Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak ETSren eskuetan utzi du merkatu logistikoari eta Jundizko eta Lezoko terminal logistiko intermodalak lurraldean eta hiri barruan txertatzeari buruzko azterlanak egitea, terminal horiek garatzeko (2011-09-20(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko irailak 20

Erabakia, Jundiz eta Lezoko terminal logistikoak lurralde eta hirigintza aldetik ondo txertatzeari buruzko, eta terminal horiek garatu ahal izateko beharrezkoak diren merkatu logistikoaren gaineko azterlanak egitea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan emateko dena.

Jaurlaritzak Garraio Sailaren mendeko erakundea den Euskal Trenbide Sarearen (ETS) eskuetan utzi du merkatu logistikoari eta Jundizko eta Lezoko Terminal Logistiko Intermodalak lurraldean eta hiri barruan txertatzeari buruzko azterlanak egitea, terminal horiek garatzeko

2011ko maiatzaren 5ean, Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak Lankidetza Protokoloa sinatu zuten, Merkantzien Trenbidezko Garraioa Bultzatzeko Plan Estrategikoko merkantzien oinarrizko sarearen barruan dauden terminal logistiko intermodalak garatzeko.

Agiri horretan, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen du terminal horiek garatzen elkarlanean aritzea, trenbideak eta trenbide azpiegiturek salgaien garraioan garrantzia handiagoa izan dezaten. Protokoloan ageri zenez, gainera, Jundizi eta Lezori dagokienez, Sustapen Ministerioak eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak behar diren azterketak egingo lituzkete haien bideragarritasun logistiko eta ekonomikoa ebaluatzeko eta, beharrezkoa balitz, sustapen eta kudeaketa eredurik egokiena zehazteko.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak terminalak lurraldean eta hiri barruan txertatzeari buruzko azterlanak nahiz merkatu logistikoari buruzkoak egiteko ardura izango du. Azterlan horiek Sustapen Ministerioaren eskura jarriko dira, proiektua Estatu osorako epeen barruan eta bateratuta garatu ahal izan dezan.

Zehazki, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak jada ekin dio terminalak lurraldean eta hiri barruan txertatzeari dagokion zatiari, Euskal Autonomia Erkidegoaren Sare Intermodalaren eta Garraio Logistikaren Lurralde Plan Sektoriala egiteko lanen zati gisa. Agiri berriaren ondorioetako batek ageri duenez, 277/2004 Dekretuaren bidez onetsitako Erdialdeko Arabako Lurralde Plan Partziala aldatu behar da, erabilera logistikoen eremu bat erreserbatu behar delako Jundizko terminal intermodala eraiki ahal izateko.

Beraz, oraindik terminalen merkatu logistikoari buruzko azterlanak egin behar dira, baita Lurralde Antolamenduaren arloko organo eskudunak Erdialdeko Arabako Lurralde Plan Partzialaren aldaketarako eskaria dokumentatzeko eskatzen dituen azterlanak ere.

Diseinatu beharreko instalazio intermodalak hirigintzaren eta logistikaren arloetan txertatzeko ebazpideak aztertu eta proposatu beharko dira azterlan horietan.

Jundiz eta Lezo

Eusko Jaurlaritza hainbat jarduera egiten ari da, salgaien trenbidezko garraioa sustatuz eta intermodalitatea garatuz garraio sistema orekatu eta iraunkorragoa lortzeko. Jarduera horietako bat da Jundizko eta Lezoko terminalen eraikuntza. Testuinguru horretan sartzen dira Atlantikoko Salgaien Trenbide Korridorearen proiektuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Sare Intermodal eta Logistikoaren Arloko Lurraldearen Plana.

Salgaien garraioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak uste du ezinbestekoa dela azpiegitura batzuk edukitzea zamen transferentziarako, baita moduen arteko (trenbidearen eta errepidearen arteko) elkartrukerako nahiz trenbide-zabaleren arteko aldaketarako, eta azpiegitura horiek itsas portuetara trenbidez sartzeko aukera izan behar dutela. Alde horretatik, trafikoak trenbidera erakartzeko erraztasunak eman nahi dira.

Lezo-Gaintxurizketako terminalak Pasaiako portua trenbide sarearekin konektatzeko aukera emango du, eta Jundizko terminalak, Bilboko portuarekin batera, nazioarteko garrantzia izango duen nodo logistikoa taxutuko du salgaien garraiorako.

Jaurlaritzaren iritziz, bi terminalak eraikiz euskal ekonomia sendotu egingo da, nazioarteko lotura erakargarria izaten delako; salgaiak Autonomia Erkidegoko portuetatik hobeto irteteko aukera emango du, eta trafikoaren nahiz ingurumen eraginaren kanpoko kostuak murriztuko ditu, salgaien fluxuak errepidetik trenbidera transferitzeko aukera emango du, garraioaren nazioarteko kate intermodalerako sarbidea emango du eta garraioaren eraginkortasuna hobetuko du, logistikaren kontzeptu berrietarako jarduera-tartea handitzeaz gain.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan