Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko Pilota federazioek, Munduko Pilota Batzarrarekin batera, euskal pilota garatzeko metodologia berritzailea aurkeztu dute gaur

2021-12-01
  • Erakunde eta federazioek lankidetzan garatu duten proiektu hau euskal pilotan aritzen diren kirolari, teknikari eta gestoreei zuzenduta dago eta arlo kondizionala, teknikoa eta taktikoa garatzeko balio du

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko Pilota Federazioek eta Munduko Pilota Batzarra eta elkartuak erakundeak “Euskal Pilota Method & Tech” proiektua aurkeztu dute gaur Iruñean, Navarra Arenan, egin den ekitaldi baten. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Kontseilari Rebeca Esnaolak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidente Gotzon Embilek, Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako presidente Javier Condek, Iparraldeko Euskal Herriko Pilota Batzarreko presidente Jean-Michel Garayar-ek eta Munduko Pilota Batzarreko presidente Fernando Azkaratek parte hartu dute gaurko aurkezpenean Kimet Sport kirol aholkularitza erakundeko Gari Fullaondorekin batera. Proiektuak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen dirulaguntza ere badu.

“Euskal Pilota Method & Tech” Euskal Pilota garatzeko metodologia berri bat da, alor kondizionala, teknikoa eta taktikoa adin, maila eta genero guztietara egokitua eta euskal pilotan aritzen diren kirolari, teknikari eta gestoreei zuzenduta dago.  Metodologiak 3 aplikazio informatiko ditu eta inteligentzia artifiziala erabiliz egiten ditu planifikazioak. Holako hauek dira hiru aplikazioak:

  1. Euskal Pilota Planning-ek entrenamendu programak eta formakuntza eta errendimenduarekin lotuta dagoen datu guztien gestioa bermatzen du.
  2. Euskal Pilota T-Managerrek, metodologiako ariketa guztiak 3D-ko animazioen bitartez helarazten ditu, hauen bitartez saioak garatu eta norbere ariketa eta saioak garatzeko aukera eskainiz.
  3. Euskal Pilota Teacher-ek, metodologia guztia bideoen bitartez nola irakatsi behar diren erakusten du.

Honekin batera Learning plataforma bat garatu da guzti hau behar bezala ezartzeko formakuntza eta prestakuntza bermatzen duena.

Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko pilota federazioen bitartez teknikariek aukera izango dute gaurtik aurrera metodologia eta aplikazio hau doan eskuratu eta erabiltzeko. 

Kimet Sport, kirol aholkularitza zerbitzua izan da proiektua garatu duena eta horretarako aurretik beste kirol batzuetarako, futbolerako adibidez, garatutako antzeko plataforma bat izan du abiapuntu. Gaur egun futbolerako teknifikazio proiektu hori bost hizkuntzatan dago eta milaka erabiltzaile ditu munduan barrena 104 herrialdeetan. Oraingo honetan Kimet Sport-ek euskal pilotako metodologia egokitu eta berritzailea sortu du. 

Prentsaurrekoan parte hartu duten ordezkariek azpimarratu dutenez, elkarlanetik, elkarrekin, sortutako proiektua da “Euskal Pilota Method & Tech”. Helburu nagusia euskal pilota Euskadin, Nafarroan, Iparraldean eta mundu osoan garatu eta sendotzeko helburua duena.

Aurkezpenean Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Kontseilari Rebeca Esnaolak adierazi duenez proiektu hau "pilota garatzen jarraitzeko bultzada berria izango da". Halaber, nabarmendu duenez, "baldintza hobeetan praktikatzen jarraitzeko bultzada ere izango da ", gainera, prestatzaileek “pilota irakasteko beharrezkoa den prestakuntza eta oinarrizko formakuntza izatea beharrezkoa” dela azpimarratu du.

Bestalde Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez “euskal pilotaren, garapena bultzatuko du egitasmo honek bai kirol alorrean baita gizarte mailan ere izan ere, kirol federatuan, eskola kirolean zein hezkuntza sisteman erabilgarria izango da”. Zupiria sailburuak gaineratu duenez, metodologia elkarlanaren emaitza da, “denon artean eta denontzat garatutako metodologia bat da. Izan ere, edozein proiektu sendotzeko indarrak batzea da egokiena eta horixe da proiektu honekin egin dena. Indarrak batu. Horretarako sektorearekin lan egitea ezinbestekoa izan da. Federazioak dira pilota mundua ezagutzen dutenak eta beraien lankidetzarekin eta Kimet Sport-en lanari esker garatu da egitasmo hau”.

Gotzon Embil Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak gaineratu duenez, “proiektu hau 2019an hasi zen abian, Euskal Pilota irakasteko metodologia bat eskaintzeko helburuarekin, helburu horrekin Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko federazioak eta Munduko Euskal Pilota eta Elkartuen Kontseilua elkartuz. Datozen hilabeteetan, garapen metodologiko-teknologiko berri hori pilota-eskola guztietan eta hezkuntza-sisteman ezartzea eta Euskal Pilotaren beste espezialitate batzuetan irakaskuntza-metodologia berriak garatzen jarraitzea izango da helburua. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeari Euskal Pilota biziberritzeko proiektu estrategiko honi laguntzeagatik, eta Kimet Sport enpresari eskerrak eman nahi dizkiogu sortutako metodoa formatu onenetan Euskal Pilotaren mundu osora iristeko egindako ahaleginagatik eta dedikazioagatik”.

Kimet Sport erakundeko Gari Fullaondok azkenik, proiektuaren zehaztapen guztiak eman ditu eta bide batez, metodologia eta aplikazio ezberdinak aurkeztu ditu. 

Metodologia guztia euskaraz garatu da, baina gaztelaniaz eta frantsesez erabiltzeko aukera ere izango dute Nafarroa, Iparralde eta Euskadiko teknikari guztiek. Datozen asteetan proiektuaren lehen ezarpen orokorra garatuko da herrialde guztietan, eta ondoren, proiektuaren ezarpen sakonago bat lortzeko oinarriak zehaztuko dira, eskualde hauetan eta munduan barrena, eragin osatua izango duen proiektua bideratzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak