Eusko Jaurlaritzak sare sozialen eta teknologia berrien erabilerari buruzko gida batzuk prestatu ditu familientzat, adin-tarteen arabera

2021-11-26
  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak EAEko haur eta nerabeek teknologia digitalen inguruan egiten duten erabilerari buruz EH Bilduk egin dion interpelazioari erantzun dio

Vitoria-Gasteiz, 2021/11/26

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur azaldu du Eusko Jaurlaritza familientzako gida batzuk prestatzen ari dela, sare sozialen arrisku aldakorrei aurre egiteko. “Adin-tarteen arabera ari gara lanean; jaiotzetik edo lehen haurtzarotik nerabezarora”, esan du. Sailburuak hala erantzun dio Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk EAEko haur eta nerabeek teknologia digitalen inguruan egiten duten erabilerari buruz egin dion interpelazioari.

Artolazabalek erantzunean azaldu duenez, adinaren araberako gida berri horiek 2022aren hasieran argitaratuko dira, eta, haietan, umeen eta teknologia berrien arteko lehen harremanak babesteko aholkuak jasoko dira. Lan-ildoen artean, honako hauek daude, besteak beste: adingabeen adina kontuan hartuta eman eta erabili daitezkeen sare sozialak eta aplikazioak aztertzea; teknologia berriak erabiltzeko segurtasun-urratsak ezagutzea, eta familia-erabilerarako tresnak ezagutzea.

“Ekimen horiek Familiei Laguntza ematzeko IV. Planaren laugarren ardatzean sartzen dira; planaren xedea da haur eta nerabeen ongizatea sustatzea. Era berean, Haur eta Nerabeen Eskubideen EAEko etorkizuneko Legean, informaziorako eskubidea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko eskubidea jasoko ditugu”, esan du sailburuak.

Artolazabalek azaldu du gida horiek aukera ematen dutela “teknologia digitalak modu seguruan eta arduratsuan erabili ahal izateko garapen etikoa eta morala bermatzeko ikaskuntzak geureganatzeko”. Era berean, honako hau gogorarazi du: “urteak daramatzagu adingabeek teknologien erabilera segurua egin dezaten sustatzen”. 2015ean eta 2016an, esan duenez, lehen bi gida pedagogikoak argitaratu ziren, “gure seme-alaben hezkuntzaren gaineko gaikuntza, prestakuntza eta informazioa jasotzeko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak