Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Europar Batasuneko industria politikari buruzko txostena aurkeztuko du Eskualdeen Lantaldeko osoko bilkuran

2011.eko irailak 18

Bruselara egingo duen bidaia baliatuko du Flandeseko presidentearekin lankidetza hitzarmen bat sinatzeko eta beste harreman batzuk izateko

Urriaren 10ean eta 11n Patxi Lopez lehendakaria Bruselara bertaratuko da Europako erakundeetara egingo duen bigarren bisita instituzionalaren barruan. Lehendakaria Europako eskualdeen ordezkari hautatu dute Europar Batasuneko Industria Politikaren etorkizunari buruzko oinarrizko dokumentuaren txostengile izateko. Lehendakariak Eskualdeen Lantaldeko Osoko Bilkuran hartuko du parte eta bertan Eusko Jaurlaritzak eta Europako eskualdeek elkarrekin egin duten txostena aurkeztuko du.

Era berean, bidaiaren agendan Belgikako Flandes eskualdeko presidentearekin sinatuko duen Euskadi-Flandes lankidetza hitzarmena izango da, bai eta euskal komunitateari zein europako eskualde eta erakundeetako ordezkariei eskainiko zaien ekitaldi kultural bat ere.

Lehendakariaren agenda

Eskualdeen Lantaldeko osoko bilkura Europako erakundeek eta eskualdeek antolatzen dituzten Open Days izeneko jardueren barruan kokatzen da, eta beren xedea berauen garrantzia sustatzea da Europar Batasunaren etorkizunerako. EBko eskualde eta udalerriek Europako lege eta proposamen berrien iritzia ematen dute.

Erkidegoko Erakundeak behartuta daude Eskualdeen Lantaldearekin kontsultatzera hainbat gaitan edozein lege proposamen, arau edota estrategia onartu aurretik. Euskadi aukeratua izan da Eskualdeen Lantaldearen aurrean Europa mailan industria herria gisa duen garrantzia dela eta.

Lehendakariak Europako erakundeekin izango duen lan-bileren agendan, besteak beste, Europako Lehia Komisario eta Europar Batzordeko presidenteorde Joaquin Almunia eta Industria eta Ekintzaileentzako Komisario Antonio Tajani izango dira. Halaber, lehendakariak Kris Peeters Flandeseko presidentearekin lankidetza hitzarmen bat sinatuko du eta bere helburua hainbat jarduera arlotan elkarrekin lan egitea da, esate baterako, ingurugiroan, hezkuntza eta kulturan.

Lehendakariak Bruselara egingo duen bigarren bisitak Gobernuak erkidegoko hiriburuan abian jarri zuen Ordezkaritzaren 25. urteurrenarekin bat egingo du. Uztailetik Europar Batasunarentzako Euskadiko Ordezkaritza du izena eta bere arduraduna Marta Marin EBrentzako Eusko Jaurlaritzako Ordezkaria da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)