Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria LABIren Aholku Batzordearen lehen bileraren buru izan da, abenduaren 3an Euskadin Osasun Larrialdia deklaratu ondoren

2021-12-03
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • LABIren Batzorde-Teknikoa prebentzio-neurri gehigarriak aztertzen ari da
  • Zehazki, Covid Ziurtagiria beste esparru batzuetan aplikatzea aztertuko dute: espazio itxietako ekitaldietan, ostalaritzan eta jatetxeetan, jarduera fisikoa egiten den barruko espazioetan eta ospitale eta zentro soziosanitarioetara egindako bisitetan
  • Lehendakariak gogorarazi du pandemian jarraitzen dugula eta beharrezkoa dela gure ohiturak errealitate horretara egokitzea eta “gure osasun indibiduala, gure osasun kolektiboa eta gure ingurukoen osasun”a zorrotz babesten jarraitzea.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakarra den Aholku Batzordearen bileraren buru izan da. Organo hori Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu den Larrialdi Sanitarioko Dekretuaren agindupean eratu da gaur. Era berean, hemendik aurrera indarrean sartuko da pandemia kudeatzeko neurriei buruzko Legea, Eusko Legebiltzarrean ekainaren 24an onartu zena. Gaurko bileran, Auzitegi Gorenak Covid Ziurtagiriaren erabilpenari buruz emandako epaia eta egungo egoera epidemiologikoa aztertu dira.

Bileraren hasieran, Lehendakariak adierazi du LABIren Batzorde Teknikoak datozen egunetan aplika litezkeen prebentzio-neurri gehigarriak aztertuko dituela. Zehazki, azaldu du Covid Ziurtagiria beste eremu batzuetan ere ezartzeko aukera aztertuko dela, Europako beste herrialde batzuetan eta autonomia-erkidegoetan aplikatzen ari direnekin bat etorriz. “Balioesten ari gara Covid ziurtagiriaren derrigortasuna espazio itxietan egiten diren ekitaldietara zabaltzea, batez ere publikoa zutik dagoenean. Baita ostalaritzako eta jatetxeetako beste esparru batzuetara ere. Era berean, gimnasioetan eta jarduera fisikoa egiten den barruko beste espazio batzuetara ere. Baita aztertzen ari gara ospitaleetan eta zentro soziosanitarioetan egiten diren bisitetan eskatzea ere”, zehaztu du. Nolanahi ere, lehendakariak adierazi du neurri gehigarri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren baimena beharko luketela.

Urkullu lehendakariak gogorarazi du pandemian jarraitzen dugula eta osasun-larrialdiko egoeran gaudela berriro, eta, beraz, garrantzitsua dela gure ohiturak errealitate horretara egokitzea eta prebentzio-neurriak betetzea. "Birusak eta arriskuak gure artean jarraitzen dute, kutsatzeko arriskua dakarten egoerak saihestu behar ditugu. Gure ohiturak errealitate horretara egokitu behar ditugu, eta gure osasun indibiduala, gure osasun kolektiboa eta gure ingurukoen osasuna zorrotz babesten jarraitu", adierazi du. Ildo horretan, txertaketa esparru guztietan indartzeko beharra adierazi du; baita Covid Ziurtagiriaren erabilera erabilgarria eta posiblea den jardueretara nola hedatzen den aztertzea; erantzukizunaren eta prebentzioaren aldeko deia areagotzea; beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak mantentzea; eta, era berean, prebentzio-neurri berriak aurreikusita izatea bilakaera epidemiologiko negatibo baten aurrean.

Bileran izan dira, halaber: Josu Erkoreka, lehen lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua; Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun sailburua; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua; Iñaki Arriola, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua; Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua; José Luis Quintas, Osasun sailburuordea; Rosa Pérez, Osakidetzako zuzendari nagusia; Ramiro González, Markel Olano eta Unai Rementeria ahaldun nagusiak; Gorka Urtaran (Eudeleko presidentea), Juan Mari Aburto eta Eneko Goia alkateak; eta Denis Itxaso, Espainiako Gobernuaren ordezkaria.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak