Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak 3,9 milioi euro bideratu ditu hiru euskal unibertsitateetarako, digitalizazio, osasun eta unibertsitatea+hezkuntza programak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2021-11-30)

2021-11-30

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran adostu du, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, zuzeneko dirulaguntza bana ematea Euskal Unibertsitate Sistema (EUS) osatzen duten hiru unibertsitateetako bakoitzari, lehentasunezko hiru eremu hauetako programak eta ekintzak finantzatu ditzaten: eraldaketa digitala unibertsitatean; prestakuntza berritzaile birtualizatua osasun-zientzietan; eta Unibertsitatea+Hezkuntza arloko ikerketa aplikatuko eta lankidetzako proiektuak.

Hiru dirulaguntza hauen batura 3.934.121 eurokoa da, eta honela banatzen dira hiru unibertsitateen artean.

  • UPV/EHU: 2.920.351 euro
  • Deustuko Unibertsitatea: 721.346 euro
  • Mondragon Unibertsitatea: 292.424 euro

Digitalizazioa

2020an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateek eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak akordioak lortu zituzten epe labur eta ertainean Covid osasun-larrialdiari erantzuteko lehentasunei buruz. Halaber, elkarlanean eta koordinatuta aritzeko lan-esparru bat ere ezarri zuten, pandemiak sortutako ezohiko egoeraren aurrean jarduteko.

Lehentasun nagusietako bat urrutiko prestakuntza garatzea izan zen, bide telematikoak baliatuz. Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak funts-zuzkidura bat egin zuen hiru unibertsitateak digitalizatu eta hauek urrutiko prestakuntza garatu ahal izan zezaten, era horretan ziurtatuz unibertsitateko jardueretan aurreikusitako ikaskuntza-emaitzak lortzen zirela, arrazoizko neurrian.

Arlo honetan lortutako emaitza onak ikusita, Hezkuntza Sailak beharrezkotzat jotzen du 2021ean EUSeko unibertsitateek garatutako digitalizazio-prozesua indartzeko politika horrekin jarraitzea.

Osasun Zientziak

Covid-19 pandemiak agerian utzi du, halaber, osasun-arloan unibertsitate-irakaskuntza indartzeko beharra. Frogatu da osasun-zientzietan talentua zaintzen eta sustatzen duten gizarteak hobeto prestatuta daudela –denbora  errekorrean eta oso egoera zailean- aurre egin behar izan dieten osasun-arazoei arrakastaz aurre egiteko.

Horregatik, Hezkuntza Sailak beharrezkotzat jotzen du osasun-zientziekin eta, bereziki, Medikuntza eta Erizaintza arloekin lotutako ikasketetan prestakuntza indartzeko ekintzak sustatzea, ikuspegi berritzaile batetik. Ekintza horien helburu nagusia ospitale birtualak edo ospitale birtual horiei lotutako prestakuntza-proiektu berritzaileak hornitzea edo indartzea izango da. Azken xedea da pandemiaren testuingurura egokitutako kalitatezko irakaskuntza sustatzea, eragin nabarmena izango duena ikasleen etorkizuneko lanbide-jardunean edo osasun-arloko profesionalaren etengabeko prestakuntzan.

Hezkuntza arloko ikerketa

Bestalde, COVID-19k bereziki nabarmendu du hezkuntzak gizarteari maila guztietan ematen dion zerbitzua. Ildo horretan, hezkuntzaren esparruko ikerketak, bai gizartean bai hezkuntza-sisteman bertan, duen eragina kontuan hartuta, ikerketa aplikatua eta bikaintasunekoa indartzeko beharra identifikatu da. Ikerketa hau, unibertsitate aurreko euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan arituz burutu beharrekoa da, unibertsitatearen eta aipaturiko maila horietako hezkuntzako lanbidearen arteko harremana are gehiago estutuz. Horrela, 2021ean, Hezkuntza Sailarentzat interes berezia duten ikerketa-lerroetako ikerketa aplikatuko eta elkarlaneko proiektuen diseinua, garapena eta abiaraztea bultzatu da, honako hauekin lotuta:

  • Digitalizazioa: metodologia eta gaitasun tekno-pedagogikoak, eta ingurune digitala-ingurune presentziala integratzea
  • STEAM proiektuak: ikasleek konpetentzia zientifiko-teknologikoak eta jarrera egokiak eskuratzea, STEM esparruekin lotuta.
  • Kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta: hizkuntza-metodologiak eta gaitasunak ingurune inklusiboetan.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailak beharrezko jo du ahalegin berezia egitea, lehen aipatutako lehentasunezko hiru eremuetan ekintzak sustatzeko baliabide ekonomikoak hornitzeko: eraldaketa digitala unibertsitatean; prestakuntza berritzaile birtualizatua osasun-zientzietan; eta Unibertsitatea+Hezkuntza arloko ikerketa aplikatuko eta elkarlaneko proiektuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko