Euskararentzat espazio berriak irabaztearen garrantzia azpimarratu du Lehendakariak Euskararen Nazioarteko Egunean
Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta “Euskara talde-lana da” izenburupean EITBren Multibox aretoan egin den ekitaldian. Lehendakariak “munduaren parte izateko gure munduaren erdigunean euskara jartzeko” konpromisoa hartu du “euskarari, beste hizkuntza guztiak dituzten moduan, garapen gune propioak eskainiz, euskaraz ikasteko, euskaraz lan egiteko eta euskaraz bizitzeko”.
Euskal erakunde nagusietako ordezkariez gain, Lehendakariarekin batera, honako ordezkari hauek ere izan dira ekitaldian: Josu Erkoreka Lehenengo Lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua; Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua; Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua; Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua; Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua; Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea; eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua. Gainera, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua ere izan dira ekitaldian.
Erronkak
Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “gure bizitzaren, bizimoduaren, elkar ulertzearen muinean dago euskara. Gure izena eta izana da euskara; euskaldun egiten gaituena” gainera aro berri baten aurrean gaudela gogoratu du eta euskararentzat ere aldaketa garaiak direla azpimarratu du: “euskal hiztunon eta euskal gizarte osoaren esku dago, mundu berri horretan euskara zimentarri izan dadila lortzea…Honetarako euskarak bere arnasgune propioak behar ditu, bereak izango diren garapen guneak”.
Euskara zerbitzu hizkuntza izatetik lan hizkuntza izatera bihurtzea erronka dela azaldu du Iñigo Urkullu Lehendakariak eta herritarrei bide hori elkarrekin egiteko gonbitea luzatu die, bereziki “gazte eta belaunaldi berriei begira. Gazteek euskaraz bizitzeko aukera naturaltasun osoz mamitu dute. Ondorioz, ikasi dutena, naturaltasun osoz garatzeko aukera izatea zor diegu. Hau bereziki, lan esparruak euskalduntzetik hasten da. Hau izan behar da gure egiteko nagusia datozen urteotan. Gu guztion erantzukizuna da; euskal hiztunon eta gizarte osoaren erantzukizuna, aukera hori geure buruari eraginkortasunez bermatzea”.
Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak besteak beste, eremu ez formalak euskalduntzearen gainean hitz egin du: “euskararen bizi-indarra dugu jokoan eta eremu formalez gainera, eremu ez formalak euskararentzat irabaztea izango da gure hurrengo urteotako erronka nagusia. Izan ere, arlo honetan euskararen erabilerak jauzi bat eginez gero, erabat aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena”.
Bilbon egin den ekitaldian kirola eta euskara izan dira ardatz nagusi. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak martxan duen Kirolean Euskara Sustatzeko Plana ardatz hartuta egin da gaurko ekitaldia eta gonbidatuen artean Euskal Kirol Federazioen Batasuna ere egon da. Leire Gerenabarrena kudeatzaileak adierazi duenez “oso garrantzitsua da kirolean euskararen erabileran erreferente diren pertsonak izatea. Hauek protagonista bihurtzea eta gazteenek horiei erreparatzea, hala nola kirolariak eta kirolari ohiak, entrenatzaileak, etab” eta gaur egun kirolean euskara sustatzeko egiten ari den lana azpimarratu du.
Euskara eta kirola
Ane Muruamendiaraz kazetaria eta Mirena Nafarrate aktorea izan dira EITBren egoitzako Multibox aretoan egin den ekitaldia gidatu dutenak. Besteak beste, Iparraldeko eta Hegoaldeko errugbilariek, Real Sociedad taldeak edo Gaizka Garitano entrenatzaileak euskararekin nolako inplikazioa duten ere azaldu dute. Etxe abeslari berriztarraren musikak eta Getari Etxagarairen umoreak alaitu dute ekitaldia.