qrcode

Airearen kalitatea hoberantz doa Durangon, urterik urtera

2021-12-01
  • Eremuan airearen kalitatea neurtzeko aurreikusitako kutsatzaileen inguruko balio guztiei araudiak ezarritako mugen azpitik eutsi zaie 2020an.
  • Neurketa San Roke kalean airearen kalitatea neurtzeko dagoen estazioaren bidez egiten da; estazio horrek nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa (O), partikulak (PM10 eta PM2,5) eta bentzenoa neurtzeko analizagailu automatikoak ditu
  • Durangoko estazioak Bizkaiko beste hiriko estazio batzuen antzeko partikula-mailak jasotzen ditu (PM10 eta PM2,5)

Durangoko airearen kalitatearen bilakaerak hobetzen jarraitzen du, urterik urtera, azken bi hamarkadetan, airearen kalitatearen estazioan erregistratutako eta 2020ko Airearen Kalitatearen Urteko Txostenean jasotako  datuen arabera; txostena Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egin du. Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Urteko Txostenak ondorioztatzen du Durangon airearen kalitatea neurtzeko aurreikusitako kutsatzaileen inguruko balio guztiei araudiak ezarritako mugen azpitik eutsi zaiela.

Neurtzen diren kutsatzaileek eta Durangoko estazioaren ezarpenak –San Roke kaleko 20. zenbakian dago– airearen kalitatearen inguruko Europako araudia betetzen dute, zeina 102/2011 Errege Dekretura ekarri baitzen; Dekretuan, mugak ezartzen dira eta airearen kalitatearen kudeaketa arautzen da.

Araudi horrez gainera, Eusko Jaurlaritzaren neurketak kontuan hartzen ditu Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioak; balio horiek ez dira jasotzen Europako arau-esparruan, baizik eta erreferentzia gisa balio dute kutsatzaile jakin batzuk murrizteko politikak bideratzeko. Nabarmendu behar da 2021etik aurrera OMEk gomendioak gogortu dituela.

Airearen kalitateak adierazten du atmosferan kutsatzaile gehiago edo gutxiago dauden, gizakien osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeenak. Airearen kalitatearen estazioak nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa (O3), partikulak (PM10 eta PM2,5) eta bentzenoa neurtzeko analizagailu automatikoak ditu.

Emaitzak

Material partikulatua (PM10 eta PM2,5), biriketara iristeko gai dena eta, bertan, bihotzeko eta biriketako gaixotasunak dituzten pertsonen osasunak okerrera egitea ekarri eta hantura eragin dezakeena, 10 eta 2,5 mikrometrotik beherako diametroa duten partikula guztiek osatzen dute (mikrak). Durangoko estazioak, Bizkaiko beste hirigune batzuekin alderatuta, PM10 partikulen maila antzekoak edo baxuagoak jasotzen ditu, eta, duela urte batzuetatik hona, aise betetzen ditu 102/2011 Errege Dekretuan ezarritako muga-mailak.

 

Gainera, azpimarratu behar da 2015etik OMEren gida-mailak betetzen direla eta, 2020an, batez besteko balioa 15 mikrogramokoa izan dela metro kubiko bakoitzeko (µg/m3); azken urteotan beheranzko joera argia izan da. PM10 partikulen balioa behera egiten ari da Durangoko estazioan, eta OMEk 2021ean ezarritako balioetara iritsi da; alegia, 15 mikrogramora metro kubiko bakoitzeko (µg/m3).

 

PM2,5en neurketa 2014tik egiten da, eta ez du antzeko ezaugarriak dituzten beste estazio batzuek baino goragoko mailarik. Gainera, Durangon joera murriztekoa da.

 

Nitrogeno dioxidoaren (NO2) parametroaren bilakaera dela eta, ikusten da haren maila eta joera Bizkaiko tamaina ertaineko beste hiri-estazio batzuetakoak bezalakoak direla, zirkulazio handiagoko herrietan baino dezente hobea.

 

Bentzeno-mailak egiaztatzeko kanpainak

2017.urte-amaieran, bentzeno-maila oso lokalizatuak hauteman ziren, jarduera industriala duten bizitegi-eremuak dituen hirigune batean egindako neurketa-kanpaina batean EAEko beste ingurune batzuetan hautemandakoak baino handiagoak. Iturriak sakon aztertu ondoren, bentzenoaren jatorri nagusia poliestireno hedatuaren ereduaren gaineko galdaketa zela ikusi zen. Horren berri eman zitzaien Durangoko Udalari, Osasun Publikoari, Osalani, beste autonomia-erkidego batzuei, Euskadiko Galdaketa Elkarteari eta herritarrei. Prozesu hori egiten zuten eta bentzenoa igortzen zuten inguruko bi enpresekin elkarlanean lan egin zen. Enpresa horiek, oso denbora laburrean, neurri zuzentzaile batzuk proiektatu eta gauzatu zituzten, eta, horretarako, 1,7 milioi euroko inbertsioa egin zuten, eta 2020ko otsaila eta martxoa bitartean jarri ziren martxan.

2020ko azaroan, neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko, bentzeno-mailak egiaztatzeko kanpaina bat hasi zen, laborategi mugikor batekin, bentzeno-mailak detektatu ziren leku berean, eta egiaztatu zen tximinia bidezko emisioak zuzendu egin direla, baina lokalizatutako puntuetako baten isurtze barreiatuak egiteko geratu ziren.

Lokalizatutako puntu horretako KOLen monitorizazioa dela eta, UM7 laborategi mugikorrak etengabe neurtzen jarraitzen du. Lehen neurketa-aldiko datuek ondorioztatzen zuten hartutako neurriak ez zirela nahikoak izan; beraz, 2021eko otsailaren 12an, Eusko Jaurlaritzak beste ekintza-plan bat eskatu zuen, isurketa barreiatuei buruzko neurri gehigarriak jasoko zituena.

2021eko abuztuan, bentzeno-mailen egiaztapena indartzea erabaki zen, iturriaren inguruko beste bi puntu osagarri gehiagorekin, bizitegi-eremuarekiko inpaktu-eremua egiaztatzeko eta mugatzeko. Lehen laginketa abuztuaren 26tik irailaren 22ra bitartean egin da. Ondoren, beste laginketa bat egin da, urriaren 19tik azaroaren 11ra bitartean. Bi kasuetan, autolagingailuak erabili dira, hodiekin, eta hodi horiek laborategira eraman dira aztertzera.

Nahiz eta Osasun Publikoko Laborategiak emaitza guztiak ez dituen eta azken emaitzen txostena egin ez den, orain arte puntu horietan lortu diren balioak UM7k jasotzen dituen kontzentrazioak baino txikiagoak izan dira. Kanpaina horiek aktibo jarraitzen dute.

Laborategi mugikorra eta inbertsio ekonomiko handia

Iraganean jasan dituen industria-jarduerak eta, gaur egun, eskualde-buru izateko hainbat enpresa batzen direla kontuan hartuta, Durango airearen kalitatea monitorizatzeko puntu estrategikoa izan da, Zabalarra eskolan (San Roke kalea) duela 20 urte baino gehiagotik dagoen estazioaren bidez. Horrelako estazio finko bat jartzeko, 150.000 euroko inbertsioa egin behar da, eta urteko mantenimendua 15.000 eurokoa da.

Gainera, 2007tik 2019ra hainbat azterlan eta kanpaina egin dira ekipamendu mugikorrekin. Azken belaunaldiko kromatografo batekin 2017an egindako azken kanpainak industria-jarduera bati lotutako bentzeno-isuri barreiatuak detektatu zituen, eta 40.000 euro inguruko kostua izan zuen. Kanpaina horretan, bi tokitan aritu ziren laginketak egiten, 412 egunez, urteko hainbat sasoitan.

2020ko azaroaren 9tik, etengabe neurtzen ari dira 172 KOL laborategi mugikorrarekin, Durangoko inpaktu-eremu batean, 377 egunez, eta 15 lagin egiten dira eguneko (100 minutuko bat, gutxi gorabehera). Laborategi mugikor horiek 300.000 euro inguruko prezioa dute, eta urtean 45.000 euroko kostua dute langile kualifikatuek ustiatu eta maneiatzeko.

Neurketa horiez gainera, laginketa eten batzuk egin dira etxebizitzetatik gertu, eta horrek 16.000 euroko kostua izan du. Une honetan, laginketak egiten jarraitzen da ekipo mugikorrarekin, eta laginketa eten batzuk gehiago programatu dira, datu gehiago eduki ahal izateko eta haiek balioespen bat egitea ahalbidetuko digun adierazgarritasun nahikoa eduki ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak konprometituta jarraitzen du egungo arazoak konpontzearekin, eta Durangoko auzoetako batean dagoen arazo puntuala konpontzeko lanean jarraituko du. Hori horrela, unitate mugikorraren bidez neurtzen jarraituko da enpresa egiten ari den eta Sail hau ikuskatzen ari den ekintza-planaren eraginkortasuna egiaztatzeko arazoa izaten ari den eremua. Eta eremuan ingurumena hobetzeko beharrezkoak diren inbertsioak diruz laguntzen jarraituko da.

2020ko EAEko Airearen Kalitatearen Urteko Txostena honako esteka honetan deskarga daiteke:

https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadiko-airearen-ebaluazioa/web01-a2ingair/eu/

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak