Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eraikin publikoetan energia aurrezteko bere plana agertu du Euskadik New Yorken

2011.eko irailak 20

Klimaren Astera gonbidatutako adituetako bat Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia jauna izan da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 100 eraikin publikotan energia-kontsumoa % 20 murrizteko plan pilotua agertu du ekitaldi horretan

The Climate Group erakundeak antolatu ditu ekitaldiak, eta aurtendik aurrera Patxi López lehendakaria izango da erakunde horretako buru Europan.

Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia jaunak New Yorken agertu du eraikin publikoetan energia aurreztea sustatzeko Eusko Jaurlaritzak duen politika. Estatu Batuetako hiri horretan egin den Klimaren Astera aditu gisa gonbidatu dute Garmendia jauna, eta Jaurlaritzak sektore guztietan energia-eraginkortasuna gehitzearen alde egindako apustua azaldu du, industria eraginkorragoa, kontsumo txikiko eraikinak, emisio urriko ibilgailuak edota sare adimendunak bilduko lituzkeen energia-eraginkortasuna, hain zuzen ere.

Sailburuordearen mintzaldia etxebizitzetako jardunetan oinarritu da, eta Jaurlaritzak 100 eraikin publikotan ezarriko lukeen plana azaldu du, 2020an energia-kontsumoa % 20 murritz dezaten.

Garmendia jaunak adierazi duenez, Euskadiko hirigintza-garapen berrietarako hainbat neurri -hala nola berokuntza-sistema zentralizatuak edota aire girotua, hots, "district heating" deritzenak- planteatu dira (izan ere, azaldutako zenbait kasu zehatzetan aplikatzen dira jada, esate baterako, Bilbon edota Leioan).

Sailburuordearen partaidetza izan duen ekitaldi hori urte osoko garrantzitsuenetakoa da, eta iraunkortasunaren alorreko hainbat aditu biltzen dira bertan. Hirugarren aldiz egingo dute New Yorken eta klima-aldaketari eman beharreko erantzun globala artikulatzea du helburutzat, ikuspuntu pribatutik eta publikotik begiratuta.

Xabier Garmendiarekin batera, hainbat parte-hartzaile izan ditu konferentziak, hala nola Rohit Aggarwala, aholkulari berezia 'Cities Climate Leadership Group' elkarteko C40 Taldean; Vishaan Chakrabarti, Columbiako Unibertsitateko Hirigintza Zentroko zuzendaria; Theddi Chappell, Cushman & Wakefield enpresaren ordezkaria; Kenneth W. Hubbard, Hines enpresaren presidenteorde exekutiboa; Ronald Herbst, Deutsche Bank erakundearen Energia eta Iraunkortasuneko zuzendaria; Nico Kienzl, Atelier Ten enpresaren zuzendaria; Susan Leeds, New York hiriko Energia Eraginkortasuneko buru exekutiboa; eta David Miller, Torontoko alkate ohia. Moderatzailea Clay Nesler izan da, Johnson Controls enpresaren Energia Global eta Iraunkortasuneko presidenteordea. 

Klima-aldaketako ehunka espezialista bilduko ditu Klimaren Asteak. Iraunkortasunaren arloan Eusko Jaurlaritzak egindako lanaren onespena erakusten du sailburuordeari egindako gonbidapenak. Iaz ere Bernabé Unda sailburuak antolatzaileen gonbidapena jaso zuen Euskadin ibilgailu elektrikoaren eta sare adimendunen ezarpenean izandako aurrerapausoak azaltzeko.

Eusko Jaurlaritza lider bihurtzen ari da politika garbiak eta iraunkortasun-politikak bultzatzeari dagokionez. Ildo horretan lortzen ari den nazioarteko onespenaren ondorioz, Patxi Lopez lehendakariak hurrengo hilabeteetan onartuko du Europan The Climate Group erakundearen presidentekide izateko gonbidapena, hau da, munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat eskualde- eta toki-gobernu klima-aldaketa saihesteko lider izan nahian biltzen dituen erakundearena.

The Climate Group (TCG) irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea da, 2004an sortu zena nazioartean jarduteko, enpresa-sektoreko hainbat liderrekin eta gobernurekin batera. Politika eta teknologia jakin batzuk bultzatu eta sustatu nahi ditu erakundeak, testuinguru orokor batean emisioak murrizteko, eta, ildo horretan, 'industria-iraultza garbia' sortzeko, ekonomia-hazkundea eta enpleguak sortuko dituena eta guztiontzako etorkizun garbiagoa, emankorragoa eta hobea ziurtatuko duena.

The Climate Group Europan, Ipar Amerikan, Australian, Txinan, Hong Kongen eta Indian ezarrita dago, eta bulegoak ditu eskualde horietan guztietan. 2010etik, koalizioak munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat gobernu azpinazional biltzen ditu. Guztira, kideak munduko BPGaren % 15 dira.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 20a

 

3 iruzkin
  • @americaenbotxo
    2011.eko irailak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: The Basque Country presents its plan for energy saving in public buildings in New York . http://t.co/eaTDi0Re

  • @greengip
    2011.eko irailak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Eraikin publikoetan energia aurrezteko bere plana agertu du Euskadik New Yorken. http://t.co/BxlisBhl

  • @greengip
    2011.eko irailak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Euskadi expone en Nueva York su plan de ahorro energético en edificios públicos . http://t.co/4K6dzLJO

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Garmendia - Industria eta Energia sailburuordea