Indarkeria eta berdintasunari buruzko hausnarketa egin duten gazteei Beldur Barik sariak eman zaizkie gaur Agurainen

2021-11-26

Gaur arratsaldean Beldur Barik lehiaketaren 12. edizioaren lan saridunak ezagutzera eman dira Aguraingo Harresi Aretoan, streaming bidez ospatu den sari-banaketan. Programako webgunean, bere Youtube kanalaren bidez, eta EITBren “Nahieran” zerbitzuaren bidez zuzenean jarraitu ahal izan da. Beldur Barik programa Emakundek sustatzen du eta hauen babesa jasotzen du: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EUDEL.

Epaimahaiak adierazi duenez, lan gehienak taldeko lanak izan dira eta horrek hausnarketa prozesuak elkarbanatu direla esan nahi du, programak duen helburuetako bat betez.  

Lehiaketak hiru kategoria ditu. Lehenengo kategoria 12 eta 13 urteko gaztetxoei zuzenduta dago eta aurtengo irabazlea Durangoko Kurutziaga ikastolako talde feminista izan da, HANDITAN izeneko lanarekin. Lan honetan nabarmentzen da jarrera positiboa eta neskak eta mutilak, guztiak batera, aukera eta eskubide berdintasuna aldarrikatzen dutela, mezu argi batekin: libre izan nahi dutela.

Gasteizeko Ibaiondo Gazte taldeak aurkeztutako SÉ TÚ lanak kategoria honetako aipamen berezia jaso du. Lan honetan oso ondo islatu ditu talde honek bere adineko bizipenak, estereotipo sexistak kolokan jarri dituzte eta norbera den bezalakoaren mezua zabaldu nahi izan dute.

Bigarren kategoriari dagokionez, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei egokitzen zaiena, lehenengo saria Gasteiztik jasotako LIBRES Y VALIENTES-LIBREAK ETA AUSARTAK” lanak jaso du. Lan honen atzetik “12Nubes” dago, El Pilar zonaldeko Udaleko kale heziketa programaren testuinguruan sortutako gazteen taldea. Epaimahaiak adierazi duenez, lan honek elementu asko batzen ditu bere baitan: belaunaldien arteko lana eta ahizpatasuna islatzea, mugimendu feministaren ibilbidearen aitorpena, mutilei indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko interpelazio zuzena egitea, besteak beste.

 

Aurten, kategoria honetan bi aipamen berezi ematea erabaki du epaimahaiak eta Donostiatik aurkeztutako HAREA lana eta Aguraineko “DAMA BAT IZAN ZAITEZizeneko ikus-entzunezkoa izan dira irabazleak. Lehenengoari dagokionez, adin honetako gazteen errealitatea oso ondo islatzen duela eta mutilen pribilegioen kontzientzia izatearen garrantzia ere islatzen dela azpimarratu du epaimahaiak. Aurtengo sari-banaketaren herritik aurkeztutako lanak, bere aldetik, oso mezua garbia, zuzena eta urratzailea jasotzen duela nabarmendu da. Beldur Barik jarrera argi erakusten duen lana da.

 

Hirugarren eta azken kategorian, 19 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta, UPV/EHU-ko Ikus-entzunezkoen Fakultateko ermutarren taldearen “MICROMACH CLEAN” lanak jaso du lehenengo saria. Beldur Barik jarrera umorez lantzea izan da lan honen berezitasun nagusia, izan ere, eguneroko egoerak identifikatzen dituzte eta horien aurreko erantzunak erakusten dituzte era dibertigarrian. Gainera, indarkeria matxistaren erroetara doa.

 

Kasu honetan aipamen berezia Erandiotik bidalitako “TENEMOS DERECHO A VIVIR UNA VIDA LIBRE DE VIOLENCIAS lanak jaso du. Lan ezberdina eta artistikoa izateagatik saritu da: argazkiek oso modu indartsuan islatzen dute indarkeria matxistaren adierazpen/aurpegi ezberdinak.

Epaimahaiak aukeratutako azken saria, ikus-entzunezko lanik onenari, EHUn ikasten duen Zumaiako talde baten “POKER DE REINAS lanak irabazi du. Epaimahaiak  lan honen irudiaren gidoia eta grabaketaren kalitate bikaina eta, indarkeria matxistaren oinarriak ikusarazteko, pokerrean oinarritutako errege-erreginaren metaforaren erabilpena nabarmendu ditu.

Azkenik, aurtengo edizioan bi sari gehiago egon dira: urrian zehar ospatutako sinopsi lehiaketaren saria eta partehartzearen saria.

Lehenengoaren irabazlea “LA DECISIÓN DE LUCIA lana izan da, honen argudioa oso ondo islatzeagatik testu labur batean eta lana prozesu baten parte izan dela erakusten duelako.  Egileak Bilboko Peñascal elkarteko Zurgintza formakuntzako ikasleak izan dira.

 

Azaroaren 13 eta 14aren artean Beldur Barik-eko webgunean bozka gehien jaso duen lanari eman zaio: Erandiotik bidalitakoNAZKATUTA NAGO!” lana, 1.954 bozka jasota

 

Bi artista gazte eta feminista

 

Sari emate ekitaldian bi artista gaztek parte hartu dute, programarekin urtean zehar inplikatuta egon direnak. Uxue Bereziartua-“Berexi” ilustratzailea, batetik: Beldur Barik 2021 irudien egilea da eta “Errebelazioa” lanarekin iazko ikus-entzunezko onenaren saria jaso zuen hernaniarrak.

Eta bestetik, Iratxe Aguilera (Kai-Nakai), aurtengo edizioko kantaren egilea (“Nahikoa dela!”) eta iazko lehiaketan 3. kategoriako aipamen bereziaren irabazlea, “Gure Misioa” lanarekin. Abeslari gasteiztarraren kontzertua ospatu da sari banaketan eta ekitaldia aurtengo abestiarekin itxi egin da, emakume gazteak indarkeria matxistaren aurreko planto mezua adierazten du kanta honek.

 

Beldur Barik  gazteentzako erreferentzia programa da

Aurten aurkeztutako lanen kopuruak iazkoa bikoiztu du: 400 lan baino gehiago egon dira, horietako gehienak taldean eginak. Horrek adierazten du Beldur Barik Lehiaketa erreferente finkatua dela gazteen artean eta, batez ere, hezkuntza zentroetan ikasleekin indarkeria matxista lantzeko erabiltzen den tresna.

Aurkeztutako lanetan ikusten denez, gazteek aurten ere gai berdinak azpimarratzen dituzte: rol eta estereotipo sexisten haustura, indarkeria matxista bikotean, kaleko jazarpena, eskubide berdintasunaren aldarrikapena eta emakumeen ahalduntzea, batik bat. Honek erakusten digu hauek oraindik ere gainditu gabeko egoerak direla eta gazteek hala identifikatzen eta salatzen dutela.

Beldur Barik babesten duten erakunde guztiek gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko garrantzia azpimarratu dute. Baita gazteriak erasoak identifikatzeko gero eta baliabide gehiago izatea eskura ere. Beldur Barik bezalako programak, gazteriak indarkeria sexisten adierazpen anitzak identifikatzeko gaitasuna garatzen duten baliabideak eskura izatea laguntzen du.

Aldi berean, hausnarketa-prozesuak bultzatzen dituzte mutilekin, egoera horietan duten protagonismoa edo erantzukizuna identifikatzeko. Horrela, jarrera matxistak indartzen dituen korporatibismo maskulinoari aurre egitera animatzen dira, indarkeria erabiltzen duenari interpelazioa egiteko beharra identifikatuz eta konplizitaterik eza erakutsiz.   

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak