Bingen Zupiria sailburua Durangoko Azokaren 56. edizioaren inaugurazio ekitaldian izan da

2021-12-04

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Durangoko Azokaren 56. edizioaren inaugurazioan parte hartu du gaur. BaDa lelopean egingo da azoka abenduaren 8ra bitartean, modu presentzialean eta baita online ere. 

Sailburuarekin batera ekitaldian Inma Garrastatxu Durangoko alkateak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak eta Nerea Mugika Gerediaga Elkarteko presidenteak ere parte hartu dute. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran ere egon da San Agustin kultur gunean egin den ekitaldian.  

Zupiria sailburuak inaugurazio ekitaldian azpimarratu duenez Durangoko Azoka euskal idazle eta musikari eta kantarien agertoki eta erakusleiho itzela da eta gaineratu duenez “kulturaren erdigunea eta helburua hartzailea da. Kultura erosi, irentsi, gozatu edo praktikatzen duen herritarra. Baina hartzaile horrek jai du aurretik sortzaile bat, sorkuntza-lan bat eta industria-jarduera bat izan ez bada. Durangok agertoki hori eskaintzen die idazle, musikari eta sortzaileei, eta euskal kulturak, eta kultura-sortzaileek, behar beharrezko dute, ikuspuntu horretatik ere Durangoko azokaren presentzia”. 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarentzat ezin da ahaztu euskararen normalizazioari kultur edukiek egiten dioten ekarpena hori dela eta “Durangoko Azoka kultura eduki horien erreferentzia garrantzitsua da” esan du Zupiriak. Sailburuak gogoratu duenez, Azoka modu seguruan egin daitekeela bermatzeko neurriak hartu eta betearaziko dituzte antolatzaileek. 

Informazio gehiago hemen

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak