Jatorri Latinoamerikarreko biztanleria da atzerritar jatorriko kolektiborik ugariena eta baloraziorik onena duena Euskadin

2021-11-30

·         Biztanleriaren % 5,8 da, eta bere joerari eusten dio mende hasieratik hona, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiaren Panoramika berriaren arabera

Vitoria-Gasteiz, 2021/11/30

Jatorri latinoamerikarreko biztanleriak Euskal Autonomia Erkidegoan presentzia handiena duen atzerritar jatorriko kolektiboa izaten jarraitzen du, eta dagoeneko biztanleria etorkinaren erdiak baino gehiago dira. 127.371 pertsona dira, herrialdeko biztanleria osoaren % 5,8; gehienbat emakume gazteak dira, eta okupazio-tasa handia dute. Era berean, bertakoek balorazio onena ematen dioten kolektiboa da.

Horiek dira Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak argitaratu berri duen Panoramika 82 lanaren ondorioetako batzuk. Oraingo honetan, hau izan du aztergai: latinoamerikar jatorriko biztanleria EAEn, 2021ean.

Behatokiaren ikerketa berri horren arabera, latinoamerikarren kolektiboak ugaritzen jarraitzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritar jatorriko biztanle guztien % 51,7 dira dagoeneko. Gainera, amerikarrenak okupazio tasarik handiena duen kolektiboa izaten jarraitzen du (% 40,8), eta, beraz, atzerritarren batezbestekoaren azpitiko langabezia tasa du (% 7,1). Halaber, aipatzekoa da horietako gehienak araubide orokorrean alta emanda daudela.

Kolektibo gazte, feminizatu eta irudi onekoa

Azterketa horretan nabarmentzen denez, “Gauden mendea hasi zenetik, Latinoamerika izan da EAEn bizi diren atzerritar jatorriko herritarren sorburu nagusia”. Herrialdeka, Kolonbia, Nikaragua, Bolivia, Venezuela eta Ekuador dira Latinoamerikako sorterri nagusiak.

Kolektibo hori “gehienbat gaztea da (% 48,9k 25-45 urte ditu), eta feminizatua (% 61,2 emakumeak dira), batez ere oraintsuko migratzaileak (Nikaragua, Honduras eta Paraguaikoak), orain arte EAEra etorritako migratzaile talde nagusiak ez bezala (Kolonbiakoak eta Ekuadorrekoak). Joera horrek lotura zuzena du, besteak beste, EAEko lan merkatuaren eskariarekin eta merkatu horrek eskatzen dituen profilekin”, Panoramikaren arabera.

Bertakoek iritzi ona dute latinoamerikarrez, eta balorazio onena duen atzerritarren kolektiboa da urtez urte, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak azaroaren hasieran argitaratutako Jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruko pertzepzioak eta jarrerak, 2021eko barometroak jasotzen duenaren arabera.

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokia 2004tik dago jardunean eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateari lotutako erakundea da. Migrazio-fluxuek EAEn duten eragina aztertzea, ezagutzea eta baloratzea du helburu.

Beste ikerketa batzuen artean, behatoki honek Panoramikak argitaratzen ditu, immigrazioarekin eta EAEn bizi diren atzerritar jatorriko biztanleekin zerikusia duten alderdi zehatzak lantzen dituzten lau hilean behingo azterketak.

2 iruzkin
  • 2021-11-30

    Herri senidetuak gara, elkarlanean aritzeko eta izaera egonkorra duten aliantzak sortzeko prest daudenak. Komunikazio-bide gehiago sor daitezke gaurkotasuna gehiago jarraitzeko eta, ahal bada, isilpeko kanala, agintariei hizkuntzak errespetatuz kontuan hartu beharreko gorabehera garrantzitsuak jakinarazteko.

  • 2021-11-30

    Somos pueblos hermanados dispuestos a colaborar y a crear alianzas tengan carácter estable. Se pueden crear más canales de comunicación para seguir más la actualidad y si cabe canal confidencial donde se haga saber a Autoridades incidencias importantes a tener en cuenta respetando las distintas lenguas.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko