Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du Uholdeei Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdietarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu duela

2021-11-27
  • Ibaien egungo egoera eta datozen orduotarako aurreikusten diren prezipitazio iraunkorrak kontuan hartuta hartu da neurria
  • Larrialdietako zerbitzuek egoeraren etengabeko jarraipena egingo dute

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du Euskadiko Larrialdietarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu duela uholde-arriskua dagoelako, ibaien une hauetako egoera eta datozen orduotarako aurreikusten diren prezipitazio iraunkorrak kontuan hartuta. Alerta-fase horrek inplikatzen du, besteak beste, egoeraren etengabeko jarraipena egitea.

Alerta-fase hori adierazi ez diren baina gerta daitezkeen larrialdiak aurreikusten direnean aktibatzen da, hau da, egoera ikusita, eta egoera horrek okerrera egiten badu, larrialdi hori gerta daitekeela ikusten denean.

Era berean, ibai-arroen egoeraren etengabeko jarraipena egiten ari dira bereziki URA – Uraren Euskal Agentzia, Euskalmet – Meteorologiaren Euskal Agentzia eta foru-aldundiak.

Egoeraren etengabeko jarraipena egiteaz gainera, uholdeei aurre egiteko Larrialdietarako Plan Bereziaren alerta-faseak inplikatzen du:

  • Garrantzizkoa izan daitekeen informazioa jakinaraztea, bai zerbitzu jarduleei bai herritarrei.
  • Baliabideak hurbiltzeko edo birkokatzeko mugimenduak egitea.
  • Larrialdi-fasean behar izan litezkeen prozedurak, baliabideak eta bitartekoak egiaztatzea, bereziki gutxitan gertatzen diren egoeretan.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak