Garamendik uko egin dio Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentzia prestatzeko Batzordean parte hartzeari

2021-11-26
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak transferentziei buruzko egutegia eta akordioak betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari
  • Ez du gaur Presidenteen Konferentzia Prestatzeko Batzordean parte hartuko EAEko ordezkari gisa, falta diren transferentzien proposamenik ez dagoelako
  • Sailburuaren esanetan, ez du zentzurik foro multilateraletan parte hartzeak, aldebiko akordioak behin eta berriz urratzen diren bitartean

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak Espainiako Gobernuari eskatu dio bete gabe dauden transferentzien inguruan Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioak betetzeko. Garamendik Pedro Sanchez buru duen Gobernuari eskatu dio bete dezala hitzartutakoa eta duela urtebete Moncloak onartutako transferentzien egutegia. Kronograma horren arabera, egiteke zeuden transferentzia ia guztiak gauzatu behar ziren, baina lau baino ez dira eskualdatu joan den maiatzean.

Garamendi ez da joango gaur Eusko Jaurlaritzaren izenean Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentziaren Jarraipen eta Sustapen Batzorde Prestatzailera. Bilera gaur goizean izango da Madrilen, Lurralde Politikako Ministerioan, eta bertan parte hartuko dute Isabel Rodríguez ministroak eta Estatuko autonomia erkidego bakoitzak izendatutako sailburuek eta ordezkariek. Foro multilateral hau ziurrenik urtarrilean egingo den autonomietako presidenteen Konferentzia prestatzeaz arduratzen da.

Sailburuak atzo hitz egin zuen Rodriguez ministroarekin eta jakinarazi zion ez duela parte hartuko Prestaketa Batzordean. Halaber adierazi zion haserre dagoela behin eta berriz justifikatu gabeko atzerapenengatik eta transferentzien arloko aldebiko akordioak ez betetzeagatik. “Ez du zentzurik foro multilateral autonomiko batean parte hartzeak, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin dituen aldebiko akordioak behin eta berriz urratzen dituen bitartean”, dio.

Eskualdatzeen kronogramaz gain, Garamendik nabarmendu du Gernikako Estatutua ez dela betetzen ari, onartu eta 42 urtera oraindik ez baita osatu transferitu gabe dauden eskumenei dagokienez. Espainiako Gobernua Estatutua eta bere eskuz idatzitako egutegia urratzen ari dela azpimarratu ondoren, ia transferentzia guztiak gauzatuta egon behar zutelako, sailburuak ziurtatu du ez direla transferentzia proposamenak idatziz bidaltzen ari.

Joan den maiatzean, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak lau gairen eskualdaketa sinatu zuten Transferentzien Batzorde Mistoan. Garamendik transferentzia horien garrantzia aitortzen du, baina aldi berean ohartarazi du “ez garela iraganeko errentetatik biziko, are gehiago euskal autogobernua jokoan dagoenean, eskubide hori guri dagokigulako eta lege organiko batean jasota dagoelako”.

Garamendiren ustez, alde biko akordioak ez betetzeak birzentralizazioa aplikatzen saiatzea dakar. “Espainiako Gobernuak ulertu behar du hori ez dela bidea, akordioak betetzeko daudela eta ez dugula onartuko Eusko Jaurlaritza gutxiestea”, adierazi du sailburuak, eta ziurtatu du Estatuarekin lanean eta negoziatzen jarraituko duela, egin gabe dauden transferentziak ekartzeko. Garamendi Eusko Legebiltzarrean izango da gaur goizean, kontrol plenoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak