Javier González eta Isabella Peña izan dira “Non ikusten duzu Europa Euskadin” X. Argazki-lehiaketaren Irabazleak

2021-12-09

Gasteizko Javier González Martínez, Artium Museoaren argazki batekin, eta Isabella Peña Aguilar, boto gehien jaso duen argazkiaren modalitatean, Bilboko Abandoibarrako argazki batekin, izan dira “Non ikusten duzu Europa Euskadin” X. Argazki Lehiaketaren irabazleak. Bigarren saria Gorka Pradas Rubiok eskuratu du, Arabako hiriburuko BEA garraio-sistemaren argazkiarekin.

Epaimahaiak argazkien originaltasuna eta egokitasuna baloratu ditu lehiaketako 29 finalisten artean bi argazki irabazleak hautatzeko. Lehiaketa urtero antolatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta EGEF funtsak, eta sariak banatzeko ekitaldia gaur egin da Gasteizen.

“Zuen argazkiak, eta gainerako parte-hartzaileenak, omenaldi txiki bat dira. Azken batean, “eskerrik asko Europa” esateko modu sinboliko bat dira, elkarbizitza-proiektu bateratu honi egindako ekarpenarengatik”, nabarmendu du José Antonio Varela Alonso Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendariak, sariak banatzeko Lakuan egin den ekitaldian.

Lehiaketa lehenengo aldiz egin da osorik euskadi.eus plataformaren bidez, parte hartzeko eta botoa emateko prozesua segurtasun osoz egingo zela bermatzeko, eta aurtengo edizioan EAEko 16 urtetik 25 urtera bitarteko hamar bat gaztek parte hartu dute eta 39 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara. Boto gehien jasotzen zuen argazkia hautatzeko botazio-prozesuan 362 pertsonak parte hartu dute, eta 1.206 boto eman dituzte.

Horrez gainera, 5.600 erabiltzaile bakar sartu dira lehiaketaren Facebook eta Instagram orrietan –horien bidez sustatu da lehiaketa–, eta guztira 5.000 bisualizazio inguru izan dira sare sozial horietatik. Azpimarratu behar da ia 4.000 jarraitzaile dituztela lehiaketaren orriek, eta 3.595ek adierazi dutela “gogoko dutela”. Mugikortasun jasangarria eta kulturaren aldeko apustua izan dira hamargarren edizio honen protagonista nagusiak.

Lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak antolatu du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) Euskadiko Programa Operatiboko komunikazioaren testuinguruan. Lehiaketaren bidez EGEF funtsek Euskadin finantzatutako ekimenen berri eman nahi da eta Europa hurbildu nahi zaie Euskadiko gazteei, bai eta Europak bere ingurunearen garapenean egiten duen ekarpenari buruz duten ikuspegia ezagutu ere.

Sarien banaketan, Javier Gonzálezek smartphone bat jaso du; Gorka Pradas Rubiok smartwatch bat eta Isabella Peña Aguilarrek bluetooth bidezko aurikularrak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak