Euskal autogobernuaren higadura “legezkotasun itxurarekin” egiten duela leporatu dio Garamendik Espainiako Gobernuari

2021-12-03
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak Jaurlaritzarekin aldebiko harremana mantentzea eta euskal arauen” judizializazioak” saihestea eskatu dio Estatuari
  • Ministerioari eta Sanchez presidenteari eskatu die borondate politikoa erakuts dezatela transferentziekin, ez baitira gauzak behar beste mugitzen ari.

Legezkotasun itxura” duten jarduera eta neurriekin Gernikako Estatutua eta, oro har, euskal autogobernua higatu eta ahuldu dituela salatu du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak. Eskumen higadura hori ingeniaritza juridiko eta politiko baten bidez gertatzen da, eta, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren gaitasun esklusiboak murriztu eta mugatu egiten dira, Estatuko legeriaren, jurisprudentzia konstituzionalaren eta Estatuaren botere arauemaile eta betearazlearen hedapenaren bidez. Hori dela eta, Garamendik Espainiako Gobernuari galdegin dio du legeei edo erabakiei buruzko gai guztietan aldebiko harremana izateko, “judizializazioetara” iritsi gabe eta bere ekintzak gure eremuetara zabaldu gabe”.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Garamendik euskal autogobernuaren eskumen higadurak izan ditu hizpide, batzuk besteak baino esplizituagoak. Ildo horretan, ziurtatu du Lurralde Politikako Ministerioak oraindik ez duela bidali egiteke dauden transferentzien inguruko negoziazio proposamenik, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio Gernikako Estatutua eta transferentzien egutegia osorik betetzea bultza dezala. “Epeekin malguak gara, baina negoziatzeko proposamenak mahai gainean jartzeko eskatzen diogu Sanchezen Gobernuari”, zehaztu du.

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (IMV) transferentziari buruz galdetuta, sailburuak aitortu du ona dela EAJk Diputatuen Kongresuan duen legebiltzar taldeak eta Espainiako Gobernuak urriaren amaieran hartutako erabakia, Eusko Jaurlaritzak bere gain har dezan beharrezkoak diren oinarriak jasotzen dituelako: transferentziaren figura errespetatzen du, Kontzertu Ekonomikoaren bidez gauzatzea planteatzen du, eta prestazioa izapidetzea, aitortzea eta ordaintzea Eusko Jaurlaritzari dagokiola aurreikusten du.

Hala ere, Garamendik dio orain Lurralde Politikako Ministerioak txertatu behar dituela oinarri horiek negoziazio proposamenean. Horretarako, Ministerioaren borondate politikoa behar da, baina baita Espainiako Gobernuko presidentearena ere, “berari baitagokio prozesua bultzatzea, eta une honetan gauzak ez dira behar beste mugitzen ari”. Sailburuak azaldu du espero duela joan den ostiralean Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentziaren jarraipen eta sustapenerako Prestaketa Batzordean parte hartzeari uko egiteak “inflexio-puntu bat” izatea Espainiako Gobernuaren transferentzia prozesuaren tratamenduan, eta Ministerioarekin harremanetan daudela onartu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak