Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak «opor fiskalen» ondorioak «enpresaz enpresa» aztertuko ditu

2011.eko irailak 20

Mendiak gogorarazi du 20 urteren ondoren ez dakitela ez zein den enpresen kopurua, ez laguntzen zenbatekoa, ez berreskuratutakoa, ezta berreskuratzeko geratzen dena ere

Bizkaiko Foru Aldundiak enpresei jasotako laguntzak itzultzeko eskatuko diela iragarri ondoren, Eusko Jaurlaritzari ulergarria iruditzen zaio. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak gogorarazi du foru erakundeak urteak zeramatzala esaten «ez zegoela zertan kezkatu, laguntza haiek jada berreskuratu baitzituzten». Horregatik, Mendiak «nahastearen zeremonia honekin» amaitzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari eta aldundiko arduradunei gertatutakoa argitu eta «erantzukizunak beren gain hartzeko» galdegin die.

Egingo duten azterketaren helburua haiei laguntzea da, itxi beharrik izan ez dezaten eta beren jarduerari eta enpleguari eutsi ahal izan diezaieten, bozeramaileak azaldu duenez. Idoia Mendiak «gardentasuna» eta «argitasuna» eskatu dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei, zer gertatu den «zehatz-mehatz» jakiteko. Idoia Mendiak nabarmendu duenez, "isunaren zenbatekoak handitzen jarraitzea saihestea eta Bruselarekin katuaren eta saguaren arteko jolasean ez ibiltzea eta are gutxiago komisarioekin" dira Bizkaiko Foru Aldundiak bete beharreko lanak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendia komunikabideen aurrera agertu da, gaur goizean, Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan.

Kazetarien galderen aurrean, Idoia Mendia "Bateragune auziaz" mintzatu da eta esan du ez dagoela «ezer berririk eransteko». Ondokoa bakarrik gogorarazi nahi izan du: «hilketa, estortsio edota kale borrokako ekintza terroristarik gabe igarotzen den egun bakoitza herri honek bakearen mesedetan irabazitako beste egun bat» dela, «atzera bueltatzea zailagoa izango delako». Bozeramaileak hauxe gaineratu du: «Hau demokratok, alderdi politikook, erakundeok, eta batez ere, euskal gizarte osoak lortu dugu, terrorismoaren aurrean jarrera tinkoa izan baitu».

Ustez ETAk Pauen (Frantzia) lapurtu dituen 200 auto matrikulen inguruan, gobernu bozeramaileak azaldu du prentsaurrekoa hasi baino lehen Frantziako hedabideen teletipo bat irakurtzeko aukera izan duela, eta idatzita zegoenaren arabera, «aztarnek delinkuentzia arrunta» izan zitekeela adierazten zutela. Horregatik, Mendiak «zuhurtzia osoa» eskatu du gai honetan.

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.09.20)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-09-20n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)