Berriak Herrizaingoa
Eu

Euskalmeten arabera, udazkeneko eguraldia ez da ohiko parametroetatik irtengo

2011.eko irailak 20

Udazkenaren lehen zatian prezipitazio gutxi eta tenperatura leunak espero dira eta bigarrenean, aldiz, hotza eta izozteak

Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, iragarri du udazkeneko eguraldian ez dela irregulartasun nabarmenik izango eta beraz, parametro normalak jarraituko dituela, bai tenperaturari dagokionean eta baita euri kopuruari begira ere. Datorren ostiralean (irailak 23) goizeko 11:05ean, hasiko da udazkena.

Ipar Amerikako Meteorologia Zerbitzuak (NWS/NCEP) Europa mailan egindako iragarpenak EAEren inguruan esandakoan oinarritua, Euskalmetek iragarri du udazkena ohiko parametroen barruan mugitu daitekeela, bai tenperaturan eta baita euri mailari dagokionean ere. Hortaz, ez da ezohiko fenomenorik espero.

Bestalde, Erresuma Batuko Meteorologia Zerbitzuak Europarako egindako iragarpenen datuak aztertuta, ondorioztatu daiteke udazkenean, ohi baino tenperatura baxuagoak egingo dituela EAEn. Prezipitazio kopurua, ostera, ohiko parametroetan ibiliko omen da.

Hortaz, eta iturri bi hauetako datuak kontuan hartuta, zehaztu daiteke ohiko parametroak jarraituko dituen udazkena izango dugula EAEn; tenperaturak urtaroari dagozkionak izango dira edo pixka bat baxuagoak beharbada. Euriari dagokionean ere, ez du ohi baino gehiago botako. Beste era batera esanda, zirkulazio zonalek baldintzatuko dute gehienbat eguraldia: mendebaldeko haizea atmosferako erdi mailako geruzetan, aldizka iritsiko zaizkigun fronte batzuekin; noizbehinka hego-mendebalde eta ipar-mendebaldeko haizeak ere izango ditugu urrian eta azaroan.

Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, litekeena da azaroan, ohi bezala, fronte hotzen bat sartzea. Aldiz, abenduan zirkulazio zonalak blokeatu egin litezke eta horrek, aire hotza sartzeko aukerak areagotu egingo lituzke, batez ere, Europako barnealdetik datozenak. Nolanahi ere, Euskalmetek ez du baztertzen oraindik eguraldi egonkorra eta antizikloia nagusi diren asteren bat izatea; beti ere, barnealdean izozteak izango genituzke.

Laburbiltze aldera, esan behar, udazkenaren lehen hilabete eta erdiko adierazgarri nagusiak prezipitazio eskasak eta tenperatura leunak izango direla. Urtaroaren bigarren zatian, ostera, bereziki abenduan, zirkulazio zonalik ezak aire hotza ekarri dezake; aldizka antizikloidun egunak eta izozteak izan ditzakegu.

Epe ertainerako iragarpena

Gaurtik (irailak 20, asteartea) aurrera, Europako hegoaldeko toki askotan goi presioak izango dira nagusi. EAE ere horien menpe geratuko da, egonkortasuna eta udako eguraldia izango ditugularik; egun eguzkitsuak izango dira eta tenperaturek gora egingo dute: batez beste, 20 eta 25 ºC artean mantenduko dira kostaldean eta 25-30 ºC inguru barnealdean.

Irailaren 23ari eta 24ari begira, litekeena da udazkena ezegonkortasunarekin hastea, ekaitzak eta zaparradak botatzeko arriskua egongo da eta; tenperaturak hala ere, ez dira baxuegiak izango. Gainera, 25etik aurrera, hila bukatu arte, ziur asko eguraldiak onera egingo du berriz eta antizikloiak eragingo digu berriz eta tenperaturak altuak izango dira.

Laburbilduz, udazkena ezegonkortasun apur batekin hasiko dugu, euria eta ekaitzen bat egiteko aukerarekin. Baina, gerora, litekeena da eguraldi ona itzultzea eta udako egun eguzkitsuak egin eta tenperaturak igotzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko