenduko da Noadhibouko, Mauritania, haurren eta amen desnutrizioa murrizteko. Horretarako sortuko garatuko da prebentzio eta detekzio sistema goiztiar bat. Innovation for Change SIC4CHANGE eta Rosa del Desierto erakunde sozialek erabiliko dituzte parte-hartze komunitarioa, lanabes teknologikoak eta sistema pizgarriak.

Bigarren diru-laguntza 89.187 eurokoa izango da, eta helburua da plataforma digitaleko kooperatiben baterako sorkuntza bultzatzea, Iparraldearen eta Hegoaldearen artean modu kolektiboan eraikitako metodologia eta tresna berritzaileak txertatuz. Plataforma digitaleko kooperatibak webgune bat, aplikazio mugikor bat edo protokolo bat erabiltzen duten enpresak dira, ondasunak edo zerbitzuak saltzeko; langileen eta erabiltzaileen jabetza partekatua dira, eta printzipio kooperatiboetan oinarritzen dira, hala nola erabakiak elkarrekin hartzea edo ekitate ekonomikoa. Mondragon Unibertsitatea Enpresagintza kooperatibak ekimena dinamizatuko du, plataforma digitaleko kooperatiben eredu globala sendotzen lagunduko du, esparru horretan gaitasun teknikoak eta enpresa-gaitasunak indartuko ditu eta esperientzia pilotu bat sustatuko du Hegoaldeko herrialde batean.

Mondragón Unibertsitatea Enpresagintzak jasoko du, 90.186 euroko beste dirulaguntza bat Africa Basque Challenge programa babesteko. Kenyako, Euskadiko eta Senegaleko gazteak biltzen dituen ekimenaren hirugarren edizioa da, ekintzailetza sozial eta solidarioko proposamenak diseinatzeko. Oraingo honetan, bi bootcamp egingo dira, bata Kenyan eta, bestea, Euskadin, eta erabiliko dira osasun zerbitzuetarako sarbide ekitatiboa hobetzeko proposamenak elkarrekin sortzeko. Gainera, hiru edizioetako sei proposamen aukeratuko dira prototipatzeko eta merkaturatzeko. 

Azkenik, Africanista Manuel Iradier eta Kultura Bendera elkarteek 60.000 euro jasoko dituzte, Afrikaldia Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia antolatzeko. Laguntza honen xedea da Afrikako kulturen aniztasuna zinemaren bidez ikusaraztea eta baita bizikidetza zailtzen duten aurreiritziak, estereotipoak, zurrumurruak eta beldurrak indargabetzea ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko