Berriak Hezkuntza

4,2 milioi euro Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei, “4.0 antolakuntza adimendunak” proiektuaren baitan (Gobernu Bilera 2021-11-30)

2021-11-30
  • Dirulaguntza horiek ekipamendu eta azpiegitura teknologikoki aurreratuak eskuratzeko erabili beharko dituzte ikastetxe onuradunek

Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaurko bileran, Hezkuntza sailburuak proposatuta, “4.0 Antolakuntza Adimendunak” proiektuan parte hartzen duten irabazi-asmorik gabeko Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxe integratuei zuzeneko dirulaguntzak emateko. Laguntza hauek 4.291.000 euroko balioa dute orotara.

Laguntza hauek Lanbide Heziketako ikastetxe horietako espazioen, ekipoen eta azpiegituren eraldaketa digitala eta jasangarria finantzatzera bideratu beharko dira. Era horretan pertsonak prestatu eta enpresek –edozein  sektoretakoak direla ere- eskatzen dituzten gaitasun digital eta jasangarriez janzten baitira.

Dirulaguntza horien bidez finantzatu ahal izango dira ekipamendu eta azpiegitura teknologikoki aurreratuak erosteko gastuak, bai eta horietatik eratorritako instalazio-gastuak ere. Erosi berri den ekipamendu horrek aukera eman beharko du “4.0 Antolakuntza Adimendunak” izeneko ikaskuntza eta kudeaketa-prozesuaren eraldaketa digital jasangarria egiteko, teknologia hauek ezarriz: makropantailak eta kudeaketa-softwarea, informazioa aldi berean modu bateratuan argitaratzeko (Digital Signage); ikasgelarako teknologia digital interaktiboak (smartphoneak, tabletak, ordenagailu eramangarriak, mahai digitalak edo horma digitalak elkarreraginean, berariazko software batekin); ikasgelarako murgilketa-teknologia digitalak (Errealitate Birtualeko, Errealitate Mistoko, Errealitate Fusionatuko edo Errealitate Gehituko teknologiak); eduki digital dinamikoak sortzeko laborategiko/estudioko ekipamendua (ikus-entzunezko euskarrian, errealitate birtualean eta errealitate areagotuan); edo mugikortasun adimenduna eta iraunkorra.

Gaur egun, irabazi-asmorik gabeko Lanbide Heziketako itunpeko sei ikastetxe integratuk hartzen dute parte Hezkuntza Sailak bultzatzen duen “4.0 Antolakuntza Adimendunak” proiektuan: hiru Bizkaian, bi Gipuzkoan eta bat Araban.

Eraldaketa digitala

Eusko Jaurlaritzak abian du Euskal Hezkuntza Sistemaren Digitalizazio Iraunkorrerako eta Sistema Adimendunetarako Plan Integrala. Honen helburua da Euskadin eraldaketa digitaleko esparru berri bat bultzatzea. Plan honen baitan, ikastetxeen digitalizazioak Lanbide Heziketako sistema osoa eraldatzeko palanka gisa lagunduko du.

Pertsonei lehentasuna emanez, trantsizio digital horrek gizartearen onerako izan behar du, eta aukera berriak ireki behar ditu mota guztietako erakundeentzat, baita Lanbide Heziketako ikastetxeentzat ere. Horrela, irtenbide digital horiek funtsezkoak izango dira klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta baita trantsizio ekologikoa behar bezala burutzeko ere, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak zentro digital eta iraunkor bihurtuz.

Prozesu honek guztiak ezarpen mailakatua eskatzen du. Horregatik, Hezkuntza Saila – Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bitartez – “4.0 Antolakuntza Adimendunak” izeneko proiektua lantzen ari da, bertan parte hartzen duten ikastetxeen eraldaketa digital eta jasangarriari ekiteko, hainbat ekimen kontrastatuz eta, era horretan, pixkanaka, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe integratu guztietan ezarri ahal izateko.

Proiektuaren helburuak lortzeko, beharrezkoa da zentro horiek gune digitalizatu berriak eta teknologia aurreratuko ekipamendu eta azpiegiturak izatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko