Arriolak hiri-berroneratzearen aldeko apustua egin du, hirien eraldaketa osasungarriaren eragile gisa

2021-11-29
  • Sailburuak iragarri du Bilbon, Eibarren, Lasarte-Orian, Durangon eta Pasaian hiri-berroneratze proiektuak egiten ari diren bost auzoei laster Abanto-Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Trapagaran, Amurrio eta Urduña gehituko zaizkiela.

  • Eusko Jaurlaritzak eta ONU-Habitatek antolatutako Euskal Hiria kongresuak gaur ezagutarazi du nola banatzen diren hiri-eremuak berritzeko Europako berreskuratze-funtsak.

  • Gaur arratsaldean azalduko da nola egokitzen den ‘15 minutuko hiriaren’ kontzeptua Parisen edo Euskadiko zonaldeetan. Bihar jarraituko du kongresuak, hiriko bizitza alderdi sozialean eta ingurumenekoan nola eraldatu daitezken aztertzeko.

  • Carmen Sánchez-Mirandak, ONU-Habitatek Espainian duen bulegoko buruak azpimarratu duenez, nazio-azpiko gobernuen rola nazio-mailakoa eta toki-mailakoa bezain garrantzitsuak dira.

 

 

Euskadik 20 urte daramatza Euskal Hiria kongresua egiten. Etengabeko hausnarketari eta planifikatutako jarduerei esker, Euskadik bere hirietako eta landa-inguruneko hobekuntza-beharrei erantzuna eman die. Baina oraindik bide luzea dago egiteko. Hala adierazi du Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Euskadiko sektoreko urteko ekitaldi nagusiaren hogeigarren edizio honen irekieran. Inaugurazioan ONU-Habitat-eko Espainiako bulegoko buru Carmen Sánchez-Mirandak ere parte hartu du.

Bi erakundeek antolatu dute kongresu hau, eta gaur eta bihar Europako, estatuko, eskualdeko eta tokiko 200 aditu bilduko dira, formatu hibridoan, bai aurrez aurre, bai online. Arriola sailburuak adierazi duenez, “gure hiriak osatzen dituzten pertsonen bizikidetza ahalbidetuko duten eta landa-ingurunearekin eta ingurune naturalarekin duten harremana hobetuko duten hirigintza-eredu berriak sustatzera animatzen dut, espazio publikoen konfigurazio eta erabilera berriaren eta mugikortasun berriaren bidez”.

Hori lortzeko, Euskadik funtsezko tresna bat izan du: Bultzatu 2050 Hiri Agenda. Agenda hori eskualde mailan landutako lehenetarikoa da, eta Nazio Batuen Hiri Agenda Berriarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GIH) bat dator.

Alde horretatik, Iñaki Arriolak hiri-berroneratzea nabarmendu du “hiriak hiri justuago eta iraunkorrago bihurtzeko modu gisa”. Euskadik hainbat esperientzia ditu arlo horretan, eta horren ondorioz birgaitzea, energia-eraginkortasuna eta etxebizitzen irisgarritasuna hobetzea ematen da, baina zentzu zabalagoa eta alderdi sozialean eragina izatea ere lortzen da, ekonomiko, ingurumeneko eta gobernantza alderdietan ondorioak izaten.

Proiektu pilotuak hasi dira Bilboko eta Eibarko auzo ahuletan (Europako Batzordeak finantzatutako Opengela proiektua), eta Lasarte-Orian, Durangon eta Pasaian erreplikatzen ari dira. Gainera, sailburuak iragarri zuenez, “lortutako esperientziari esker, beste sei udalerritan ere jarduerak egin ahal izango ditugu: Abanto-Zierbenan, Portugaleten, Santurtzin, Trapagaranen, Amurrion eta Urduñan”.

Carmen Sánchez-Miranda ONU-Habitat-eko Espainiako bulegoko buruak azpimarratu duenez, “Garapen Iraunkorreko Helburuak helburua badira, hiri-agendak helburu hori lortzeko erramitak dira. ONU-Habitatek Bultzatu 2050 euskal Agendarekin batera jardun du sortu zenetik, eta argi daukagu lurralde-eremua funtsezkoa dela gobernantza eraginkorra ezartzeko, koordinatzeko eta sustatzeko prozesuetan. Izan ere, nazioz azpiko gobernuen rola nazio- eta toki-mailena bezain garrantzitsua da zentzu horretan.

Espainiako ONU-Habitateko buruak gaineratu duenez, “herriak eta hiriak pandemiatik suspertzeko moduak eragin handia izango du ahalegin globaletan, etorkizun jasangarria lortzeko. (…) Garapen Iraunkorreko Helburuak, hain zuzen ere, larrialdietan erabiltzen diren argi laburrak eta garapeneko argi luzeak lerrokatuta daudela ziurtatzeko gai diren erremintak dira”.

Euskal Hiria esperientzia lokalen eta esparru globaleko beste batzuen arteko kontrastea da. Hori gertatu da irekiera-saioan hain zuzen ere. Sara de la Rica UPV/EHUko Ekonomia katedradunak eta Katja Schäfer, ONU-Habitat-eko eskualdearteko aholkularia, hiri planifikatzaile gisa Somalian, Yemenen, Arabiar Eskualdean edo huts egindako estatuetan egon dena, egon dira ekimenaren buru bezala.

Gainera, kongresuan hiri-berroneratzearekin zerikusia duten berreskuratze-funtsen gakoak ezagutzen ari dira, besteak beste, Valentina Corsetti, Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiko programa-arduraduna, Europako Batzordeko Espainia eta Portugalerako arduraduna, David Lucas, Espainiako Gobernuko Hiri Agenda eta Etxebizitzako idazkari nagusia, eta Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuorde Miguel de los Toyos, besteak beste.

Gaur arratsaldean ‘hiria 15 minututan’ kontzeptua sakonduko da eta bertan mundu mailako aditu handienetako batek hartuko du parte: Carlos Moreno, Paris-Sorbonne JEZeko Ekintzailetza, Lurralde eta Berrikuntza Katedrako zuzendari zientifikoa. Mahai-inguruan sei espezialista gehiago izango dira

Bihar, euskal itsasertzeko eta Bilbo Metropolitarreko planak
Bihar, goizeko jardunaldiari Joan Closek emango dio irekiera, ONU-Habitat-eko zuzendari ohi eta Bartzelonako alkate ohiak. Bi saio egingo dira, hiria gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik nola eraldatu ahal den aztertzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertza babesteko Lurraldearen Arloko Planaren edo Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren gakoak ezagutaraziko dira. Plan horrek zehaztuko du datozen 20 urteetarako zer etorkizun izango duen 35 udalerrik eta EAEko biztanleriaren ia erdiak hartzen duen eremu horrek. Araba Erdialdeko eta Arabako Errioxarako planen etorkizuna ere jorratuko da. Kongresua ONU-Habitaten Hiri Praktiken Azpiatalburuak itxiko du, Shipra Narang Surik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Carmen Sánchez Miranda (ONU Habitat)