
Eusko Jaurlaritzak zuhurtzia eskatu du errepidean abenduko zubirako
- Aurtengo urtean, orain arte, 41 pertsona hil dira Euskadin trafiko-istripuetan
- 2020an, abenduaren 5etik 8ra bitartean, 19 istripu gertatu ziren Euskadiko errepide-sarean, eta 3 pertsona larri zaurituta geratu ziren
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak kontuz eta erne ibiltzeko eskatu die gidariei, datozen jai-egunotan trafikoa areagotu egingo dela aurreikusten denez. Bihartik, abenduaren 4tik, asteazkenera, abenduaren 8ra, bitartean Euskadiko errepide-sarean areagotu egingo dira joan-etorriak, bai barnekoak bai Estatuko beste leku batzuetarakoak.
Arreta berezia izateko eskatzen da, batez ere, Araban Armiñongo lotunean (AP-1 zaharra eta A-1 lotzen diren lekuan), AP-8an Iparraldeko mugan eta A-8an Kantabriako mugan. Jai-zubian, Ertzaintzaren trafiko-unitateek ohiko zaintza- eta kontrol-lanak egingo dituzte leku kritikoetan, segurtasuna zaintzeko eta, zerbait gertatuz gero, trafikoa arintzeko.
Joan-etorriak asko baldintzatuko ditu klimatologiak, baina egoera normalean uste da 235.000 joan-etorri baino gehiago izango direla Kantabriarako noranzkoan, 105.000 Iparralderantz eta 130.000 Armiñongo lotunerantz.
“Irteera horietako bakoitzean garrantzitsuena etxera itzultzea izaten da beti. Ustekaberik gabe ibili ahal izateko, funtsezkoa da kontuz ibiltzea, arreta galdu gabe gidatzea eta alkoholaren, drogen edo gure gaitasunetan eragina izan dezaketen botiken kontsumoa saihestea, bai eta bide-motaren araberako abiaduran eta inguruabarretara egokituta zirkulatzea ere”, azpimarratu du Sonia Díaz de Corcuerak.
Istripuen tasa
Iaz, zubiko 4 egunetan (abenduaren 5etik 8ra bitartean) gertatu ziren eta biktimak eragin zituzten istripuen kopuruari dagokionez, Ertzaintzak guztira 19 trafiko-istripu erregistratu zituen Euskadiko errepideetan, eta hildakorik izan ez zen arren, guztira 3 zauritu larri izan ziren.
2019an asteburu soila izan zen (abenduaren 6tik 8ra) eta istripu gutxiago (17) gertatu ziren eta pertsona bat larri zauritu zen.
Aurtengo urtearen parekoa 2017a izan zen. Urte hartan, aurten bezala, abenduko zubiak 5 jaiegun izan zituen, eta 20 istripu gertatu ziren eta pertsona bat hil zen eta beste 3 larri zauritu ziren.
Gomendioak:
Bidaiari hasiera eman aurretik:
- Garrantzitsua da errepideen egoerari buruzko informazioa izatea. Eusko Jaurlaritzak trafikoaren egoerari buruzko denbora errealeko informazioa ematen du honako baliabide hauen bidez: trafikoa.euskadi.eus webgunea, @trafikoaEJGV Twitter kontua, TrafikoaEJGV APPa eta arreta 24 orduetan ematen duen 011 telefono-zenbakia.
- Komeni da eguraldiaren aurreikuspenak www.euskalmet.euskadi.eus webgunean jarraitzea eta bidaia horren arabera planifikatzea. Eguraldi txarrarekin zuhurrago ibili behar da, abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurretik doazen ibilgailuekin. Euria egiten duenerako, pneumatikoak eta beira-garbigailuak egoera onean izan behar dira, istripuak saihesteko.
- Drogak, alkohola eta botika batzuk ez dira bateragarriak gidatzearekin.
- Ez da arretarik galdu behar, hildakoak edo zauritu larriak eragiten dituzten istripuetako faktoreetako bat izaten baita. Ohikoenak diren arreta-galtzeak, hala nola, gidatzen den bitartean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzea, istripu askoren atzean dauden faktoreak dira.
Bidaian:
- Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
- Komeni da atsedenaldiak egitea gutxienez bi orduz behin edo 200 kilometroz behin. Nekea eta arreta-galtzeak dira trafiko-istripu askoren arrazoi nagusiak.
Erne zirkulatu behar da bigarren mailako errepideetan ere, ibilbideak ezagunak izanda ere, gehiegizko konfiantzak istripuak eragin baititzake.